Zer berri Blogetan?

Blogetan jardunaldian azpimarratu ziren 3 kontu: azken boladan euskarazko blogen loraldia bizi da; blogariek gai zehatzak aukeratzen dituzte euren atarietan, espezializatutako blogak dira; ez dira monetizatzen, ez diote errentagarritasun ekonomikorik ateratzen euren lanari. Horri, gainera, sareko eduki eta erabilera arautzen duten legeen eta betebeharren ez ezagutza gehitu beharko genioke.

Iturria: Argia: https://www.argia.eus/albistea/etzipm-iparraldeko-neska-game-erauntsia-eta-iparra-aurtengo-blogetan-lehiaketako-irabazleak

Puntu horiek guztiak izan zituzten hizpide Blogetan saioan, hizlari eta mahai-ingurukoetako parte-hartzaileek.

Baina sormen horri guztiari (kalitatezko edukia, interesgarria eta landua dena) etekina ateratzeko zer egin behar da? Jardunaldiaren lehenengo hizlari Antonio Ortiz saiatu zen azaltzen zer eta nola lantzen duten eurek edukia ahalik eta gehien hedatzeko estrategia. Sarean ari diren espezializatutako 30 komunikabideren argitalpenaz arduratzen dira WeblogsSL enpresan. Ortizek azpimarratu zuenez, irakurle-audientzia antzematea garrantzitsua bada ere, eta horretarako edukiak egokitzea audientziaren kontsumo ohituretara, edukiak segitzen du izaten arrakastaren %80: kalitatezko edukia.

Horrekin bat etorri ziren Blogetan jardunaldian parte hartu zuten solaskide guztiak. Baina, ados egonda ere, Blog on Brands webeko arduradun eta blogari ezagun Haritz Rodriguez-ek jarri zuen puntua: kalitatea bai, baina gaur egun kalitate-irizpideak aldatu egin dira; hortaz, zertaz ari gara kalitatezko edukiez ari garenean? Kalitatezkoa al da MujeresHombreyViceversa moduko saio baten jarraitzaileak bilatzen duena? Kalitatea al da azken orduko gertaera baten lekuko izanda gure mugikorrekin grabatutako bideoa?

Estrategia aipatu zuen Arkaitz Sukuntzak: eduki-sortzaileak markatzen duen estrategia legoke batetik, eta eduki-bilatzaileak asebetetzen duen hori, bestetik. Kontsumitzailea bilatzen ari dena ematen dion horrek beteko du harentzat kalitatea.

Duda sortzen zait niri, kontsumitzen den orok ez baitu betetzen kalitate parametroekin, parametro klasikoetan bederen. Horretan bat nator Haritz Rodriguezekin.

Hortxe bada blogarien, eta oro har sarean edukia sortzen eta erakusten duten egile guztien erronka. Jada ez da nahiko edukia zaintzea. Edukia erakusteko modua ere audientzia erakartzeko ezinbesteko baldintza bihurtu da (diseinu erakargarria eta gure euskarrietara ondo egokitzen dena) eta kantitateak ere berebiziko garrantzia hartu du: klik kopuruak horrenbesteko garrantzia hartu duen sasoi honetan, “kalitatezkoa” kategoria neurtzeko balioei gehitu zaizkie #ikustaldiak, #datsegit, #birtxiokatze eta antzekoak. Edukia sare sozialen bidez hedatzeko ohiturak kalitatea beste parametro batzuetan birpentsatzera garamatza. Eta horretan azpimarra Gorka Juliok (Talaios Kooperatiba) jarri zuen esanez, sare sozialetan “edukia kautibo” dugula. Hedapenerako baliagarriak badira ere, edukia gure blogetan sortzeari eman behar diogu lehentasuna adierazi zuen.

Komunitatea sortzea

Edukien desznetralizazioaz aritu ziren Estitxu Garai-k gidatutako mahai-inguruan Dabid Martinez (Bai&By Fundazioa), Urtzi Odriozola (Codesyntax), Arkaitz Sukuntza (TaPuntu) eta Eli Garcia (MU). Irakurleak eduki-biltzailea aukeratzen duela esan zuen Eli Garciak, teknologiak ahalbidetzen digunez gure gustuko edukien erakusleiho pertsonalizatua sortzen, jatorrizko atarira geroz eta gutxiago jotzen dugula. Horren kontura, euskarazko edukien leku bateratu bat izan beharko ote genukeen galdetu zuen Estitxu Garaik. Plataforma edo erakusleiho bakarrak onurarik izango lukeen ez zuten batere argi solaskideek. Urtzi Odriozolak, esaterako, marka propioa aintzat hartzekoa dela adierazi zuen, norberaren logoa, irudia, izena edo dena delakoa.

Orain baino lehen aritu izan da blog-komunitateez Luistxo Fernandez: komunikabideek sortutako blog-komunitateen balioaz. 2014an argitaratuko post batean azpimarratu zuen: “Komunitatearekin bat egin behar badu hedabide batek, konberjentzia tekniko eta editorial ausartagoetan pentsatzeko gomendatuko nieke hedabide euskaldun horien arduradunei”.

Blog-komunitate sendoa izanda ere, blogak nola monetizatu, ordea, erantzun argirik gabe geratu zen atzo ere.

Kategoria: Euskararen patria, Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Zer berri Blogetan?-ri

  1. Pingback: Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu? | Ikasle eta irakasle

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude