Kristo txizatan

Immersion-Piss-Christ-by--007

Fundamentalista kristau talde bat mailuekin armaturik sartu zen atzo Avignon hiriko (Frantzia) erakusketa areto batean. Andres Serrano New Yorkeko artistaren artelanak zituzten helburu, batez ere Piss Christ izenburua duen argazkia. Plastikozko gurutziltzatu bat bere txizatan sartu zuen artistak 1987. urtean eta erretratua egin zion. Erlijioen gehiegikerien inguruko adierazpena egin nahi izan zuen. 

 Mirarietan sinesten dut erakusketan zegoen artelana, zubiarengatik ezaguna den hirian (on y danse, on y danse…). Argazkiaren kristala hautsi zuten fundamentalistek, eta Serranoren beste lan baten aurka jo zuten: moja bat meditatzen agertzen duen argazkia.

Lehen ere erasoak jaso ditu Serranoren lanak, Astralian, esaterako. Neonazi talde batek haren erakusketa bat suntsitu zuen Suedian, 2007. urtean.

Pozik egongo da artista. Izan ere, eraso bakoitzak indartu baino ez du egiten artelanaren aura, eta, zer esanik ez, salneurria.

“Joan Vollmer ez zen inoiz biktima rolean jarri”


Duela lau mezu Joan Vollmerri buruz idatzi nuen. Vollmer emaztea hil zuen William Burroughs idazleak tiroz, Mexikon, 1951. urtean, jolas batean. Elkarrizketa egin diot Folka, countrya, jazza eta bluesa nahasten dituen
Jolie Holland musikari estatubatuarrari (Houston, 1975). Tom Waits du
zaleen artean, eta haren zigiluan grabatzen ditu diskoak. Azkena The living and the Dead
da eta erreferentzia zuzenak egiten dizkio Burroughs eta Joan Vollmerri. Azken honekiko lotura berezia somatzen zaio Hollandi.


Irailaren 11n jaio zinen. Zer edo zer esan nahi du horrek zuretzat?

Esan nahi du 26 urte bete nituenean urteurren ikaragarria izan
nuela. Orain, gainera, New Yorken bizi naiz, eta oso berezia izaten da
urtebetetzea. Jende askoren bizitza aldatu zen, mundu osoan.

Beti izan duzu lotura handia AEBetako beat
belaunaldiarekin. Zerk lotzen zaitu, Allen Ginsbergekin, Jack
Kerouacekin eta, batez ere, William Burroughsekin?

Amets bitxia izan nuen behin: Joan Burroughs nintzela. Hamar
urte geroago, Tom Waitsek eskatu zidan Joan antzezteko Burroughsekin
egin zuen musikalean. Abesti bat idatzi nuen haren inguruan.

Harekin identifikatzen zara?

Ez dakit. Haiek ameriketako kulturaren adierazpena dira, eta
halako pertsonaiak oraindik badabiltza inguruan. Kultura hori bizirik
dago, eta jende hori nire lagunak dira. Nire lagunetako askok ez dakite
ezer beat haien inguruan, baina kultura hura bizi dute. Beat haiek izarrak ziren, azken finean, baina jende asko dago gaur kultura eta artea sortzen, inoiz izarrak izango ez direnak.

Joan Vollmer biktima izan zen?

Biktima izan zen, hitzez hitz, baina denok gara zer edo zeren
biktima, eta ez dut uste hura berez biktima rolean jarri zenik. Oso
pertsonaia interesgarria zen. Hark aurkeztu zituen Burroughs eta
Ginsberg. Pentsalari garrantzitsua zen bere komunitatean.



Joan Vollmer, 1944. urte aldera, Allen Ginsbergen argazkia.


Zure musika denboraz haragoko kutsua dutela esan dute askok. Nondik ateratzen da kutsu hori?

Konplimendutzat hartzen dut hori, musika on guztiak duelako
denboraz haragoko kutsu hori. Gitarra jotzaile bat ikusi nuen atzo
gauean [herenegun], eta ikaragarria zen. Jotzeko eran, eternitate
kutsua zerion.

Esan zenion?

Negarra ateratzen zidala esan nion [barre]. New Yorkera etortzeko esan nion eta han kontzertu on batzuk lortuko genizkiokeela.

Kantak zeuri gertaturiko gauzetatik ateratzen dituzu beti. Agian horretan datza sekretua?

Inspiratzen nauen idazkera haiku klasikoarekin lotuta dagoela
esan dezaket. Halako idazkera kultura guztietan dago, baina arreta
guztia egia zuzen bat esatera bideratzen du zen haiku zaharrak. Escondida diskoko bertso bat dago, halako modu garbian idatzi nuena:


The smell of burnt exhaust
Drifts into the bar
It’s midnight in California
It’s high noon where you are


[Ihes hodi erreen usaina / tabernan sartzen da / gauerdia da
Kalifornian / Eguerdia zu zaren lekuan].

Une bateko esperientzia baten
deskripzioa da, eta konturatu naiz kazetariek diskoko beste edozein
bertso baino gehiagotan aipatu dutela. Horrek frogatzen du, halako
bideek benetako eragina dutela jendearengan.

Azkenean ez zenuen Joan Vollmerrena egin Tom Waitsek eta Burroghsen musikalean. Zer gertatu zen?

Bira bat hitzartuta nuen ordurako eta ezin izan nuen egin.
Azkenean Mary Margaret O’Harak egin zuen niri eskainitako rola, eta
zoragarria izan zen.

Damu duzu Vollmer antzeztu ez izana?

Ez. Espero dut aukera berriz izatea.

Lengoaia birusa da


William Burroughs idazlearen infernu partikularra tximinoz beterik dago. Tximinoek bektore lana egiten dute, lengoaiaren gaitza zabaltzeko. Izan ere, idazlearentzat, lengoaia birusa da. Burroughsen tximinoak lotuta daude Georges Bataille filosofoa estasi mistikoan sartu zuten haiekin. Hona Burroughsen simiotika.

Hieronymous Bosch
margolariaren koadroak bezalakoak dira Burroughsen narrazioak. Irudi handia gertaera ikaragarri piloaz osaturiko mosaikoa da, izuaren fraktalak dira. Eta, esan bezala, idazlearen infernuok tximinoz beterik daude.

Esaterako: Ameriketako Estatu Batuetako senatariak ipurdi moreko mandril batekin larrua jotzera behartzen ditu Roosevelt presidenteak. The yage letters liburuko Roosevelt after inauguration satira apokaliptikoan gertarazten du hori Burroughsek.

Leif Zorigaitz pertsonaiaz idazten du Naked Lunch nobelan: Gizonari gertaturiko izugarrikeriak pilatzen ditu idazleak, zein baino zein ikaragarriagoa. Kairon gaixotzen da Zorigaitz :

  • Zirujau greziar batek tximino bizi bat sartu zion barruan, akats bat medio, eta josi egin zuen.

Pasarte kixmigarri oso kontatzen du aurrerago, kristoren jaiotzaren parodia gisa:

  • Liz izeneko batek esaten zuen sortzez garbia zela eta 200 gramoko tximino armiarma batez erditu zen, zilborretik…

Burroughs arma erakustaldia egiten bere etxean

Eta halere, tximino horiek guztiak idazlearen testuen oihanean galdurik agertzen dira. Izan ere, lanok beste piztiaz beterik daude: ehunzangoak, katuak, lemurrak, sugeak, mota guztietako zomorroak… Bakoitzak du bere eginkizuna, Burroughsen bestiarioan eta tximuak esanguratsu bihurtzen dira lengoaiaren birusaren bektore gisa erretratatzen dituenean. Horretan, soilik Batailleren argitan uler daitezkeen pasarteak daude, Burroughsek berak ere agian ulertzen ez zituen gauzak: Badakit beste planeta bateko agentea naizela, baina ez dut uste jasotzen ditudan mezuak ongi dekodetzen ari direla, esan zion behin Allen Ginsbergi.

Uzki berritsua

Ahoa eta uzkiaren arteko dialektika da Burroughsek eta Bataillek partekatzen duten gaietako bat. Bere uzkiari hitz egiten irakatsi zion gizonaz idatzi zuen Naked Lunch-en.

  • Kontatu al dizut inoiz bere uzkiari hitz egiten irakatsi zion gizonarena? Sabel osoa mugitzen zuen gora eta behera, ulertzen? hitzak puzkartu egiten zituen. Ez nuen inoiz halakorik entzun.

Burroughsek idazten duenez, denborarekin uzkia bere kabuz hitz egiten hasi zen. Ondoren, hortz modukoak garatu zituen eta eskubideak aldarrikatzen hasi zen etengabe. Jabeak isilarazten saiatzen zen, alferrik:

  • Azkenean zeu isilduko zara, ez ni. Izan ere, ez dugu zure beharrik dagoeneko: hitz egin dezaket eta jan eta kaka egin.

Uzki berritsua Burroughsi diktatzen, David Cronenbergen Naked Lunch filman (1991)

Bataillerentzat gizakiak Eguzkirantz zutitzeko duen joerak haren indarra ahora bideratu ditu, hau da, mintzamenera. Tximinoetan, ordea, indar hori atzeko zulorantz desbideratu da, analtasunera, Horren erakusgarri argienak lirateke zimino mota askok ipurdian dituzten azal multzo puztuak, Bataille liluratu zutenak.

ischiosis4jpg

Uzki berritsuaren jabea eta biktima, eboluzio horren kontrako bidea jarraitu zuen. Ahoa itxi egin zitzaion, azkenean, eta burmuina hil. Burua ere berez eroriko zitzaiola dio Burroughsek, ez balitz begiengatik. Uzki berritsuak begiak behar zituen, ikusi nahi bazuen. Azkenean, gizatasunik galdu zuen begiradak, itzali egin ziren begiak eta karramarro baten begiak bezain hotz bihurtu ziren.

Logos hiltzailea

The Job liburuan, lengoaia nola sortu zen azaltzen du Burroughsek, bere zientziaren parodia tipiko horietako batean. Naked Lunch-eko Benway doktorearen moduko beste pertsonaia sortzen du Burroughsek:

Tximinoek ezin dute hitz egin euren eztarrietako barne egiturarengatik, azaltzen duenez. Von Steinplatzen teoriaren arabera, birus batek eragindako gaitzak eraldatu egin zuen egitura hori. Heriotza eta sexua nahasten dituen eszena tipiko ikaragarri horietako bat irudikatzen du Burroughsek: Birusak sexu eromena eragiten du tximino emeetan zein arretan. Heriotzaren espasmoetan, arrek emeak estaltzen dituzte. Horrela pasa zen genetikoki mintzoari bidea ireki zion eztarriko deformazioa “Edengo Lorategian”.


Siamango giboi bat,
eztarriko maskuria puztuta


Siamang por kerex

Entzun kantua:

Nabarmendu beharrekoa iruditzen zait hemen, Burroughsek ideia horretaz 1968an idatzi zuela, hau da, hiesa gaitza ezaguna egin baino lehen. GIB birusa tximinoetan sortu eta haietatik gizakietara kutsatu zela uste dute orain zientzialariek.

Burroughsen arabera, birusaren (lengoaiaren) eginkizuna anbiguoa da. Hasieran hitzaren birusak sinbiosia lortu zuen gizakiarekin, baina mutazioek eraginda, arriskutsu bilakatu da gaur. Bataillek Acéphale elkartearekin bezala, logosaren kontrako borroka egiteko beharra ikusten du. Arrazoimenaren oinarrituriko gizartea eta haren kontrol mekanismoak, hitza eta irudia, suntsitzera deitzen du.

Aristotelen eta Descartesen ideien gainean eraikitako Mendebaldeko zibilizazioaren kontra jotzea ezinbestekoa dela dio:

  • Badira formula batzuk, hitz giltzarrapoak, zibilizazio oso bat mila urtez giltzape ditzaketenak. Horietako beste bat da Aristotelen nortasunezko “izan”. Hau aulki bat “da”. Bada, edozein gauza dela, ez da aulki bat, ez da aulki hitza, ez da aulki etiketa. 

Alfred Korzybski filosofoaren ikasle izan zen Burroughs, haren Semantika Orokorra ikasi zuen eta oso nabarmena da haren ideien eragina bere lanean. Mendebaldeko hizkuntzak gero eta abstraktuagoak direla salatu zuen The Job-en:

  • Hitz egiten duzunean demokrazia, komunismo eta faxismo bezalako gauzez ez zara ezertaz hitz egiten ari, hitzok ez baitute erreferente argirik, ez diote erreferentzia egiten inongo errealitate argiri.

 

burroughs_shooting_twin_towers

Burroughs World Trade Centerri tiro egitekotan, 1978an

Posmodernitatea, azken finean, zeinuaren balio denotatiboaren krisia da, Zygmunt Bauman filosofoak dioen moduan (Modernitatea eta anbibalentzia, 1991). Burroughs zein Batailleren gehiegikeriaren literatura, lengoaiaren edo zeinuaren diktaduraren aurkako matxinadak dira. Monoteismoak eta modernitateak munduaren anbiguotasuna ezabatzeko egitasmoak dira; Bataillek eta Burroughsek mundu magikoaren biztanle nahi dituzten euren buruak. Muturreko dekonstrukzioa eskatzen dute biek.

  • Gizakiaren irudi hautsiak aurrera egiten du, minutuz minutu, zelulaz zelula… Txirotasuna, gorrotoa, gerra, poliziaren krimenak, burokrazia, erokeria, horiek guztiak Giza-Birusaren sintomak dira. Orain bakartu eta tratatu egin daiteke Giza-Birusa.                          (Naked Lunch)

Burroughsek lengoaiaren birusaz 1960ko hamarkadan izaniko intuizioa zuzena izan daitekeela erakusten dute gaur abian diren hainbat ikerketa ildok. Eörs Szathmary eboluzio biologoak lengoaiaren amebaren teoria plazaratu zuen 2001ean. Tim Crow psikiatrak eskizofrenia eta lengoaia txanpon beraren bi aurpegiak direla dio, biak ala biak hominido batek duela sei milioi urte izaniko mutazio baten ondorio, agian birus batek eragindakoa.

Lehen hitzak, lizunkeriak

Burroughsek zientzia fikzioaren baliabideekin azaltzen du ideia The place of the dead roads eleberrian.

  • Froga argiak daude esateko laringea sexu organu bat izan zela garai batean… Lehen hitzak ez ziren oihuak izan, kontuz ibiltzeko esateko edota informazioa trukatzeko… Lehen hitzak lizunkeriak izan ziren…

Yemengo goi lautadara bidaiatzen du nobelan Burroughsek bere alter ego Kim, gizakia eta tximinoaren arteko katebegia aurkitzera: izaki horiek sexu harremanak dituzte elkarren eztarrietan hitz egiten, lekukoen arabera.

Krater batean daude tximino antzeko izakiak (kraterra, irudi anala da, Burroughsen lanean, Bataillen bezala). Izakiek maskuriak dituzte sexu organoetan, Bataille liluratzen zuten tximinoen ipurdi maskurren bezalakoak. Animalion kiratsa izugarria da. Heriotzaren usaia da, baina baita lengoaiaren infekzioarena ere. Espedizioko kideek basera itzultzea erabakitzen dute izuturik.

Kutsaduraren eragina sumatzen hasten da luze gabe baseko langileen artean. Gaixotuen ero aurpegiak ez dira gizatiarrak, eztarriak ikaragarri handituta daude eta pustulaz beterik. Sabelhiztunen panpinak bezala dabiltza marmarka.

  • Giza lengoaiaren jatorria ikusi genuen. hitzaren hasiera eta amaiera. Munduko hiriak basoko suak bezala kiskaliko dituen izurriaren hasiera ikusi genuen. Mintzoaren Gaitz beldurgarria, “Panpinak” edo “Marmarra” izenekin ere ezaguna… Horrela esaten diote lehen sintoma sabelhiztunaren panpinaren antzeko hitz egiteko modua delako. Ordu gutxiren buruan, odola gogortu eta usteldu egiten da zainetan. Eztarria handitu egiten da, angurri baten tamaina hartzeraino eta biktima itota hiltzen da. Hasieratik biktimaren ahalmen mentalak kaltetzen dira… giza duintasunaren zentzu oro galtzen du edo beste gizakiekiko errespetua. Berak egin duela jakinda, besteak kutsatzen mendekatzen da.

Babuinoak etengabe agertzen dira Burroughsen lanetan eta Thot Egiptoko jainkoari aldare antzeko bat eraiki zion bere etxean, goiko irudian ikusten denez. Eta halere, ez dago, nik dakidanez, Thoten aipamenik haren lanean, nahiz eta The Western Lands bere azken eleberrian Egiptoko erlijioaz irakurketa partikularra egin. Toth tximino-jainkoak lengoaia asmatu zuen, antzinako Egiptoko erlijioaren arabera.

Thot diktatzen, eskriba idazten

Burroughsek idazkerarekin duen harremana ongi ilustratzen du Thoten figurak. Jainko tximinoa eskribari diktatzen irudikatzen dute. Idazleak berak ere eaten zuen beste norbaitek diktaturikoa idatzi baino ez zuela egiten. Nor da diktatzailea, ordea?

Bataille ez bezala, Burroughs ez da ateoa.

  • Kristauen jainkoa izan bada. Baina bera ez da sortzailea. Beste baten lana lapurtu egin zuen, bere espezie bizkarroiaren irudi eta antzera. Kristauen jainkoa, eta berdin Ala ere, putakume berekoia da, denok gurutzean hil nahi gaituena. Gure energia behar du berezko energiarik ez duelako.        (The place of the dead roads)


Jainkoaren tximinoa
ren ideia agertzen da hor: deabrua imitatzailea da eta mundu faltsuak eraikitzen ditu gizakiak engainatzeko.

Jainkoa, bizkarroia, birusa, espiritu itsusia… hainbat esamolde erabiltzen ditu Burroughsek oinarrizko ideia adierazteko. Idazkeraren eta lengoaiaren izaera anbiguoaren arazoan sartuta dago. Lengoaia gaitza da, baina baita ere idazlearen tresna.

  • Zein beldurrak sartu zintuen denboran? Gorputzean? Kakan? Esango dizuet. Hitza. Hasieran hitza izan zen. Denak izutu zintuen kakan betirako sartu arte.            (The Yage Letters)

Kaka horretatik ateratzeko deia da Burroughsen literatura. Baina nola ihes egin lengoaiatik lengoaiarekin?

Ezaguna da zen budismoak nolako eragina duen Burroughsen lanean. Izan ere, haren literatura osoa koan erraldoia dela esan daiteke, hau da, konponbiderik ez duen asmakizun ezinezkoa. Roland Barthesek Zeinuen inperioa (1970) liburuan definitu zuen bezala, lengoaia gelditzeko praktika handia da zen guztia. Cut-up eta fold-in teknikak lengoaia eta honen bidezko kontrol mekanismoa zirkuitulaburtzeko tresnak dira. Burroughsek lortu nahi du Barthesek aipaturiko lengoaiaren suspentsio panikoa.

Hitzen kakatik eta kalakatik ateratzeko deia egiten digu Burroughsek bere literaturarekin, gizakiaren ahalmen guztiak garatzeko. Espazioaren idazkerarekin. Isiltasunaren idazkerarekin kodea, zeinua, zentzua saboteatu nahi du. Menpekotasunetik ihes egin nahi duen junkiak bezala, bizkarretik kentzeko ziminoa.

Jentilen Akabera

Abesti bat sortu dut Jentilen akabera eta Kixmiren etorrera hitzez eta musikaz kontatzeko. Apokaliptiko-kitsch generoan sartuko nuke emaitza. Hemen duzue:

 

Zergatik ez diezu musika musikariei uzten? esango du baten batek.

Ba, ez didatelako ematen nik entzun nahi dudana.

Bi mila urte pasatxo daramatzat zain, musikari profesionalen batek noiz egingo duen jentilen akaberaren eta Kixmiren etorreraren inguruko abesti bat. Alferrik. Probabilitatearen legearen arabera, azkenean egingo zidaten ditxosozko abestia, beste bi mila urte-edo itxoinez gero. Baina horrenbeste biziko naizela ziurra ez denez, neronek sortzea erabaki dut.


                                    Jentilen akabera
                                         by zimino

Kredituak: Izarne Cardabak jarri du ahotsa.
Eli Laztangurenek teklatuak eta alboka. Erritmoak prefabrikaturiko loopak dira eta
sample batzuk zor dizkiet J. S. Bachi zein tximino oihulariei Siamango giboiei. Hitzak: Jose Miguel de Barandiaran, Diccionario ilustrado de mitologia vasca y algunas de sus fuentes. La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo 1972, 132-133 orrialdeak.

Norbaitek remix bat egin nahi badu, eska ditzala pistak eta eskura jarriko ditut. Abestia bere horretan jaisteko, CD kalitatean edo MP3an: Jentilen akabera.

Akaba dezagun Amy Winehouse!

Amy Winehouse abeslaria lurrean dago, burua lehertuta, odol putzu batean. Tiro bat jaso du bekokiaren erdian. Ustezko hiltzailea gorpuaren aldamenean dago, lasai eserita, arma eskuetan… William Burroughs idazlea da.

Ezin da erreala izan, noski. Eskultura bat baino ez da, Marco Perego artistak egina. New Yorkeko arte galeria batean dute salgai egunotan. The Only Good Rock Star Is A Dead Rock Star izenburua jarri dio artelanari egileak. Bideo honetan azaltzen du zer esan nahi duen eskulturarekin: “Rock izarrak dira egungo gizartearen sakrifizioa”.

Ez zaio arrazoia falta. Ez dut uste gehiegi esatea dela ia planeta osoa dagoela ikuskizunaren zain, Winehouse hilik noiz agertuko den esperoan. Are gehiago, horretara bultzatzen ari gara musikari gaztea.

Sakrifizioa

Aurreko batean kontatu nuen Georges Bataillek ekarri zuela sakrifizioaren gaia lehen planora joan zen mendeko erdialdean.

Jacques Derridak liburu oso bat eskaini zion gaiari: Donner la mort (1999). Abrahamen sakrifizioa jorratzen du filosofo frantziarrak. Isaac, bere seme bakarra, hiltzeko agintzen dio Jainkoak Abrahami. Bai eta honek obeditu ere. Ez du hilketa gauzatzen. Aingeru batek gelditzen dio eskua, labanarekin semeari lepoa moztera doanean. Horrez gain, Herman Melvilleren Bartleby narrazioa aztertzen du. Bere burua hiltzen uzten du protagonistak, apatia hutsez.

  • Nola ez harritu, bada, bi istorio ikaragarri bezain hutsal hauetan emakumearen faltagatik? Aita eta semearen istoria da, gizonezko-irudiena, gizonen arteko hierarkiena (Jainko Aita, Abraham, Isaac […].

Sakrifizioaren lege unibertsalari erantzuten dio horrek, Derridaren arabera, eta galderak egiten ditu filosofoak:

  • Sakrifizioaren erantzukizunaren logika aldatuko litzateke, bigunduko, desbideratuko, emakume batek horretan era erabakigarrian esku hartuko balu? Sakrifizioaren erantzukizunaren sistema hau […] funtsean  emakumearen bazterketa edo sakrifizioa al da?

Galderak airean zintzilik uzten du Derridak. Dena den, berehala argitzen du sakrifizio honek ez duela zerikusirik sakrifizio tragikoarekin edo heroiarekin. Horretan beti aritu da emakumea protagonista.

Bistan da, arrazionaltasun batetik (arrazoia absurdoa bada ere) azal ezin den sakrifizioaz ari da Derrida hor. Kontua ez da sakrifizio horrek ez duela zentzurik, baizik eta zentzua baztertzen duela. Are gehiago: zentzurik ez izateak bihurtzen du sakratu.

Halako sakrifizioa bilatzen zuen Bataillek, eta errealitatean gauzatzeko zorian ibili zen, aurreko batean kontatu nuenez.

Joan Vollmer

Halako sakrifizio batek bihurtu zuen idazle William Burroughs, ordura arte pijo-jonki bat besterik ez zena. 1951. urtean, Joan Vollmer bere emaztea tiroz hil zuen Burroughsek Mexiko Hirian. Askotan bezala mozkortuta zeuden biak, eta askotan bezala, lagunak entretenitzeari ekin zioten Wilhelm Tell jolas batekin. Vollmerrek edalontzi bat jarri zuen burugainean, eta Burroughsek tiro egin zuen, ontzia hautsi eta bere trebezia erakusteko.

“Zerk edo zerk nire eskua mugitu zuen”, esan zuen gero kalkulagailua asmatu zuen gizonaren bilobak.
David Cronenbergek horrela kontatu zuen gertaera, Naked Lunch filmean (1991):

Burroughsek “izpitu itsusi” delako bati egotzi zion gertaturikoaren erantzukizuna eta serio idazteari ekin zion, zulotik ateratzeko. Horren fruitua izan ziren Junkie, Queer eta The Naked Lunch eleberriak. Bistan da, heriotza sakrifiziala gisa ulertzen zuela Burroughsek berak Vollmerrekin gertaturikoa.

  • Beraz, joanen heriotzak harremanetan jarri ninduen inbaditzailearekin, Izpiritu Itsusiarekin, eta bizitza osorako borrokara behartu nau, non idaztea den nire irtenbide bakarra.

Inbaditzailea lengoaia da Burroughsentzat, hortik haren lelo “lengoaia birusa da”. Lengoaiak eta horretatik eratorritako arrazoimenak preso du gizakia. Bizitzaren arerio, birus, inbaditzaile edo Izpiritu Itsusi, horren kontrako borrokari eskaini zion Burroughsek bere lana, Vollmerren sakrifizioak behartuta.

Lengoaiaren aldarean hilak

Burroughsen lana eta Bataillerena lotuta daude beraz, Nietszcheren iturritik edaten dutenen heinean. Biek egin zuten gehiegikeriaren literatura, biek borrokatu ziren lengoaiaren kontra (Burroughsek cut-up teknikaren bidez, Bataille, Derridaren dekonstrukzioaren aitzindari gisa).

Sakrifizio zapuztu bat eta “istripu” bat, Thot lengoaiaren tximu-jainkoaren aldarean. Bi emakumeon gorpuen argazkiak ditugu. Ez ditut hemen jartzen morbo hutsarengatik. Posmodernitatearen benetako cadavre exquis bezala baizik.

peignothilda

 Colette Peignot hilda, 1938



 Joan Vollmer, Mexiko Hiriko morgean, 1951

Derridak azterturiko sakrifizio adibideetan ez bezala emakumeak dira hor protagonista. Protagonista diot, ez biktima. Paradigma aldaketa baten erakusgarri dira? Irakurketa feministarik egin daiteke? Ez dakit.

Amyren bihotz sakratua

Marco Perego artistak argi ikusi du egungo rock eszenak hartu duela sakrifizio paganoen eta sakrifizio kristauaren lekua gure gizartean: Elvis hil eta piztu egin zen, Jimi Hendrix, Ian Curtis, Kurt Cobain… Eta emakume bat: Janis Joplin.

Espektakuluaren mundu-moloch gose da. Oi Amy, zure gorpu hotz eskisitoa ikusi nahi dugu, aluminio paperean bilduta. Estigmak ikusi nahi ditugu zure besoetan. Zure talentua ez da gizatiarra. Ireki zure bularra, barruan zer duzun erakusteko.

Tximino burugabea

Tximino bat bizirik lurperatuta, sakrifizio errituala egiten du gizaki talde batek orgia sadiko batean, basoaren erdian. Georges Bataille filosofoaren kontakizuna da Giboiaren Sakrifizioa. Baina, badira arrazoiak pentsatzeko fikzioa errealitate bihurtu zuela Bataillek 1936 urtearen inguruan. Antza denez, gizaki bat sakrifikatzeko zorian egon zen pentsalaria.

Giboiaren Sakrifizioa entzun

Uste al duzu Bataillek Giboiaren Sakrifizioa testuan kontatzen duena benetan gertatu zela? galdetu diot Michel Onfray filosofo frantziarrari. C’est assez probable, erantzun dit. Markos Zapiainek esan didanez, Onfrayk joan zen neguan kontatu zien bere ikasleei Bataillek eta bere taldeak biktima bat aurkitu zutela, bere burua sakrifikatzeko
gertu zegoen emakume idazle bat. Baso batean hiltzea erabaki zuten, baina azkenik ez zutela egin; eta emakume idazlearen ordez, tximino bat sakrifikatu omen zutela.

Bataille erotuta zegoen, ala deabrua tentatzen ari zen?, galdetzen dio bere buruari Michel Surya idazleak, Batailleren biografian. Batailleren Acéphale aldizkaria eta elkarte sekretua ezagutu behar dira epaitzeko.

Sakratuaren bila


1936ko apirilaren 29a. Idealismoaren aurkako bere gerran beste urrats bat eman zuen Bataillek. La conjuration sacreé testua amaitu zuen, Acéphale aldizkari berriaren lehen testu handia. Nietzsche faxisten eskuetatik erreskatatzea du helburu. Utopistek engainatzen gaituzte, ez dago gizakiak aldatzerik, ez komunismoaren bidez, ezta surrealismoaren bidez ere. Munduak ez du konponbiderik eta aitzakiarik gabe baietz esan behar diogu, Nietzscheren zentzuan, baita alderdirik ilunenetan ere; batez ere alderik ilunenetan.

  • Bada garaia zibilizatuen eta haien argiaren mundua abandonatzeko. Beranduegi da arrazoidun eta ilustratuak garen plantak egiteko –horrek gatza eta piperrik gabeko bizitza dakarrelako. Sekretuan ala ez, bestelakoak bihurtu behar gara, edo izateari utzi.

Hona Bataillek dioena (norbaitek gaur idatziko balu, “postmodernoa” dela esango genuke). Munduaren eta gizakiaren alde ilunenak, lohienak, esploratu nahi ditu Bataillek, trasgresioaren bidez. Bururik gabeko munstro gisa irudikatzen du gizakia.

  • Naizenaren harago, barregura sortzen didan izaki bat topatzen dut, xalotasunez eta krimenez eginikoa delako: burdinazko arma bat du bere ezkerreko eskuan eta bihotz sakratuaren itxurako su-garrak eskuinean. Erupzio berean biltzen ditu jaiotza eta heriotza. Ez da gizona. Ezta jainko bat ere. Ez da ni, baina ni baino gehiago da: haren sabela dedalo bat da eta han galdu da bera ere. Eta han galtzen naiz ni, nire burua bera bihurtuta aurkitzeko, hau da, munstro.

Acéphale 2

Batailleren azefaloak kaskezur bat dauka sexu organuen lekuan. Erotismoa eta heriotzaren arteko lotura zen filosofoaren obsesioetako bat. Nola ez ohartu bihotz sakratuaz. Lehen ere gai kuttunenetako bat da Kixmi blogean (ikusi Pornografia Sakratua eta baita hau ere).

Acéphale aldizkarian parte izan ziren Pierre Klossowski, Roger Callois, Jules Monnerot eta Jean Wahl, besteak beste. André Masson margolariak marraztu zuen bururik gabeko munstroa. Eta haiekin batera, emakume bakarra, antza: Colette Peignot idazle eta pertsonaia interesgarria (eta ustezko biktima boluntarioa).

Elkarte sekretua, elkarte sakratua

Suryak ongi nabarmentzen du: Acéphale aldizkaria osorik ezagutzen dugu, baina Acéphale elkartearen inguruko sekretua ez dugu, antza, inoiz urratuko. Izan ere, elkarte sekretua zen eta oso ondo gorde zuten sekretua Bataillek eta lagunak. Elkartearen errituen inguruan dakigun apurra, Bataillek berak Jacques Lacan eta beste adiskidei kontaturikoa da.Badakigu, esaterako, kideek uko egin behar ziotela bostekoa emateari antisemitei. Esanguratsua da hori, garaiko Frantzian eskuina osoa juduen aurkakoa zelako eta ezker gehiena ere, gorrotoaren militantea ez bazen ere.acéphale3Bigarren erritu ezaguna: Louis XVI. Frantziakoa erregearen gillotinatzea ospatzen zuten Parisen, urtarrilaren 21etan. Izan ere, Alemanian eta Italian estatuburu faxista jainko gisa gurtzen zuten bitartean, ordurako burubakarreko gizarterik ez zela posible adierazi nahi zuten azefaloaren bidez.

  • Buruaren printzipioa mundua batasunera murriztea da, mundua Jainkora murriztea. […] Burua, agintari konzienteak edo Jainkoak, bere burua helburutzat hartzen duen morroia da eta, ondorioz, ezin biziago gorroto behar da.

Naziek teosofiaren gainean eraikitako neopaganismo idealistaren aurrean, Dioniso jainkoa eta “formagabekoa, deabrutiarra, sexuala, extasigarria, khthonikoa, Amaren gurtza” kontrajartzen ditu Bataillek, eta nabarmendu egiten du faxismoak zeinen biziki gorroto dituen lurrazpiko jainkoekin zerikusirik duen oro.

Faxismoak heriotza ukatzen du; zentzu bat ematen diolako (aberriarengatik, buruzagiarengatik, idealarengatik hiltzea). Bataillek, ordea, heriotza bere zentzugabetasunean onartu nahi du, giza-komunitate bat sortu nahi du, erlijio bat, zentzurik gabeko sakrifizio baten gainean.

  • Buruzagia hiltzea betebehar tragikoa da. Giza aferen itxura aldatuko duen egia hasten da hemen: elkarbizitzari balio obsesiboa ematen dion osagai emozionala heriotza da.

Bataille ezker-eskuko bidea-ren jarraitzaile gisa ikus daiteke, azken finean. Indiako Tantra tradizio esoterikotik dator kontzeptua: iluminazioa lortzea alkoholarekin mozkortuz, sexuaren bidez eta sakrifizioaren eskutik, horra ezker-eskuko bidea. Hori zen Aleister Crowley “satanista” ingelesak garai beretsuan jarraituriko bidea, Helena Blavatsky teosofo protonaziak bidea inmoraltzat gaitzesten zuen bitartean.
acéphale3

Biktima badugu, borrerorik ez

Roger Calloisek baino ez zuen apur bat argitu sakrifizio egitasmoarekin gertatutakoa: Biktima boluntario bat topatu zuten. Bataillek borrero izateko eskatu zion Calloiseri berari, baina honek ezetz esan omen zion.

Iradoki dute Colette Peignot zela boluntarioa. Suryak dio ezerk ez duela justifikatzen hori esatea eta Bataillek gehiegi maite zuela bere maîtress-a horrela hiltzeko. Nire ustez, ordea, litekeena da Peignot izatea biktima. Hasteko, potlatch sakrifizio zeremoniaren logikaren barruan sartzen da gehien maite dena sakrifikatzea (horrek ematen dio balioa sakrifizioari, hain zuzen ere). Horrez gain, Peignot hilzorian zen ordurako, (1938ko azaroan hil zuen tuberkulosiak) eta ez nintzateke harrituko nahi izan balu, ohean hil beharrean, sakratutasun ateoaren tenplua bihurturiko basoan amaitzea.

IMG_4905 copy
Colette Peignot, Saint-Nom-la-Bretêcheko basoan.

Beraz, zer egin zuten azefalistek Paristik gertuko Saint-Nom-la-Bretêche herriko baso hartan? Kixmino bat hil zuten, pertsona baten ordez, Bataillek hamar bat urte lehenago irudikatu bezala?

Saint-Nom-la-Bretêcheko basoa.

Hogei urte geroago, erlijio ateo bat sortzeko egitasmoa “akats ikaragarria” izan zela esan zuen Bataillek. Bazuen, nire ustez, damua agertzeko aski arrazoi. Izan ere, Bataille zen taldearen burua eta askoz koherenteago izango zen bera izan balitz sakrifizioaren biktima. Agian, jentilen buruak Kixmiren kondairan bezala esan beharko zien bere kideei: “bota nazazue amildegi horretatik behera“.

N’est-ce pas, Colette?