Granada Errekatik Iturriotzera. Behin nahikoa!

Pagoeta eguna zenez Pagoetaren inguruan mugitu behar. Eta horixe egin genuen, Pagoeta inguratu.

Bagenekien egundoko aldapatzarra zegoela, baina Imamol ez da kokiltzen denetakoa eta nik aspalditik neukan ibilbide hori egiteko gogoa. Profila hauxe da:

granada errekarako profila

Erdibideko zuloa da gainditu beharreko koxka… Etumetatik granada errekarako jaitsiera beldurgarria da, karreterako bizikletarekin ez nintzen ausartu bizikleta gainean egiten. Zati bat oinez egin nuen, ez bainintzen bizikletaren frenoetaz (galgaz) gehiegi fidatzen. Bidea hormigoizkoa da eta ez dago egoera oso onean, hala ere Imamolek ederki egin zuen beherako bide osoa bere BTT zaharrean.

Jaitsieraren ondoren ura eran eta barratxo bat jan eta goranzkoari heldu genion. A zer aldapa!! Nire bizikletaren hirugarren platoa eta pinoi handia horrelako bideetarako prestatuta zeudela uste nuen, baina bai zera, burugogorkeriaz igo nuen aldapa. Beste burugogorrak nire atzetik egin zuen igoera, izan ere bere bizikleta bai, hori aldapak igotzeko prestatuta dago. Ez ordea abiadura neurtzen dion ordularia: 0 markatzen omen zion, nahiz eta jo eta ke eragin pedalei (4 km/h abiaduraren azpitik 0 markatzen du). Hiru kilometro inguruko igoera da, eta batezbesteko malda 14% ingurukoa dela uste dut. Hauetako batean gipuzkoa.net-eko baliabideekin aztertuko dut eta jarriko dut blogean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | 2 iruzkin

Aiako pareta

Oriotik Aiara, Santio eta andatzako auzoetatik barrena doan bidearen bukaeran, Aiatik kilometro eta gutxira, ezkerraldera baserri bide bat bada, eta Euskal Herriko Birako ziklistek bide hori igo behar izan zuten 2008.ean. Telebistaz irudi ikusgarriak bota zituzten, eta geuk ere frogatu behar genuela erabaki genuen garai hartan. Bai eta frogatu ere! Bost ginen bizikleta bueltan, baina hiru bakarrik sartu ginen aldapan, Imamol, Thony eta hirurok. Hasiera ez da zaila, baina aldapak ez du etenik. Gero eta gogorrago eta malkarragoa da, eta okerrena bukaera dauka, azken 60 metroak ikaragarriak dira.
Sasoi onena Imamolek zeukan eta aurretik zihoan, baina hanka lurrean jarri zuen azken metroetan. Thoni eta biok hori ikustean psikologikoki lur jota geratu ginen, eta pixkat saiatu arren, Imamolek etsi zuen puntua baino lehen etsi egin genuen. Aldapak 1300 metro inguru edukiko ditu eta 190 metro igotzen ditu, alegia batezbesteko malda 14.6%. Baina hasiera lasaiagoa dela kontuan hartuz, bukaerakoa zein den ez jakitea hobe…
Profila honakoa da:
aiako-pareta

Horrelako aldapa ez dago gure etxetik urrun, kokapena mapan ikus daiteke:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Egun beltza

Alabarekin bueltaxka ematea zen asmoa, baina azken momentuan ez zuela joan nahi esan zidan, baina banekien Imamol eta Xalegi ere ordu berean geratu zirela, beraz, haiei deitu eta zai egoteko eskatu nien, 10 minutuan haiekin izango nintzela. Jantzi eta bizikleta hartzerakoan kurpila zulatuta zeukala ikusi nuen, lehenengo kaguendiosa bota eta bizikleta zaharra hartzea erabaki nuen. Kurpilak puztu (aspaldian erabili gabe baitzegoen) eta lagunengana joan nintzen. Zumaia aldera jo genuen, baina Getaria pasa bezain pronto atzeko kurpila zulatu zitzaidan, ez nuen ezer zapaldu, baina batzutan gertatzen da… Altoa egin, eta kamara aldatu nion. Aurrera jarraitu genuen, eta Iraetako bidegurutzean Matxinbentara joatea erabaki genuen, Xoxote eguneko bazkaria egiteko erreserba konfirmatzera. Azpeitiko sarreran berriz ere kurpila zulatu nuen, hirugarren mekaguendiosa! Lagunei aurrera joateko esan nien, nahiko denbora galdu zutela nigatik eta neu moldatuko nitzela. Beraz bakarrik geratu nintzen eta zulatuak konpontzeari ekin nion. Kamera atera nion kurpilari, baina ateratzerakoan balbula izorratu zitzaidan, laugarren mekaguendiosa. Hala ere beste kamera neukan eta haren zuloa estaltzeko partxeak baneuzkan. Zuloa bilatu eta han ikusi nuen inoiz ikusi dudan zulo handiena… Hala ere saiatu nintzen konpontzen, baina alferrik izan zen. Azkenean telefonoz Mariri deitu behar izan nion nirebila etor zedin kotxez. Eskerrak bateria eta saldoa ez zeuden agortuta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Zarauztarra txirrindulari elkartearen uzta

Larunbatean, maiatzaren 9.ean ordulariaren aurka, Usurbilen, taldekako Gipuzkoako txirrindulari gazteen txapelketa ospatu zen. Alebinen kategorian, 10-12 urtekoen artean, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako taldea (zarauztarra txirrindulari elkartea) izan zen talde azkarrena. Aurreko urtean ere beraiek izan ziren nagusi eta aurten ere txapela bereganatu dute. Usurbilgo zirkuituak kilometro pasatxoko luzera dauka, hiru buelta eman behar zituzten, eta irabazleek egindako denborak hauek izan ziren:

Zarauztarrak bigarren hirugarren
1. bira 1’48” 1’51” 1’52”
2. bira 3’36” 3’42” 3’45”
3. bira 5’22” 5’28 5’35”

Ondoren infantilak hasi ziren lanean, hauek 12-14 urtetakoak direnez 5 bira eman behar izan zituzten. Eta honetan ere zarauztarrek egundoko lana egin zuten: hirugarren postua lortuz, Caja Rural eta Irungo txirrindularien atzetik. Portzierto, zarauzko bi taldeak mistoak izan ziren, neskak eta mutilak batera, eta horregatik podiumean Oxel, Asier, Xubi eta Irati ikusi ahal izan genuen. 
Hiru taldeen denborak honakoak izan ziren:

Legazpi Irun Zarautz
1. bira 1’34” 1’34” 1’37”
2. bira 3’08” 3’09” 3’13”
3. bira 4’42” 4’45” 4’49”
4. bira 6’16” 6’23” 6’24”
5. bira 7’48” 7’56” 7’58”

Bertatik bertara ikustea zirraragarria izan zen. Zorionak zarauztarra txirrindulari elkartean lanean diharduten guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

gipuzkoako bira 09

Aurten txirrindulari elkarteek antolatutako saioren batean parte hartzea erabaki genuen, asmoa kebrantarekin batera ospatzen den trepariscos egitea zen, baina apuntatzeko garaian lo egin genuenez, mehe jan behar!
Hala ere, horrez gain beste bira asko egiten dira hain urrutira joan gabe ere, eta horietako bat  Gipuzkoako bira da, bertan parte hartu genuen, eta, gure sasoia kontuan hartuz, luzea ez egitea erabaki genuen, alegia, 69 kilometroko ibilbidea egin behar genuen. Baina, hori laburregia izan zitekeela-eta, Zarauztik Donostiarako bidea bizikletaz egitea erabaki genuen, horrela 100 kilometro inguruko saioa egingo genuen, beheko irudian ikus daiteke egun horretako jarduna:

Goizean goiz jaiki eta 7:30tan surtidorean ginen lasai eta presarik gabe Donostiara joateko asmoz. Liando, Imamol eta hirurok egin genuen zita, baina han geundela Liandoren lagun bat iritsi zen eta laukotea pedalei eragiten hasi ginen. Baina Liando eta bere laguna, ibilbide luzekoak izanik, sasoian daudenetakoak dira eta gure usteak ustel egin zituzten. Ziztu bizian joan ginen, eta ordubetetik beherako denboran egin genuen Belodromorainoko bidea. Bira hasi aurretik berotualdi ederra jaso genuen. 
Ondoren dortsalak jaso eta ibilbidean aurrera jo genuen, hasiera ofizialaren zain egon gabe. Donostiako kaleak lasai igaro ahal izan genituen, jendetzarik gabe, eta infernuko parean iritsi zen gugana lehenengo pelotoi ofiziala (Imamolek esan bezala, pelotoi hiltzaileak). Ikaragarrizko abiaduran pasa gintuzten! jendea pitza-pitza eginda dago. Guk gure martxako pelotoia nahiago genuen eta pasatzen utzi genien. Guk heltzeko moduko pelotoiak ere iritsi ziren, baina haiekin ere ez gindoazen gustura… jende gehiegi, arrazoi jakinik gabeko mantsotze eta azkartzeak eta erorikoak. Denetik gertatzen zen hainbeste jenderen artean, eta azkenean gure martxan eta lasaitasunean joatea erabaki genuen.

Ezin esan gehiegi gustatu zitzaidanik horrelako pelotoietan joatea. Baina Zizurkilgo jaki eta edariak ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Ordurako hiru ordu generamatzan (75 km) bizikleta gainean, eta gorputzak azukrea eskatzen zidan. Palmera goxoak, mahats-pasak, platanoak, edari freskoak… denetik edan eta jan nuen, eta denak behar nituen. Azken 25 kilometroak besterik ez ziren falta eta janak emandako indarren laguntzaz egin ahal izan genituen.

Egun horretako profila ere hementxe ikus daiteke, ez da beste munduko ezer baina aldapa guztiak batuta mila metrotik gorako desnibela dauka.

ziklotur09

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Nafarroan alabarekin

Alabarekin batera Nafarroan bizikleta buelta eman nuen Neguko asteburu batean. Alabak aldapa gutxi nahi zuela eta Sesmara joatea proposatu zidan, baina han ere aldapa bazela jakin arren, Sesmarako bidea hartu genuen. Ez dago aldapa gehiegi, baina irudian ikus daitekeen bezala ez da ibilbide laua ere.

allo-sesma-allo profila

Ibilbideak ez dauka inolako galerarik, Allo eta Sesma arteko bidean joan etorria besterik ez baita, baina, 12 (ia 13) urteko alabarentzat nahikoa da 30 kilometroko buelta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Hotza gainditzen lagundu zidan profila

Biescasetik Anayeterako ibilbidearen profila jartzea ahaztu zitzaidan aurrekoan, ohitura falta nabari da, eta oraingoan profila jartzera nator.

Horra flickr-en jarritako profila, beti ere bikely zerbitzua erabiliz ateratako profila…

biescas-formigal(anayet)

Lehenengo aldapa gogorra Bubaleko urtegi aurrekoa da, han lautadatxo bat nabari da, urtegiaren ondoan egin beharreko kilometroak dira. Hotza lehenengoz hortxe sentitu nuen.

Lanuzako urtegia txikiagoa da, horregatik ez da hain nabarmena lautadatxoa profilean. 17. kilometroan dago gutxi gora behera. 21. kilometroan Formigal dago, hor ere atsedenalditxo txiki bat nabari da, baina ondoren berriz aldapa gora, gero pixkat behera eta azken igoera! gogorrenetakoa bera da (Bubal urtegiaren aurrekoarekin batera), baina bukaera dela jakiteak asko laguntzen du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Piriniotan hotzaren gainetik

Eskiatzeko plana egin genuen, baina nire hankak ez eskiatzeko esan zidan, izan ere, belaunean ere mina neukan eta, min berria izanik, ez nintzen ausartu. Beraz, bizikleta eraman nuen Biescas-era. Hara iritsi eta herria elurtuta zegoela ikusi genuen, ez herria bakarrik, inguru guztiak elurtuta zeuden. Hurrengo egunean Mari eta umeak eskiatzera joango ziren, eta nik Formigaleko anayet aparkalekurako bidea bizikletaz egingo nuen:

Giroa aparta egin zigun, lainotua baina ateri. Aitzaki bakarra zeukan: hotza.

Barruko kamiseta, neguko maillota,  gainetik kamiseta eta haizearengandik babesteko zira. Eskuetan behatzak (eskuetakoak noski!) guztiz estaltzen dituzten eskularruak eta bukatzeko kulote luzea.

Jantzi horrekin guztiarekin aldapan gora hotzik ez nuen pasatzen, baina aldaparik gabeko lekuetan, kaguendios!, hori zen hori hotza. Bubaleko urtegira iritsitakoan, lehenengo aldapa gogorraren bukaeran, gorputzetik lurruna zeridan, ez arnasarena,  izerdia bera lurruntzen zitzaidan. Kontua da justu puntu horretan urtegiaren ondoraino jaitsi behar dela, eta gero urtegiaren parean hainbat kilometro egin behar direla… Nahiago nuen aldapa gogorren bat igo behera joan baino. Gainera, urtegiko zati handi bat izotzak estalita zeukan, eta horrek ere hotza adierazten zidan, hotz psikologikoa. Eskerrak urtegiaren ondoren berriz ere gora egin behar den. Gainera, Escarrillako tunela igarotzean, kotxeen hurbiltasunak sortzen duen tentsioak hotza ahazten lagundu zidan. Gero berriz gora, eta azken atsedenaldia Lanuzako urtegian… Berriz ere zati laua eta hotza. Urtegia zeharo izoztuta zegoen, ez nuen sekula ikusi urtegirik izoztuta, Bubalekoaren zati bat izoztuta ikusteak harritu egin baninduen, zer esanik ez Lanuzkoak. Azkenean Formigalera iritsi nintzen, eta han Anayeteko aparkalekura beste bost kilometro falta zirela ohartu nintzen, Urdanetara igotzea bezalako zerbait izango zela pentsatu nuen, baina ez, hori baino gutxiago kostatu zitzaidan. Gainera zatitxo bat behera ere badauka, eta ordurako hotzetara ohituta nengoen. Aparkalekura iristean tren txu-txuko gidariak bozina txoropito samar batekin zoriondu ninduen, eta, saioa bukatzeko,  autokarabanan aspaldian hartu dudan dutxa berorik ederrena hartu nuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Lastur, gertu egon arren urrun.

Bizirik gaudela!  Aspaldian idatzi ez badut ere ez da bizikleta albo batera lagata daukagulako, ez horixe. Eguraldiak lagundu egiten digunez, igandero hara eta hona pedalei eraginez jarduten dugu. Eta bide berriak ezagutzeko aukerak ere izan ditugu. Oraingo honetan Lasturrerako bidea azalduko dut, baina ez Itziarko gainetik, ez. Bide hau Deba eta Elgoibar arteko sasiola auzoan hartu behar da eta handik Lasturrera doa:

Ibilbidea ez da lau-laua, sasiolako horretan badago aldapatxo politta, baina tira gure edaderako ezer gaindi ezinik ez… Profila irudi honetan ikus daiteke:

zarautz deba lastur itziar zarautz

Aspalditik nekien Lasturretik Deba eta Elgoibar artera zihoan bidea bazela, gainera Lasturdik aurrera doan errekak irteerarik ere ez zeukala entzuna neukan, eta urak lur azpitik bidea egiten zuela… Eta azkenean inguru horiek neronek ikusi ahal izan ditut. Ederra parajea, batere kotxerik gabe, lasaitasuna paregabea, eta konpainia ezin hobea (seiko pelotoia!). Jardunak putada bakarra izan zuen: Zarautza iritsi baino 200 metro lehenago, mollako parean Antonio erori eta min hartu zuela. Baina tira, mutil gogorra da eta ez zuen ezer handirik izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , | Iruzkin 1

Zarauztik matxinbentara

tagzaniapaste
Zarautz-Matxinbenta map

Aurten ere egin dugu gure egutegiko bideriik mitikoena: 1400 metro igotzea eskatzen duen ibilbidea!

56 kilometro gora eta behera

Berriz ere bost bildu ginen, Imamol bajan baitzegoen (annimo Imamol, hurrengo urtean berriz ere heu santagedako errege!).
Eta nabaritu da: Santa Agedako gainean esprinik ez zen egon…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina