Bizikleta? Zer da hori?

Aurten ez naiz ari bizikletaz behar adina ibiltzen. Autobusera joateko eta herrian mugitzeko bai, baina kirol moduan oso gutxi ari naiz. Hala ere, aurten ere egin dugu Matxinbentarainoko joana:

Estatistikak hauek: 52.6km, Bizikleta gainean 2:50:15, Igotakoak 2,364m, ibilbidean pasatako denbora 4:50:45

Hori dio behintzat mugikorrean instalatuta daukadan aplikazioak (strava). Hala ere, igotakoak 1200 m inguru izango direla kalkulatu behar da, ez 2300. Denborak bai, horiek onak dira. Bizikleta gainean 2:50 baina ibilbidean 4:50: zulatua, bidean egindako hamaiketakoa eta ura erateko egindako geldialdietan ez dugu presarik izaten, ez horixe!.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Erantzun

Ziztazale berriz ere

Berreskuratu dut, azkenean, ziztazale blogaren kontrola!
euskalerria.org posta zerbitzua bertan behera laga zutenean ziztazaleren jakinarazpenak jasotzeari laga nion, bestalde, makina aldaketa bat medio, blogeko  pasahitza galdu nuen eta bloga ezin kudeatu geratu nintzen, baina, Goienako Joni esker baimenak lortu ditut.

Mila esker Jon.

Kategoriak Sailkatugabeak | Erantzun

Aiaren inguruan bueltaka

Berriako langileen artekoa izan behar zuen bueltaxka honek, baina gu ere apuntatu egin ginen eta egun ederra pasa genuen, bai horixe!

Aiako hiru handiak egin behar omen genituen, horietako bi Oriotik Aiara doazen bi bide ziren, errazena lehendik ere egina neukan, tartekoa ere ezaguna nuen, eta hirugarrena, gogorrena, euskal herriko birakoek egindako aldapatxoa zen, alegia, Aiara ipar ekialdetik iristen den aldapatzarra. Aldapa horretan ere sartu izan naiz, baina blogean ez dut inoiz komentatu (agian oina lurrean jarri behar izan nuelako izango da,…). Dena den, gogorrena ez egitea erabaki genuen, ondorioz Aiatik Orioraino jaitsi ginen eta handik tarteko gogortasuna zeukan bidea egin genuen. Tarteko gogortasuna izanagatik benetan gogorra dela esan behar da. Hori igo ondoren Asteasura joatea nahiago nuela komentatu nuen. Uste dut sekula ez direla ahaztuko nire lagun maiteak hori esan izanaz: entzun behar izan nituenak! Beldurti hutsa naiz, ados, baina hala ere proposatu nuen bidea gozagarriagoa dela iruditzen zait, hau da, Andazarratera joan, handik Asteasura jaitsi, Alkizara igo eta Aiara itzuli bazkaltzera. A ze plana.

Horra ibilbidea: profila ikusi nahi baduzu hemen klik egin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , | Erantzuna 1

Aurten ere bete dugu Xoxote egunekoa

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Erantzun

Metotrexatorik ez!

Aurreko astean Belzunegirengana (nire erreumatologoarengana) joan nintzen, eta ziztada berrien inguruan berriketan jardun genuen.
Ziztadek sortzen didaten gorritua eta hazkura hasieran normalak direla esan zidan, eta ez zen batere kezkatu aurreko batean blogean bertan komentatu nuen eraginaz. Gainera erabilerarekin gutxitu egiten omen dira (handituak eta hazkura gutxitzen hasi zirela antzemanda nengoen), beraz, berri pozgarriak izan ziren.

  Horrez gain beste berri on bat ere badaukat: udaraz geroztik metotrexatorik ez nuela hartu esan nion, izan ere, oporretan kanpoan nintzela, bukatu egin zitzaizkidan pastillak eta anbulatorioan ere errezeta automatikoak egiteko epea pasa egin zitzaidan… ondorioz errezetarik gabe nengoen eta medikuarengana joan bitartean ez erostea erabaki nuen. Bronka pittin bat espero nuen, berari esan gabe erabaki horiek hartzea ez baitzaio gustatzen, baina, ez zidan halako errietarik egin. Berak ere inoiz proposatu izan dit metotrexatorik ez hartzea, baina azkenean segurura joan da beti, eta badaezpada hartzeko esan izan dit. Oraingoan ez! Oraingoan hartu gabe jarraitzeko esan dit, udaraz geroztik hartu gabe egon ondoren, gaitzak txarrera egin ez duenez, horrela jarraitzekotan geratu gara. Ea zer gertatzen den…

  Eta hau ez da izan azken berri ona, hirugarren bat ere badago: Embrelek ez omen du Remicaderen moduan gibela jipoitzen, eta ondorioz, berarengana bisitan joaten naizen bakoitzean egiten nuen odol analisia ere ez omen da behar, bitik bat egitearekin nahikoa omen da, alegia urtean behin egin eta kitto. Yupi! zainetan ziztada bat gutxiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Erantzun

Entrenamentuak hasi dira

Aurreko batean hirukotea juntatu ginen Asteasura joan etorria egiteko, eta hasieran Aiara igo behar izan genuen, bidean baitago. Kontua da denbora hartu nuela, izan ere hirutako batek oso mantso joan nahi zuen eta besteak are eta mantsoago! Baldintza horietan alabarekin egindako igoeraren antzeko abiadura jarri genuen nik eta mantso joan nahi zuenak, eta hirugarrenak, mantsoago joan nahi zuenak, berea egin zuen, alegia, gu baino mantsoago joan. Bikoteak 43 minutu eta erdi behar izan genituen, lotsagarria, eta hirugarrenak 48 minutu eta erdi; sineskaitza.
Berriz ere hurrengo urtean norbait haserretu egingo dela iruditzen zait… Baina okerrena ez da hori, okerrena da ni ere kutsatu egin naizela abiadura horretaz: gaur lanera bizikletaz joan naiz, eta uste dut errekorra egin dudala, hau da, 59 minutu pasa ditut joaterakoan, eta 55 bueltakoan, normalean baino 5 minutu gehiago ibilbide bakoitzean! Hori bai, disfrutatu egin dut. Trafiko oso gutxi dabil Zarautz eta Usurbil bitartean eta horrek bidea edertu egiten du. Tarte horretan, 17 kilometro zoragarri horietan, 60 kotxek eta 15 kamioik aurreratu naute, besterik ez!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Erantzun

Aiako igoeraren ondorioak

Aurtengo igoerak ondoriorik izan du, izan ere norbait haserretu egin da (http://chevismo.com/h/59835) eta hurrengo urterako zarauztarrek gehiago entrenatuko dutela esan dute. Sinistu egin behar ordea! Aurretik ere majina bat aitzakia entzun izan dugu eta hurrengoan ere antzera izango dela ziur nago.

Parte hartzaileen argazkia beheko hau da
aia2011
Ikus dezakezuenez hiru gaztek hartu dute parte; Maddi, Jone eta Eñaut aritu dira gazte izan zirenekin batera. Hurrengo urtean gazte gehiago apuntatuko direla iruditzen zait… Horiek egin beharko dituzte beste batzuek egiten ez dituzten denborak, bestela jai daukagu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Erantzun

Aiako Igoera 2011

Taula berritua hauxe da:

izena 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004
Aldo 23:33 24:46 —– —– —– —– —– —–
Juan Martin 27:40 27:35 26:56 —– 26:54 25:32 27:44 29:40
Pipi 26:56 27:54 —– —– 27:57 23:47 —– —–
Xabier 32:35 31:38 30:45 —– 37:47 —– 33:45 28:15
Mikel 34:43 32:54 30:33 29:42 35:56 32:22 33:45 31:28
Maritxu 41:35 39:40 —– —– 38:18 38:49 39:11 42:35
MaddiM 44:33 46:52 —– —– —– —– —– —–
Eñaut 44:33 —– —– —– —– —– —– —–
Iñaki 44:33 —– 39:02 27:40 44:00 40:56 39:11 39:50
Liando 44:33 47:05 —– —– —– —– —– —–
Ines 44:50 41:41 42:52 36:43 41:47 38:56 —– —–
Jone 47:07 46:52 —– —– —– —– —– —–
Mari 47:07 46:58 40:07 42:17 43:07 39:08 35:52 39:50
joseba 47:07 47:05 31:39 42:17 35:02 39:08 32:25 30:33
Idoia 47:07 —– —– 40:44 44:00 40:56 —– 39:50
Imamol —– 27:49 26:56 —– 27:20 25:20 29:14 25:28
Thony —– 27:49 28:21 27:05 29:10 25:28 26:36 25:28
Alberto —– —– 26:56 26:58 —– —– —– —–
Xavi —– —– 34:34 —– —– —– —– —–
Leire —– —– 39:02 42:17 —– —– —– —–
Koko —– —– 39:14 —– —– —– —– 46:40
Boero —– —– 42:52 50:00 —– 39:08 55:?? —–
Xalegi —– —– —– 31:52 44:00 —– 55:?? —–
Xubi —– —– —– 40:00 39:44 47:23 39:11 38:45
Nerea —– —– —– 50:00 —– 47:23 —– —–
Xabin —– —– —– —– 41:42 43:49 55:?? 50:23
Aran —– —– —– —– 1:09:47 53:18 —– 50:36
Ainhoa —– —– —– —– 1:09:50 53:18 —– —–
Ibon —– —– —– —– —– 44:22 55:?? 38:45
Itziar —– —– —– —– —– —– —– 43:13

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Erantzun

Remicade eta Embrel: droga aldaketa

Aurreko sarreran aipatu nuen artritisaren aurkako tratamendua aldatu zidatela, baina horren arrazoiak ez nituen aipatu. Sarrera honetan horren berri emango dut, azken finean artritisari buruzko kontu guztiak jasotzea baita blogaren helburu nagusietako bat.

Lehen, 8 astean behin ziztada bat sartzen zidaten zainetan barrena remicade (infliximab) sartzeko. Tratamendu horrekin 8 urte pasa egin ditut: 2003ko apirilaren 13an sartu zidaten lehenengoa eta azkena 2011ko apirilaren 7an sartu nuen.

Hala ere azken dosiek ez zidaten 8 asteko atsedenik eman, ez horixe! azken aurrekoaren efektua 5. astean bukatu zen, eta ondorengo dosia bitarteko hiru asteak infernuaren parekoak izan ziren: mina, ibili ezina eta min gehiago. Horren ondorengo dosiak are eta gutxiago iraun zidan, hiru aste besterik ez! gainera, ez zidan behar adinako efekturik egin, eta ondorioz hurrengo dosia bitarteko bost asteak mekaguendioska pasa behar nituen…

Egoera horren aurrean Belzunegi Jaunarekin (nire druida maitearekin) hitz egin nuen eta tratamenduak efektua egiteari laga ziola esan nion. Berak aurretik komentatu izan zidan hori gerta zitekeela, beraz, ez zen gehiegi larritu, beste aukera batzuek ere badaudela esan zidan eta horietako bat emango zidatela.

Aldaketaren prozesua luzea izan zen, luzeegia! 5 astean zain egon behar izan nuen, alegia, ekainaren 2an eman behar zidaten remicaderen hurrengo dosia eta Embrelen lehenengoa ekainaren 3ean eman zidaten. Ondorioz 5 aste oso osorik pasa nituen artritisaren kontra borrokan inolako droga miragarririk gabe. Antiinflamatorioak hartuz, egun guztia kolokatuta pasa, baina hala ere minez, ikaragarrizko minez.

Eskerrak ospitaleko bezeroen arreta telefonora deitu nuen! prozesua azkartu ote zitekeen galdetu edo eskatu nuen bertan, eta horri esker, farmaziako arduradunak esan zidanez, aldaketa prozesua normala baino azkarrago joan omen zen.

Nik ez nekien zein izango zen droga berria, eta farmazian esan zidaten Embrel izango zela, azalean astero ziztada bidez neuk sartu beharreko droga. Autoziztada. Zeinek eta nik. Orratza ikusi orduko izerditan hasten den horrek! Dagoenekoz 9 dosi hartu ditut, eta egia esan izerditzeari ez diot laga, baina autoziztatzeko gai naiz, eta ez da gutxi.

Orain beste arazo bat daukat, dosia sartzen dudan lekuaren ingurua gorritu egiten zait; sabelean gorridura eta azkura agertzen zaizkit, izterrean sartuz gero gorridura, handitua eta azkura.

Gaur bertan joan naiz farmaziako arduradunarengana berak ikus dezan, eta erreumatologoarengana eraman nau, hark ere ikus zezan. Kontua da, droga aldatzea proposatu didatela… Erreumatologoa ez zen Belzunegi (nire druida), beste bat zen eta etxean dauzkadan hiru ziztadak sartzekotan geratu naiz, baina umera izeneko drogara pasatzeko aukera komentatu dugu. Ikusiko dugu ea zer erabakitzen dugun.

izterra gorrituta embrel ziztatu ondoren
Handituaren argazkia da hau

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Erantzun

Gai naiz!!!!

Sinestezina.
Neure buruari ziztada jartzeko gai izan naiz.
Artritisaren kontrako tratamendua aldatu didate, eta orain, zainetatik barrena sartu beharrean, azalaren azpian indizio baten bidez sartu behar dut tratamendu berria. Eta neuk sartu behar dut indizioa. Eta egin dut!

Duela ordu erdi sartu dut ziztada eta hemendik aurrera astero egin beharreko zerbait izango da.
Aurreko astean ospitalean bertan sartu zidaten lehen dosia, eta droga berriarekin gainbehera etetea lortu nuen, dena hobetzen hasi da eta oraingo dosi berriarekin are eta hobea izango omen da nire egoera. Beste sarrera batean kontatuko dut infliximab edo remicade drogarekin gertatutakoa. Oraingo honetan nire azaña dokumentatzearekin nahikoa izango da.

Data garrantzitsua: 2011ko ekainaren 11. Alkate berriak izendatzeko eguna. Egun handia!

Izerdia botatzeari laga diot…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Erantzuna 1