Urtetan Sebastianetan

Laburra (1300m) baina gogorra (120 m): 9.2%

Laburra (1300m) baina gogorra (120 m): 9.2%

Urteko bigarren saioa egin genuen urtarrilaren 22.ean. Hiru besterik ez ginen bildu baina saio polita egin genuen. zakila-buelta egin ondoren Urtetara igo ginen. Bidean zehar lasai ibili ginen, gutako bat mendiko bizikletaz azaldu baitzen. Zakila bueltaren bukaera aldera, Meaga igotzen ari ginela, urtetako festetaz jardun genuen, eta bertara igotzea okurritu zitzaigun. Urtetarako bidea laburra da, baina gora egiten du. Sebastianen omenezko festak ospatzen dituzte bertan, Donostian eta Azpeitian bezalaxe, eta aitzaki polita zen aspaldian bisitatu ez genuen auzora joateko. Frontoian dagoen elkartean salda eta txorizo egosia hartu genituen hotzari aurre egiteko, baina atsedenaldiaren ondoren herrira jeistean giroaren freskura ederki antzeman genuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Neguko jardun gehiago

Zarautz eta Orio artean dagoen talaimendi.

Zarautz eta Orio artean dagoen talaimendi.

Urtea hasi zen, eta urtarrilaren 15ean tenporadari hasiera eman genion. Lehendabiziko saioan lau bildu ginen, boskarrena ere etortzekoa zen, baina haizea aitzakitzat jarri eta etxean geratu zen. Hala ere ez zen baleko aitzakia, ez baitzebilen halako haize beldurgarririk, ez horixe! Aspaldian gehiegi ibili ez bagara ere Igeldora joatea erabaki genuen, Lehen ere komentatu izan dut ibilbidea eta beti bezain polita izaten jarraitzen du bertarainoko igoerak. Gainera Ibonek bizikletaz inoiz ez omen zuen igo aldapa hori eta bukaeran gustora zegoen. Dena den, bueltako bidean ez ginen talaimenditik barrena etorri, N-634 bidetik itzuli baikinen Oriotik Zarautza. Perfil oso polita dauka Talaimendik, irudian ikus daitekeen bezala, ea hurrengo batean bertatik egiten dugun itzulia…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Boskarren ziztada bihar.

Bihar, Azpeitiko eta donostiko egun handiaren bezpera da, eta eguna ondo pasatzeko aitzakiarik ez dut edukiko: boskarren ziztada bihar bertan sartuko batidate. Propoliarekin jarraitzen dut, bazkaritan ahaztu egiten zait gehienetan (kanpoan bazkaltzearen ondorioak), baina goizetan eta gauetan txintxo-txintxo hartzen dut. Eta orkatila nahiko ondo iritsi da zortzigarren astera. Eskumuturra minduta daukat, baina, orokorrean, egoera onargarria dela esan behar dut. Azal lehor guneak badauzkat, baina zauririk gabe daude, beraz, ezin kejatu. SanTomasen bueltan min jasangaitza eduki nuen gau batez, baina hori ere pasa zen (propoliak eragindako hobekuntzagatik dela sinistu nahi dut). Ea hurrengo 8 asteak horrela edo hobeto bukatzen ditudan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Apustu luzeena

Abenduaren 17 edo 18.ean egin beharreko apustua zen. Betiko lekura igo beharra, Aiara, alegia. Baina asteburu horretan batek atzerapena eskatu zuen eta besteak onartu egin zuen. Apustuaren klausuletan apustua ez egiteak dakarren ondorioa gogora arazi behar izan genien biei: hiru astetan jarraian asteroko afaria prestatu beharra! Beraz, astebeteko atzerapena onartu genuen, baina ondorioak zein izan zitezkeen argi lagata. Abenduaren 24.ean hamarretan irteerara azaldu ginen: atzerapena eskatu zuena azaldu zen, apustua gertutik (bizikleta gainetik) ikusi nahi genuen beste lau ere azaldu ginen. Esfuertzo handirik gabe ikusi nahi zuen bat motorrean joan zen, eta beste bi kotxez. Hure zen ikusmina! Baina apustua irabazi behar zuena ez zen iritsi zitara. Bere etxetik irteerara 200 metro baino gehiago ez dira egongo, baina bidean, aurreko kurpilean poltsa bat sartu eta lurrera joan zen. Kaskoari eskerrak eman behar dizkiogula uste dut, baina egunduko zartada hartzetik ez zen libratu. Ea argazkirik lortzen dudan.

Kontua zera da, berriz ere atzeratu egin dutela apustu eguna. Izorrai! Azkenean Zumaira joan-etorria egin eta dutxa bero batekin konformatu behar izan nuen. Batere ikuskizunik gabe. Por tzierto, egundoko hotza egin zuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Durangoko Azokara

Durangoko azoka gainera datorkigu, aurten larehun baino gehiago dira liburu argitaratu berriak. Bizikletaz joanez gero ez dut uste guztiak ekartzeko modurik izango dudanik. Irakurtzea beste kontua da: liburuak erosi egiten baitira, eta ez irakurri!

Beno, eta nola joan behar ote dugu Durangora? Behin baino gehiagotan joan izan gara Zarauztik Durangora bizikletaz. Gainera, bide asko dago bertara joateko, aukera zabala benetan.

img_dic_07_2005_55_43

Behin, Imamol eta biok bizikletaz joaten hasi ginen, baina euriak harrapatu gintuen, eta Azkoititik Bergarara ginoazela, Elosua igotzerakoan, blai eginda bukatu genuen. Ondorioz, Elosua jeisten ikaragarrizko hotza pasa genuen. Bergaran salda beroa hartu, oinetakoetan periodikoa jarri, pixkat lehortu eta Elgetaruntz jo genuen. Ederra aldapa Uberatik aurrerakoa! Kontua zera da, Elgetara iritsitakoan berriz aldapak behera egiten duela, eta Elosua jeisterakoan pasatako hotzak gogoan, telefono mugikorra hartu eta Mariri deitu genion. Fregonetan azaldu zen Elgetara, eta hor bukatu zen gure saioa. Aurten soio hori bukatzeko modurik egingo ote dugu? Imamolekin gauzak zailak daude, agian beste norbaitekin…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Propolia eta psoriasia

Bihar laugarren ziztada hartu behar dut. Bloga idazten hasi nintzenetik kontatzen hasita, jakina. Udaran propolia hartzearena desmadratu egin zitzaidan, eta udazkenean hartu gabe jarraitzea erabaki nuen. Ondorioz, psoriasisak gogor eraso zidan, eta azken ziztada hartu eta lau astetara azala lehortu eta zartatzen hasia zegoen. Konponbidea propolia izan da. Berriz hartzen hasi naiz eta hobetu egin zait egoera, ez dit guztiz ondo laga, baina zauriak gutxienez desagertu egin dira. Ez ordea azal lehor guneak. Denbora geihago beharko du nonbait bere onera etortzeko.

Ziztadak berak ere psoriasisa desagertarazi egiten du, eta espero dezagun ziztada + propolia konbinazioak berriz ere mirariak egingo dituela.

Beno, nire ikerketatxoekin jarraitu egin beharko dut. Oraingoz, ondorio gisa Propolia mundiala dela esan behar dut eta Martxeli erleak ondo zaindu ditzala eskatu beharrean nago. Berriz ikusten dudanean eskerrak eman beharko dizkiot…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Neguko bueltaxkak: Andazarrate

7 km-tan 100m igotzen ditu bideak: 1.4 %

7 km-tan 100m igotzen ditu bideak: 1.4 %

Negua iritsi zaigu, kostata, baina hementxe dago. Horrek bizikletaz egiteko planak murriztu egiten ditu, eta asko jota, igande goizetako bueltaxkara mugatzen du jarduna. Aurreko igandean ere egin genuen saiotxoa, martxa lasaian, kulote luzea jantzita, eta manga luzedun mailotarekin. Nik betiko eskularruak erabili nituen, (be)hatz puntak egerian uzten dituenak, baina nerekin zetorrenak eskua estalita eraman zuen. Hori ikusteak hotza sentiarazi zidan, baina ez zuen halako hotzik egin… Neopreno naturala daukagunok behintzat hori baino gehiago aguantatzen dugu. Hala ere hasieran, berotzen hasteko, aldapa pixkatekin hastea erabaki genuen, eta Orio aldera jo genuen. Meaga aldera joatea ere bururatu zitzaigun, baina Aiatik Andazarratera doan bidean eguzkia edukiko genuela eta haruntza joatea erabaki genuen. Aiarainoko igoera ondo ezagutzen dugu, eta lasai igoz gero oso bide polita da. Trafiko gutxikoa eta udazkeneko kolorez jositakoa (udazkena baita!). Baina onena gero dator, Aiatik aurrera jarraituz, Asteasu aldera jarraituz alegia, bidea asko etzaten da, goranzkoa izateari laga gabe, zazpi kilometroko paseo ederra dago Andazarrate gaineraino. Han, azken bihurgunean ur depositoa dago (orain iturria ere badauka), eta bertako ur freskoa edan ondoren itzulerako bidea hartu genuen. Lehen goranzko joera zeukana beheranzko bihurtu zen, eta gainera, itsasorainoko ikuskizun garbia dauka bideak. Paregabea.
Zarautza iritsitakoan, iƱurritzan salda eder bana hartu eta dutxatu ondoren bermuta hartzeko geratu ginen…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

3. ziztada eta propolirik ez

Hirugarrena ere sartu zidaten irailaren 29.ean. Aurreko aldian baino hobeto bukatu nuen zortziastealdia, baina ezin esan ondo bukatu nuenik: beti bezala herrenka.

Orain lau aste pasa dira, eta ederki nabil, baina propoliaren etena luzatu egin dut eta psoriasisa gustora dabil, ni ez ordea!

Ikusiko dut ea zortziastealdia propolirik gabe egon ala ez… Azalak horrela jarraitzen badu propoliari ekingo diot, bestela hurrengo ziztadararte egongo naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Nor ote da?

Betaurreko beltzen atzean ezkutatuta

Betaurreko beltzen atzean ezkutatuta

Bizikleta jende askoren kirola dela nabarmena da. Giro ona egiten duen aste bukaeratan bideetan barreiatuta, batera eta bestera zenbat bizikleta ibiltzen den ikustea nahikoa da kirol hedatua dela onartzeko. Baina zenbat jende gehiago ibiliko litzateke bide gorriak bageneuzka? Diputazioaren egun hauetako publizitate kanpainan azpiegitura hori ahaztu egin zaiela gogora arazi beharko diegu…

Beno, argazki honetan ageri denak ere kilometro batzuek egin behar izan ditu dagoen tokira iristeko, eta majina bat sufritu behar izan zuen gorako bide horretan. Bere hitzetan: Badakit ez dudala oso itxura ona, eta denbora asko pasa nuela sufrikarioan, baina… hala, igotzeko aldapa bat gutxiago!!
Seguru ez zuela txistu joka igo aldapa, baina agian, aldaparen gogorra ahazteko, bertsoren bat inprobisatu nahian igoko zen, eta badirudi entrenamendu teknika ona dela… Txapela buruan eta ibili munduan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Masokistaren plazerra

bataz beste %12.5.!

bataz beste %12.5.!

Ez nuen nik ikusi baina sinistu egin nion.

Aurreko igandean Zumaia eta Itziar artean dagoen paraje dotore batera, Sakonetara, joan ginen bazkari eta guzti, baina zarauztik gertu dagoenez, bertara joan aurretik, jarduna laburregia izan ez zedin, Aizarnara igo ginen. Sakonetan bazkaltzeko plana Xubik, Imakatzek eta hirurok geneukan (hirurok eta hiruron familiek, noski). Hala ere Imamol bizikleta bueltara apuntatu zen, eta gu sakonetan laga ondoren bera bakarrik zarautza itzultzeko plana zeraman.
Giroa aparta egin zigun, bizikletarako aproposa. Aizarnara ginoazela imamolek aurreko astean Tourmaleta zein erraz eta zein ondo igo zuen kontatu zigun, eta zein buelta polita eman zuen ere esan zigun. Hala ere Kanbotik Donibane-garazirako bidea kotxez jositako bidetik egin zuen, ez Marik eta biok egin genuenetik

Aizarnatik jeitsi eta Arroan itziar aldera jo genuen, baina autopistako zubia baino lehen dagoen desbideraketan ifar aldera jo eta sakonetara doan bidean sartu ginen. Hori da hori aldapa! Behera joateko freno onak behar dira. Laurok jeitsi ginen beheko tabernaraino, baina hiruk familiarekin han zita geneukanez buelta kotxeetan egiteko plana geneukan. Laugarrenak, ordea, aldapa hori igo beharra zeukan etxera bueltatzeko. Entzun beharrekoak entzun eta nahiko hile hartu ondoren han abiatu zen, gizajoa, bere bakardadean aldapan gora. Eta igo egin omen zuen!

Merezi du komentario parea egitea:

  • 800 metroko aldapa izanik 100 metroko aldea dago bidegurutzea eta beheko tabernaren artean: batez beste ehuneko 12.5 metro igotzen ditu bideak.
  • Lehenengo 200 metrotan bideak gutxi egiten du gora, 10 metro inguru, beraz, 600 metrotan 90 metro igo behar dira, eta horrek ehuneko hamabosteko aldapa daukala esan nahi du.

Ez dakit Imamol Aiako igoerako podiuma galtzeko arriskuaren aurrean psikologi-guduan murgilduta ez ote dabilen…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina