Aspaldiko partez artritisaren inguruko sarrera bat doa blogera, ez da seinale ona, baina zer egingo diogu, bada?
Eskiatzera joan ginen otsailaren erdialdera, pare bat egun eskiatzeko intentzioekin. Aretteko eski estazioa aukeratu genuen, autokarabana aparkatzeko leku egokia baitauka pisten oinean bertan, eta elektrizitatea eta komunak ere eskura baitauzka.
Eguraldia mundiala geneukan, eguzkitarako krema ere eman beharreko egun horietakoa izan baitzen, eta han jardun genuen gora eta behera elurrez ondo betetako pistetan. Eskiatzeko bizioa daukatenentzat egun aparta benetan. Baina… hiru edo lau ordutan topera jardun ondoren, ezkerreko hanka geratzeko eskatzen hasi zen, eta ez zen nekearen eragin hutsa, ez eta orkatilaren mugimendu mugatuaren ondorioa ere. Belauna ari zen atseden eske. Aikejoderse!
Erreumatologoarengana joan nintzenean, medikuari berari ere komentatu nion belauna, ezkerrekoa, orkatila txarraren gainekoa, ez zebilela oso fin, eta, nire ustetan, erren egitearen ondorioa izan zitekeela ere esan nion. Plaka pare bat ateratzeko agindu zidan hurrengo bisitarako.
Uste dut eskiatzeko saioak nire beldurrak egiaztatzen dituela, eta belaun horri kasu gehixeago egiten hasi beharko dudala iruditzen zait, izan ere, lanean eserita ari naizenean belaunak bidaltzen dizkidan egonezinak ez zaizkit batere gustatzen; postura egokia aurkitu ezinik ibiltzen naiz…
Eskiatzen jardun ondoren, arratsaldean, atseden hartzea erabaki nuen (dagoenekoz hasi naiz belaunari kasu egiten!) eta Mari eta umeek eskiatzen pare bat ordu gehiago pasa zituzten arren, nik uko egin nion. Eta hurrengo egunean ere ez nuen eskiatu, bizikletaz Arettera jaitsi nintzen, gero 23 kilometroko aldapa gogorra igotzeko asmoz … Beno aldapa 18 kilometrokoa dela esan daiteke, baina hori beste batean kontatuko dut: a zer aldapatzarra!!