Zarauztik Karakatera: gora behera baino gehiago da

bikeliren_profila

Iritsi ginen Karakatera, bai horixe! Laukotea bildu ginen goizeko
bederatziak aldera eta pedalei eragin aurretik komeriak hasi ziren:
SuperThoni egundoko motxilatzarrarekin azaldu zen. Eta jakina, motxila
kotxez joango zen norbaiti pasatzeko asmoa zeukan. Alegia, hamar minutu
inguruko atzerapena eragin zigun bezperan edo bost minutu lehenago ez
laga izanak (Imamolek uste dut azaldu ziola nola egiten den).
Motxilatzarra Mariren fregonetan laga ondoren han abiatu ginen Xubi,
Soni, Imamol eta laurok.

Hasieran Zumaiatik joatea erabaki genuen, eta beraz, lehenengo aldapa
Oikiakoa izan zen. Iraetaruntz behera hasi bezain pronto itxafero batek
leher egin zuen, eta denok ea norberaren kurpila izan zen begiratzen
hasi ginen… Soniren kurpila izan zen, eta han hasi zen aldaketa
operazioa. Askatzen asmatu zuen, kamara ere atera zion, eta ordezko
kamara puztutzen hasi zenean arazoak hasi ziren: ezin omen zuen puztu
eta puztutzekoa aldatu zuen, baina harekin ere ezin puztu. Berearekin
frogatzeko esan genion, baina berak ez omen zeukan. Aikejoderse! beste
hirurekin frogatu zuen baina alferrik. Orduan kamarari begiratua bota
eta egundoko zulo eta parrata mordoa zeuzkala ikusi zuen: hori 
komentario zaparrada jaso behar izan zuena! usteldutako kamara,
puztutzekorik ez, zulatuak konpontzeko partxe eta disolbenterik ere
ez… Hala ere entzundako guztiak ondo merezitakoak izan ziren…
Azkenean Xubiren kamara jarri eta aurrera jarraitu genuen. Baina… 20
metro egin baino lehen berriz zulatu zuen. Bigarren zulatu honen
arrazoia bereala esan zigun. Frenoaren takoa goregi kokatuta zegoen,
eta llanta ikutu beharrean kubierta zanpatzen zuen. Hala, berriz ere
kamara aldatzera, nirea eman nion, baina berak kamara berria jarri
bitartean aurreko bi zuloak konpondu genituen… badaezpada! Gainera
allen giltza baten laguntzaz frenoaren takoa bere tokian kokatu genion
(asmatu nork ez zeukan allen giltzarik!). Ordurako 10:30ak ziren.
Goizean goiz geratu eta horretarako? ordu eta erdira artean 16
kilometro ez genituen egin.

Honen ondoren Soni tiraka hasi zen, galdutako denbora berreskuratu
nahian-edo. eta Azkoitiraino denok izerdi patsetan iritsi ginen.
Azkoitian lehenengo aldapatxoa igotzen hasi behar genuen, eta
irteerako iturrian ura hartu ondoren, nire sasoia kontuan hartuta,
igoerarako lasaitasuna eskatu nuen. Bide zaharretik igo genuen
Azkarate: zoragarria. Perretxikoak ere ikusi genituen, baina artean
bidea luzea geneukanez ez genituen bildu. Hasiera nahiko lasaia dauka,
baina bukaeran, hasieran igo ez direnak denak batera igo behar dira.
Handik Elgoibarrera jeitsi ginen, eta igoerataz zoragarria dela esan
badut zer esan dezaket jeitsieraz? Xubik ezagutzen zuen, eta berak
gidatu zuen jeitsiera. Jeitsierari buruz zerbait esatearren mundiala, zoragarria,
zirraragarria, ederra, eta polita dela esango dut. Nik abiadura nahi
nuen, eta bide berritik jeistea proposatu nuen, baina Xubik zaharra
ederragoa zela esan zuen eta ez zuen arrazoirik falta.

Elgoibarren Xubiren lantokia bixitatu behar omen genuen, eta bertara
joateko herria zeharkatu genuen, kaleetan zehar. Esan beharra daukat ez
nuela Elgoibar ezagutzen, eta ezagutzeko gogoa sartu zait
zeharkaldiaren ondoren… Lantokian txakolina eta nekorak ote zeuzkan
galdetu genion, eta ezetz erantzun arren ez nion sinistu. Azkenean ezin
izan genuen jakin ea txakolinik ba ote zeukan… izan ere
industrialdera sartu bezain pronto giltzak ahaztu zituela esan
baitzigun. Hala ere hurrengo urterako Sonik frigo txiki bat lagako omen
dio txakolin freskoa jar dezan guretzat. Ez dut gogoratzen nork esan
zuen nekorak egosteaz arduratuko zela. Azkenean gure barrita
enerjetiko, mandarina eta kakauesak jatearekin konformatu behar izan
genuen. Beste asmakizun bat: nork ez zeukan jatekorik?

Elgoibartik plaentxira. Bidea txarra, trafiko handikoa, eskerrak
laburra den. Eta Plaentxiko sarreran iturri eder bat, bonba, tanke eta
hiltzeko tramankuluak egiten omen zituzten lonja zahar baten aurrean.
Han bidoiak bete, eta plaentxi zeharkatu ondoren aldaparen hasierara
iritsi ginen. Plaentxi uste baino politagoa iruditu zitzaidan. Munduko
ipurtzuloa omen dena ez zitzaidan hain itsusia iruditu: pare bat plaza
zeharkatu genituen, terrazadun tabernak, jendea kalean, eraikin zahar
eta dotoreak… Beste kokaleku batean balego ederra izatera ere
iritsiko litzateke.

Handik karakatera 8 kilometro besterik ez zitzaizkigun falta, baina a
zer nolako 8 kilometro!  Batazbesteko aldapa %7.91, baina okerrena
ez da hori, hasiera erraza izatea da okerrena. Pixkanaka nekatzen du
aldapak, eta ondoren, lehnengo lau kilometroak igaro ondoren zatirik
gogorrena erakusten du: kilometro osoa %10-eko maldarekin, ondoren
berriz lasaitu egiten da, baina ezin asko lasaitu ehuneko 8tik gorako
maldetan… Eskerrak bidea polita den! Zulotik gainerako bidean
ikuspegiaren aldaketa nabarmen aldatzen da. Behean plaentxi, Eibar eta
horrelakoak ikusten dira, eta goian mendiak, alboko zelaietan
galanperna (macrolepiota procera) mordoa, eta horiek parrilan baratzuri
pixkatekin nekea gainditzen lagunduko zigutela pentsatuz igo nuen
aldapatzarra.Gorako kilometro inguru falta zela, Mari, Nerea eta
Jon-ekin egin genuen topo, haiek oinez eta gu bizikletaz abiadura
berean joan ginen, hortik atera kontuak. karakateko maldaren
xehetasunak profilean ikus daitezke:
karakate-profila

Nahi izanez gero, bikeliren bidez lor daitekeen profila ere ikus dezakezue, baina bertako profila ibilbide osoarena da eta ez da oso zehatza…

Egindako ibilbidea azpiko mapan ikus daiteke:

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude