Heldu da eguna!

Gezurra dirudi baina igaro ditugu 355 egunak. Alfonbra gorriak Kursaal eta Victoria Eugeniako atariak apaintzen ditu, eta hurrengo hilabeteetan zinema aretoetan ikusiko ditugun filmeen kartelek Donostia betetzen dute. 64. Donostia Zinemaldiak, bederatzi egunez, zinema-areto erraldoi bihurtuko du hiria.

img_1379

Sail ofiziala
La Fille de Brest Emmanuelle Bercot zinemagile frantziarraren seigarren filma da. Oraingo honetan Irene Frachonen Mediator 150 mg liburuan oinarritu da Bercot, eta botereen kontrako borroka bat kontatzen du, oztopoen gainetik nola egin aurrera aliatu eta konplizeak topatuz.

la-fille-de-brest-2 la-fille-de-brest-1

Guztiaren protagonista industria farmazeutikoa da, eta benetan gertatutako ikerketa eta borroka baten kontaketa da. Kursaala goraino bete ez den arren, lehen filmak ikusleen onespena lortu du, txalo zaparrada ederra jaso baitu La Fille de Brest-ek, niri baina ez zait larregi gustatu.

Eguneko altxorra aldiz, Alemaniak Oscar sarietara eroango duen Toni Erdmann izan da. Filmeko protagonistak Ines eta Winfried dira.

toni_erdmann
Ines egoitza Bucaresten duen Alemaniako enpresa garrantzitsu batean dabil lanean. Bizimodu erabat ordenatua darama, bere aita Winfried bat-batean iritsi eta ustekabeko galdera bat egiten dion arte: “Zoriontsua al zara?”. Une horretatik aurrera, irribarrea eta une latzak tartekatzen dituen filma dago. Egia da filmak gehiegitxo irauten duela (162 minutu) baina Victoria Eugenia antzokian Toni Erdmann ikusi dugunok irribarre batekin irten gara.

Irekiera gala
Dantza ikuskizun labur batek abiatu du inaugurazio gala. Ostean Emma Suarezek, Cayetana Guillen Cuervok, eta Mireia Gabilondo bergararrak hartu dute hitza. Aurten baina ez dira hitz egin duten bakarrak izan, lau pertsonak gaixorik dauden presoen alde eta errausketaren kontra oihukatu baitute, gala hainbat unetan geldituz.
mireia
Oro har, galak betiko formatua izan du eta hilaren 24a iritsi arte Zinemaldiak izango dituen atal eta filmak aurkeztu dituzte. Kursaaleko agertoki gainean zinemaren hainbat izen handi ikusteko parada ere izan da lehen gala. Bertrand Tavernierrek bere umorea eta talentua erakutsi du, eta urteko film onenaren Fipresci saria Toni Erdmann Maren Ade alemanaren filmari eman diote.

Txutxumutxuak
Aurten, euri zaparradak ez ezik, izar zaparra da izango dugu Donostian. Sigourney Weaver eta Gael Garcia Bernal, Monica Bellucci, Jennifer Connelly, Javier Bardem, Richard Gere, Isabelle Huppert, Joseph Gordon-Levitt… aktoreek garraxi eta zorabio ugari eragingo dituzte. 64. Zinemaldi honetako lehen oihuak Hugo Silva aktoreak jaso ditu. Silvak ez du filmik aurkezten, baina Cinergia ekimena babestera etorri da hona. Inoiz baino argalago eta nahiko aldarte onean sinatu ditu hainbat autografo.
gas-natural-fenosa-cinergia
Eguerdi partean aldiz, egubakoitzeko bi izar handiak iritsi dira hirira. Lehena, Cynthia Nixon, Sexo en Nueva York telesaileko ilegorria, oraingoan ilehori iritsi da Maria Cristinara. Bere atzetik aurtengo lehen Donostia saria jasoko duen Ethan Hawke aktorea heldu da.

ethan-hawke cynthia-nixon

Bidaia luzea egin omen du, eta Donostiara iritsi bezain pronto Branka jatetxera eroan dute, gure gastronomiaz gozatzera. Menua ez didate esan, baina oso gustura jan omen du. Hawkek bihar jasoko du bere Donostia saria.