EITBren logoa plagiatu omen nuenekoa

Debagoieneko Telebista (GOITB) ordura arte Arrasate Telebista (ATB) zenaren bideari jarraituta sortu zen.

Goiena hedatzear zegoela eta ordura arteko herri telebista izatetik bailara osora zabalduko zela-eta, elkarte bien nortasun korporatiboa egitea erabaki zuen Goienak. Niri eskatu zidaten elkartearen eta telebistaren irudia lantzea.

Goienaren logoarekin hasi nintzen, gero hura oinarri bezala baliagarria izango zelakoan telebistarena egiteko. Lanek luze jo zuten, eta, artean, telebistaren hedatzea atzeratu egin zen. Momentu bat iritsi zen irudi grafiko osoa bukatuta zegoela, baina oraindik Arrasate Telebista izenarekin eta itxurarekin emititzen zela.

Azkenean, 2000. urteko maiatzaren hasieran GOITBren irudi grafikoa kaleratu genuen: prentsa aurkezpena, furgoneta margotuta, mikrofonoak jantzita, telebistako promoak eginda, paperak inprimatuta…

Handik egun gutxira, maiatzaren 22an, EITB-k ere bere irudi berria aurkezteko jaia egin zuen; gogoratuko duzue, akaso, gala hura: Félix Linares James Bond papera hartu nahian, ordura arte sekretuan gordeta zegoen (!) logo berria CD batekin agertzen zela telebistan…

Aitortu behar dut gure artean ere ikusmina sortu zuela logo berriaren aurkezpenak; izan ere, aurreko ETBren txoritxoa Arrasateko diseinu talde batek egina zen, JJK diseinu taldeak, hain zuzen.

Kontua da aurkezpen hura igaro eta handik bi astera-edo gutun bat jaso genuela GOITBn. Gure logoa eurenaren plagioa zela eta ezin izango genuela erabili! Gainera, EITBko abokatuek gure kontra egingo zutela adierazten ziguten.

Amenazozko bigarren gutun bat ere jaso genuela uste dut, baina azkenean ez zen ezer gertatu. Erantzun genituen gutunok eta gure bideari lasai asko jarraitu genion.

Hemen, logo biak bata bestearen ondoan. Gurea zaharragoa dela ez daukat inongo dudarik, hala ere, antzekotasuna ez da horrenbesterakoa, ala?

Mezu-kate musikala

Etxeko lan zaila jarri zidan Gari Teknosexsualak : esanahi berezia duten bost abesti apartatu eta mezu-kate honekin jarraitzea.

Majo kostata baina, azkenean lortu dut (hori posible bada!) nire bizitza musikala bost abestietan konprimitzea. Hauexek dira aukeratuak:

Heroes. David Bowie

Abesti hau da, bakarra, inongo zalantza barik jarri dudana zerrenda honetan. Bere alde dauka gainera, urte hauetan egin diren ehundaka bertsio eder. Zuzenean entzun dudan azkena, Split-77 taldearena, portzierto, zoragarria.

Bidegurutzean. Gari

Hertzainak banandu eta gero, oso gustura hartu nituen Gariren lehenengo bi diskoak. Emozioz betetako abestia.

I will survive. Gloria Gaynor

Beti, ongi etorria. Ez naiz inoiz aspertu abesti hau entzuteaz. Lehenengo doinuak entzuteaz bat bihotza poztu egiten zait. Musikoterapia?

Hombres. Fangoria

Fangoriak, oso abesti onak eta aldi berean desberdinak ditu: ilunak, handinahi betetako technoa, lirikoak, barrakero samarrak,… “Hombres” taldearen onena erakusten du. Me encanta.

Ene begiek. Ruper Ordorika

Ez da gauza erraza hain hitz ederrak eta hain musika polita abesti baten elkarrekin aurkitzea… honetan, lortu dute.

Eta nik marroia, hurrengo hauei pasatzen diet:

Hamaika Edorta Arana.

Faroa Joxe Aranzabal.

Reala Eneko Azkarate.

Piperrautsa Mikel Irizar.

Mathiasen kopilotua Edu Mendibil.

Aldizkarien azalak egiteko osagai berria

Aldizkari batendako azal on bat egitea, bakailaoa pil-pilean egitea bezala da: osagai gutxi behar izaten da baina, kalitate handikoak.

Begira, zelako gauza gutxi behar den azala osatzeko:

  • Irudi on bat (edo batzuk, kasuaren arabera).
  • Tipografia egokia.
  • Izenburu aproposa.

Gero, bakailaoa egiterakoan bezala sukaldari-diseinugile bakoitzak bere ikututxoa emango dio, eta horrela, osagarri berdinak erabili arren, ez daude bi azal (edo bi bakailao) gustu berdinekoak… Jakina, hiru osagai hauetatik bateren batek kale egiten badu, hala nola, beste biekin bete behar izaten da utzitako hutsunea…

Baina, Deia egunkariko Tele gehigarriko azken aurreko azala ikusi eta gero, beste osagai bat gehitu beharko diogu aurreko zerrendari:

  • Umorea!

Hau da, azken aldian ikusi dudan izenbururik barregarri eta inuzenteena. Nori okurrituko ote zitzaion izenburu hori? Zeri begira egongo ote zen? Konturatuko ote zen, honez gero, egindakoarekin?

Oso ona. Eskerrik asko.

EP3: dezepzionagarria

Diseinu aldetik, asko, larregi akaso, espero nuen Tentaciones (“El País-ek”:http://www.elpais.es gazteentzako ostiraletan argitaratzen duen gehigarria) berri honetatik, eta akaso horregatik, nahiko dezepzionagarria iruditu zait eskainitakoa.

Nahasia eta desordenatuegia (batez ere argazkiak kokatzerako orduan), publizitarioegia (katalogo antza handiegia hartu dute orri askok), gainera, tipografikoki arrunta eta piper gabea dela uste dut… eta, akaso txarrena, trinkotasun eta nortasun grafiko gabea.

Aldeko batzuk? Erakusten duen ekoizpen maila altua, hobetzeko eta inplikazioa lortzeko erakutsi izan duten gaitasuna eta izenburuetarako apartatu duten letra mota ederrak eskaintzen duen joko grafiko handia.

Aldaketak egon direla ezin ukatu. Izenetik hasita etorri dira aldaketak, orain EP3 du izena gehigarriak, (EP[T] deituko zela ere zabaldu zen eta gainera, kioskoetan salgai jarriko zutela *Ciberpaís difuntoarekin egin zuten moduan). Hala ere, Tentaciones* zaharra lurperatu duten (hau da, produktu berri honekin ordezkatu) ala denboraldi baterako kutxa baten barruan gorde duten aurrerago ikusiko da. Oraingo produkto berri hau zenbatzerako orduan behintzat, 1 zenbakia jarri dute…

Oso-oso urrun geratu da EP3 berri hau (hirugarren irudia) aurreko Tentacionesek prentsa-diseinuan suposatu zuen iraultzatik.

Egia esateko, azken urte hauetan diseinu lan bat bide berriak markatu izan dituena egon bada (eta, jakina, inongo lotsa barik non nahi kopiatu izan dena), hori, duda barik, Fernado Gutierrez diseinugileak egindako Tentaciones izan da. Mundu mailan, mugarri garbi-garbiak izan dira *El País*-endako Gutierrezek egindako lanak: hasierako diseinu apurtzaile hura (lehenengo irudia) eta orain urte pare bat-edo egindako birdiseinu dotorea (erdiko irudia).

Baina, itxura ikusita, EP3 honetan, ikusten denaren baino ikusten ez den horretan jarri dute indarra argitaratzaileek: interaktibitatea, irakurle gaztearen partehartze eta lankidetzan, hain zuzen.

Hiru zutabetan (horregatik izenaren “3”-a) oinarritzen omen da EP3-ren arima: ostiraletako aldizkarian, Internet-ean (www.elpais3.com Flash estiloko gunea, oso “ikusgarria” baina, etengabe “Kargatzen” dagoela esaten dizun horietakoa!) eta sakelako telefonoaren erabileran. Hau da, gurean, Matraka argitalpenarekin nahi egin izan dena baina, handira jota.

Interaktibitate asmoak beteko diren, eta medio batetik besterako fluxua lortuko duten ala ez ikusteko dago oraindik, hala ere, jokaldi borobila ematen du: irakurle-erosle gazteak kioskora erakarri eta www.elpais3.com webgunea erabilita, Internet negozioa indartu. Azkenaldian, El Pais.es zer edo zer egin beharrean zegoen, Internet zerbitzuak kobratzen hasi zenetik, negozio osoa El Mundo.es -en eskuetan geratu zen-eta.

La Razón-en kruasanak

Diseinuaren gaineko blog berri bat ezagutu dut Etiam lagunari esker: ProcessBlack du izena eta sakon-sakon begiratu ez badut ere, interesgarria ematen du.

Blog horretan irakurri ahal izan dut “La Razón-ek”:http://www.larazon.es/ promozio berri bat jarriko duela abian astelehenetik aurrera: egunkariarekin batera bi kruasan emango dituzte opari!

Atzo, (eta, bada kasualitatea gero!) Ansón anaiek hilabete eskas atera duten doako egunkariaren ale batzuk eskuratu nituen. Ahora du izena eta debaldeko beste egunkariak ez bezala, hau arratsaldez kaleratzen da. Egunkaria ikusi eta gero bi adjektibo artean nago zalantzan: beldurgarria ala barregarria da?

Hau bai dela sekulako bihotzerrea emateko moduko menua: goizean, *La Razón eta bere bi kruasanak eta, arratsaldean, Ahora*.

Bitxikeria (mikro)tipografikoa

Zelakoak diren gauzak, mikrotipografia eta detailearen gainean idazten nabilela eta hara non, eta bitxikeria hauek jarri zaizkit begien aurrean…

Gara egunkariko bilduma baten bi orrialdeko iragarki baten zatia da argazkikoa . Ikusten duzu zein modu bitxian jarrita dagoen izenburuko “g” hori? Azpiko lerroari tokia egiteko asmoarekin-edo tokatzen zaiona baino askoz gorago kokatuta dago. Hain jarri dute goian, “g” barik “8” ematen du! Azpiko zirkuluan, berriz, ikus daiteke “g” hizki baten kokapen “normala”.

Izenburu beraren hasierako “P” horrek ere tratamendu berezia du (kolore desberdina, handiagoa da eta beherago jarrita dago, hain zuzen) baina begi bistakoa da “borondatez” egindako aukeraketa izan dela, diseinagileok egin behar izaten ditugun erabaki txiki horietako bat; “g” horri, berriz, akats kutsua hartzen diot… Horixe ba, bitxikeria bat.

Mikrotipografia eta ligaturak

Bizitzak eta diseinuak begirada batean ematen dutena baino gauza gehiago dute komunean, garrantzitsuenetariko bat, akaso, gauza txikien balioa izango da.

Bizi-pozaren sekretua eguneroko gauza txikien gozamenean oinarritzen bada, diseinu ona detaileetan eta ukitu finean dago oinarrituta.

Diseinuan, garrantzi handia duten gauza txikien artean mikrotipografia dago. Zer da mikrotipografia? Ba, tipografiaren eta hizkien detaileetan eta ukitu eta erlazio txikietan erreparatzea, hau da, detailez lantzea tipografia. Mikrotipografiaren atal bat ligaturak edo loturak dira.

Ligatura, bata bestearen ondoan gaizki ezkontzen diren bi hizkien konbinaketa da. Hau da, bi hizki nahastuta, bakarra eta itxurosoago bat lortzea. Ikusi irudia, “Clasificados” hitza “normal” idatzita eta, azpian, lotura eginda. Detailetxo bat da, badakit, baina ez dago konparatzerik.

Ligaturetan, “F” hizkia egoten da tartean: ff, fi, fl, fj, fk, fh, fb, ffi edo ffl. Geure artean, “fi”eta “fl” izaten dira ohikoenak.

Nik, ohitura bat dut (edo mania bat, ez dakit). Argitalpen batek mikrotipografiari ematen dion garrantzia baloratzeko “Clasificados” orrira jotzen dut, oso neurgailu ona izaten baita orri hau. Aurreratuko dizuet denetik dagoela, askok eta askok ez dituzte loturak erabiltzen, baina hori horrela izanda sekulako aldea egoten da batzuen eta besteen emaitzetan. Ikusi dudan erabilera eskasenetarikoa *La Razón*ekoa da, begiratu bestela erosten 😉 duzun hurrengoan.

Zer da diseinugile izatea?

Nondik natorren eta nora noan jakiterik zail samar daukadanez, zer naizen, gutxienez, jakitea gustatuko litzaidake. Mahai gainean dudan hiztegira jo dut erantzunen bila: Diseinugile: diseinuak egiten dituena; diseinatzea lanbidetzat duena. Jakina, ondoren, diseinu zer den begiratu behar izan dut, hauxe da aurkitu dudan erantzuna: Diseinu: objektu artistiko edo funtzional, gailu mekaniko, egitura, sistema etab.en aldez aurretiko adierazpide grafikoa, sormenezko ideia baten arabera egindakoa.

Ondo dago. Definizio argiak eta sinpleak. Baina, badakizue batez ere zer den diseinugile izatea? bada, erabakiak hartzen etengabe ibiltzea.

Erabaki gutxi-gutxi batzuk orokorrak izaten dira: lanaren formatua, neurriak, euskarria, kolore paleta… baina, batez ere, diseinugile izatea, denbora guztian erabaki txikiak hartzen ibiltzea da, erabaki txiki mordo-mordo-mordoa: “Kolore hori, apur bar argitxoago”, “Izenburu hori bi milimetro goraxeago”, “Argazki hori %10 handiago”… eta horrela, egun osoan!

Akaso, ez da oso definizio zehatza izango eta beste lanbide askorentzako ere aplikagarria izan daiteke, baina horrela jarriko nuke nik hiztegian: Diseinugile: egun osoa erabakitxoak hartzen ematen duen laguna. “Diseinu”ren definizioa? Bada, erabaki txiki eta mordoaren batuketaren emaitza grafikoa. Hala!

Publizitate inbaditzaileekin bueltaka

Eguraldia gutxienekoa da Infiniti auto bat gidatzen duzunean edo antzeko zer edo zer esaten du irudian agertzen den iragarki honen mezuak. Amerikako Estatu Batuetan argitaratutako iragarkia da, eta bertan, eguraldiaren orrian, eguraldiaren gaineko informazio guztia desagertu egin da, dena hutsik dago.

Irudi hau Aitor Garcia tekno-blogariak bidali dit Publizitate inbaditzaileen artikulotxoa osatzeko asmoarekin… Oraingoan, behinik behin, goialdean esaten da *Advertisment” dela. Zelanbait esateko, ohituta gauden “Publi-erreportaje” horietan bezalatsu (eduki informatiboa eta euskarriaren itxura hartzen duten publizitateak) baina, umore eta errealizazio hobearekin…

Publizitatea egiteko modu berri honen gainean, Javier Erreak Nuevos anuncios, ¿nuevos problemas? izenburupean artikulua idatzi berri du.

Ikurra, logotipoa, marka eta prezioa

Logotipo, ikurra, marka eta horrelakoekin atzera eta aurrera ibiltzen naiz eta seguru nago guztietan ez ditudala zehatz eta ondo erabili. Egia esan, ez zait lar-larregi axola.

Kasu sinple eta garbienetan, marka batek (irudikapen grafikoaz nabil, beste kontu bat da marka, zentzu makro-orokorrenean hartzen badugu) bi osagai ditu: ikurra edo sinboloa (marrazkitxoa) eta logotipoa (izena esan dezagun, idatziz doana); eta bi horien batuketatik marka lortzen da. Beraz, Marka = ikurra + logotipoa.

Egia da askotan gertatzen dela elementuen arteko muga irudian ikusten den bezain garbia ez dela eta nahastuta agertzen direla (egin froga bestela eta aztertu burura etortzen zaizkizuen marka pare bat). Halakoetan ez da erraza zer den zer esaten eta izenak asmatzen ibiltzen gara eta gainera, sinplifikatze aldera egin barik ahalik eta izen handinahien bila joateko joera dago: definitzailea, kontzeptua, logo-sinboloa… Nik, eta batere akademikoa ez izan arren, logotipoa deitzen diet eta listo.

Kontua da sarritan gertatzen dela —eta honetara nentorren— zenbat eta izen zailagoa izan orduan eta prezio handiagoa!… Akaso, lan bikoitza egiten delako, batetik, logotipoa sortu (marka, barkatu!), eta bestetik, izena asmatu.