Ikurra, logotipoa, marka eta prezioa

Logotipo, ikurra, marka eta horrelakoekin atzera eta aurrera ibiltzen naiz eta seguru nago guztietan ez ditudala zehatz eta ondo erabili. Egia esan, ez zait lar-larregi axola.

Kasu sinple eta garbienetan, marka batek (irudikapen grafikoaz nabil, beste kontu bat da marka, zentzu makro-orokorrenean hartzen badugu) bi osagai ditu: ikurra edo sinboloa (marrazkitxoa) eta logotipoa (izena esan dezagun, idatziz doana); eta bi horien batuketatik marka lortzen da. Beraz, Marka = ikurra + logotipoa.

Egia da askotan gertatzen dela elementuen arteko muga irudian ikusten den bezain garbia ez dela eta nahastuta agertzen direla (egin froga bestela eta aztertu burura etortzen zaizkizuen marka pare bat). Halakoetan ez da erraza zer den zer esaten eta izenak asmatzen ibiltzen gara eta gainera, sinplifikatze aldera egin barik ahalik eta izen handinahien bila joateko joera dago: definitzailea, kontzeptua, logo-sinboloa… Nik, eta batere akademikoa ez izan arren, logotipoa deitzen diet eta listo.

Kontua da sarritan gertatzen dela —eta honetara nentorren— zenbat eta izen zailagoa izan orduan eta prezio handiagoa!… Akaso, lan bikoitza egiten delako, batetik, logotipoa sortu (marka, barkatu!), eta bestetik, izena asmatu.

4 iruzkin “Ikurra, logotipoa, marka eta prezioa” bidalketan

  1. Goio Telletxea

    Logotipoen mundua, ene!…makina bat buruhauste sortze dituen gaia, bezeroarekiko, lan talde barruan, etab. Ba iruzkin hau dela eta, Goio, zer iruditzen zaizu Naturgas Energía-ren logotipo (edo isologo esan beharko nuke, jejjee=) berria? Gauza batetan jarri dut arreta batipat…”energía” hitzak ez al du tilderik “i” hizkian? Euskaraz egongo ote da soilik? (pozgarria litzateke) Edo nire burua gaizki dabil, edo zerbaitek huts egiten du. Egun hauetan jasotako gutunetan, elebitan datoz testuak eta logotipoak eez du tilderik inondik. Kuriosoa da.

    Bestalde, ikurra garbia eta sinplea da, erraz aplika liteke eta markarekin erraz erlazionatu genezake. Ikurraren irrifar moduko horren esanahi edo mezuarekin ados edo kontra egon gaitezke, baina sortu duten “campaña de expectación” (euskaraz nola litzateke termino hau?) horretan indar handia izan du, autobus geltokietako markesinetan urdin area zabala eta ikurra claim-arekin oso deigarria suertatu da, eta jendea irudi berriarekin ohitzeko balio izan duelakoan nago.

    Vag Rounded edo Helvetica Rounded tipografia erabili dutelakoan nago. Tipografia horren forma suabeak ikurrarekin bat datoz. Agian, tipografia horren erabilpenean dago gustuko ez dudan gauzetako bat. Marka bera “Naturgas” bada uler dezaket “Naturgas” eta “Energia” bi lerrotan egotea. Horrela, “Energia” dituzten zerbitzuetako linea bat bezala uler genezake. Disposizioak hori ulertzera narama hasiera batean. Hori bai, nire ustez, “Naturgas Energía” bada, marka bera grafikoki “haustea” ez zait oso egokia iruditzen. Nolabaiteko haustura hori tipografiaren neurri ezberdinean nabaritzen dut nik batipat. Baina “haustura” modura ere, ez zait nahikoa “haustura” iruditzen. Hori bazen helburua, agian gehixeago ezberdintzea suertatzen da egokien. Bisualki, hau izango da pixkat logoaren interpretazioa estresatzen duen gauzetako bat.

    Dena den, logo garbia iruditzen zait, erraz aplika daitekeena gainera. Gauza asko esan litezke logo bati buruz, ezta? Errezago suertatzen da gainera alde negatiboak ikustea, positiboak baino, ta gainera bezeroaren eskakizunak jakin gabe.

    Beno, ez dakit, erreflexio bat besterik ez da…

    Erantzun
  2. juan Luis Azkarate

    kaixo Goio:
    “Campaña de intriga”-ri (“de expectación” baino hobeto, uste dut) guk noizbait “Jakinmina Kanpaina” deitu izan diogu euskeraz.
    Tilde edo azentuarena, antzerakoa gertatzen da Telefonica-rekin: “f” hizkiak horrelako kurbatxoa egiten du eta ez da oso garbi geratzen hori tildea den ala ez; berez, ez da tilde bat, baina antzerakoa da.
    Honen arrazoia zein da? ba, argi dago, ingelesez ez dago tilderik, internet-en eraginez ere gero eta indar gutxiago dute tildeek…hor dago gakoa, nire ustez.
    Bestaldetik, niri asko gustatu zait kanpaina hori.

    Erantzun
  3. Goio Telletxea

    Kaixo Juan Luis,intriga ederra, bai horixe…eta benetan bere sinpletasunean oso deigarria izan dena gainera. Izan ere, beti pentsatu dut kalean konplexutasun gehiegi dagoela, kolore gehiegi, elementu andana, eta diseinatzaileoi dagokigun lana dela, nolabait esatearren, kaos guzti horren erdian inpaktu bisual sinple batez begia zirikatzea. Honek lortu du.

    Internet, mezu laburrak, etab.-ek eragin handia dute, bai horixe…nik neuk asko nabaritu dut jende gaztearengan. Baina ez soilik ortografiari dagokionean, gramatikan eta besteelakotan ere. E-mail bidezko harremanetan bertan ezagutzen dut kasu bat, ia ulertezinak suertatzen diren e-mailak bidaltzen dituen pertsona batena. Komunikatzeko arazo larriak sortarazten ditu askotan, mezu beraren zentzua ere distorsionaturik geratzen baita. Hitz aurreztea(mezu laburretatik datorren ohitura) ez da arrazoi nahikoa e-mail bidezko mezuetan, doan baita; horren arrazoia agian, presaka bizi garen horretan egon liteke, non tilde bat ipintzeko tekla konbinazio bat behar dugun. Badirudi horrek idazteko abiadura geldotzen duela. Halere euskarak badu abantaila bat tildeen kontuan: ez edukitzearena. Eskerrak.

    Erantzun
  4. Goio Telletxea

    Ah!, oraintxe fijatu naiz Arrasateko Euskalgintza-ren logoan. Hor agertzen den elementuen disekzio moduko horretan, gazteleraz erabiltzen diren izen zenbait hauek dira:

    “isotipoa” edo ikurra
    “isologoa” (isotipoa+logotipoa)edo marka
    Hainbat izen erabiltzen dira gauza bera adierazteko…jejejej

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude