Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Kutxaren egutegi sudokua

Urte asko daramat Gipuzkoako Kutxa-k ateratzen duen mahai gaineko egutegia erabiltzen.

Egutegi honen diseinua oso argia, erabilgarria eta txukuna izan da urteetan. Izan da jarri dut, zeren, iaz, ez dakit zein kalentura mota jota, Gipuzkoan “klasiko” bat izatea (hori lortzea kostatzen denarekin!) lortuta zuen egutegian “berrikuntzak” egitea erabaki zuten: tokatzen den hileaz gain, aurreko eta ondorengo hileak jarri, urteko asteak zenbatu, artista desberdinen lanen argazkiak jarri, hau da, derrepente, gauza mordoa orri bakoitzean baina, batez ere arazoa zen informazio guzti hori atzealde beltzaren gainean jarri zutela!

Emaitza negargarria izan zen… atzera pausu horren gainean idatzi zuen Etiam-ek bere momentuan ere…

Bat-batean, aspaldiko erabiltzaileok sekulako dilemaren aurrean jarri gintuzten: Kutxako “alde ilunak” bultzatutako egutegiarekin jarraitu ala hain deserosoa den Euskadiko Kutxa-k ematen duen CD kutxa baten barruan orri solte (argazki ahaztezin horiek apainduta) horiek erabili…

Beno, bada, atera da Kutxaren 2006rako debaldeko egutegi berria, eta gaitz txarrena konpondu badute ere (orain berriro da zuria atzealdea) ez da, inondik ere, lehengo diseinu fina.

Iazkoarekin konparatuz gero hobetu da baina, hala ere, ez da lehengoa. Ez dago alde nahikorik jai egun eta egun zurien artean, aukeratutako kolore batzuk ez dira oso egokiak… eta okerrena, orri bakoitzean (eta kolore bakarrean gainera) zenbaki mordo-mordoa ageri den sentsazioa, akaso, elementuen arteko kontraste faltagatik izango da baina, agobio bat da, egutegia barik bukatutako sudoku bat ematen du!

Dena dela, badu konponbidea egutegi honek: mordo horretatik zenbaki batzuk ezabatu, marra batzuk jarri, eta… alehop! egutegi nahasgarri bat zena denbora pasa dibertigarri bat da orain!

Ea begiratu barik betetze duzun egutegi-sudokua, bestela, erantzuna, goiko aldeko argazkitxoan aurkituko duzu.

PD.Hau argitaratu eta gero ikusi dut berrikuntzak daudela Euskadiko Kutxaren aurtengo egutegian. Erantzunetan idatzi ditut lerro batzuk…

More, give me more!

Lan zaila da egunkari baterako tipografia apartatzea, hainbeste daude desberdinak eta egokiak aukeran! Oso eginbehar nekeza izaten da batez ere, erabaki inportantea delako eta ondorio handiak ekarriko dituelako geroko lanean.

Tipografiak zeharo markatzen du argitalpen baten nortasun grafikoa. Gaur egungo politiko profesional bat izango banintz, moda-modako hitz aspergarriak erabiliko nituzke, hots, tipografiaren aukeraketa “erabaki estrategikoa dela” esango nuke baina, politikoa ez naizenez, benetan uste dudana esango dut: sarriegi gutxietsia izan arren, tipografia aukeratzea da diseinuan hartu behar den erabaki garrantzitsuenetariko bat.

Ehundaka eta ehundaka tipo mota ditut aukeran eta, Goienkaria-rako tipografia apartatzen ordu dezente emanda gero, jabetu naiz errealitateaz: bat bera ere ez dut lan horretarako aproposa.

Benetan, ondorio penagarri izan da konturatzea tipografia zale moduan fashion victim arrunt bat besterik ez naizela, eta haiek bezala, daukadanarekin sekula ez dudala nahiko. Gehiago nahi dut, eta gehiago, eta gehiago…

Eta jakina, nola asetzen da ni moduko typo victim baten gosea? erosten, ezta? bada, horixe egin behar izan dut, erosi. Iujuuuu!

Goienkaria berritzen

Azkenaldian oso lan diferenteak egitea tokatu zaigu lan egiten dudan
Arteman enpresan: publizitate kanpainak, RIP
taldearen DVD-CDaren
errealizazioa
eta lan grafiko osoa edo argitalpenen desberdinen diseinua, adibidez.

MUniversitas izena du
diseinatu dugun azken aldizkari korporatiboak. Urtean hiru aldiz kaleratuko
da eta Mondragon
Unibertsitatearen
enkarguz egin
dugu.

Oso gustukoa dut paperezko argitalpenak diseinatzea eta hurrengo asteetan
ere (lehenago, prentsako irakurleak edo zuhaitzak bukatzen ez badira,
behintzat) antzeko jardunean ibiliko naiz, hasi gara-eta
Goienkaria berria diseinatzeko
lanetan. Artemanen, alde grafikoaz arduratuko gara eta Goienakoekin arituko
gara elkarlanean…

Elkarlanean, eta jendearen aurrean gainera…

Kontua da, guretzat berria den gauza bat probatzea erabaki dugula.
Goienkariaren diseinu (kazetaritzakoa eta grafikoa) berriaren urratsak eta
honen gaineko komunikazio osoa modu desberdinean egitea pentsatu dugu, eta
beti bezala, azken txanparako utzi barik, hasiera-hasieratik, prozesu
guztiaren berri Interneten emango dugu. Horretarako, Goienkaria
berritzen
bloga jarri dugu abian.

Esperimentuak interesgarria ematen du, ala? Nik, bietan idatziko dut, han
eta hemen. Han, bulego orduetan eta hemen, lanetik kanpoko ikuspegitik.
Ikusiko dugu zer irteten duen..

Hazi egin da “Matraka”

Hiru bat aste dela aldatu diote diseinua Matraka gazteendako Berriak ateratzen duen gehigarriari.

Halako aldaketetaz larregi erreparatzen ez duenak, akaso, begirada batean berdintsu dagoela usteko du baina, gauza dezente hobetu da astekarian.

Produktu gaztea zen, 36 zenbaki bakarrik kaleratuak zituen, itxura eta edukia aldatu dizkiotenean.

Orokorrean, joan den ikasturteko Matrakaren izpiritu filosofiko eta estetiko berdinarekin etorri da oraingoa, aurreko itxura grafikoaren jarraipen naturala da, Knockout izeneko lehengo letra mota berdina erabiltzen du, antzeko atalak ditu eta lotura estua egiten jarraitzen du www.matraka.info webgunearekin…

Hori guztia horrela izanda ere, dotoreagoa, garbiagoa, kolore eta forman neurtuago eta ederragoa ikusten dut oraingo, baina (“baina”, bada) txukuntasun honekin batera, serioago, helduago eta nagusiago ikusten dut… nolabait esatearren, ematen du denbora gutxian asko handitu eta hazi dela aldizkaria… Nik neuk, oraingoa askoz gustukoagoa dut baina, aitortu beharrean dago, aspalditxo bete nituela 18 urteak…

Neure artean nenbilen: “Niri, oraingoa, gehiago gustatzen bazait? Zer iritzi izango du produktuaren hartzaile zuzenak, hau da, ikasle gazteak? Zaharrentzat egindako gauza moduan ez dute-bada ikusiko?”… eta kanpo-lana egitea erabaki nuen…

Etxe ondoko Mondragon Unibertsitatera joan nintzen ostegun eguerdian (gehigarria, asteazkenetan Berriarekin batera dator eta ostegunetan, berriz, debalde banatzen da eskola eta unibertsitateetan) bertako gazteek egiten dioten harrera gertutik ikusteko…

Irteterakoan, ikasle gehienek hartu zuten alea eta gainera, gogoz hasi ziren gainetik irakurtzen… aldizkariarekiko konplizitate eta interes handia antzeman nuen… egindako “ikerketa” oso-oso zientifikoa ez dela badakit, hala ere, han ikusi nuena harritu eta poztu egin ninduen.

Diseinutik gustatzen zaizkidan gauzen artean atal desberdinak adierazteko modu originala, tipografiaren erabilera eta elementuak banatzeko marren dotoretasuna daude… eta hobetzeko ikusten ditudanen artean azala bera dago. Ez nabil edukirako, bakarrik, orriaren erdia erabiltzearen kontuarekin (irudian ikus daiteke), hori, hasieratiko kontua da eta bitxikeria ere badela esan daiteke, azala berari buruz nabil orain. Argazki planoak eta triste samarrak erabiltzen segitzen dituzte, eta gazteei zuzenduriko aldizkaria, segurutik, “serioa eta dotorea” izan daiteke baina, tristea ez.

Euskadi Irratia. Edozertarako gertu

Orri osoko publizitate hau eskuratu berri dudan Nabarra aldizkariko urriko zenbakitik aterata dago. Bertan, “Euskadi Irratia. Gertu” lelopean etxe horretako hiru esatari ezagun agertzen dira: Ainhoa Etxebeste, Manu Etxezortu eta Maite Artola.

Batzutan, publizitateak nahi izaten dena baino gehiago uzten du agerian: inguru desordenatuak, postura xelebreak, edo, oraingo kasuan bezala, apunte pribatuak!

Jakina, orria jarri duten moduan jarrita, ezin izan dut tentazioari eutsi eta kuxkuxeatu egin dut Ainhoa Etxebesteren laneko koadernoan…

Nik, egia esan, elkarrizketa baterako galdera sorta edo albisteren bat egiteko apunteak aurkitzea espero nuen baina, zelako sorpresa! kalitate (mediatikorako?) plana ageri da bertan!

Hiru pausu zerrendatzen dira:

  • A) Trabajo por objetivos
  • B) Trabajo por competencias
  • C) Trabajo por proyectos de mejora

Eta gainera, tarea, actividad, sistemas de calidad, procesos, estrategia de planificación, recursos gestión, liderazgo… jeseus!

Halako hitz potoloak jasan eta gero, normala galderaren bat izatea, ala?

Izan, berea ote da koadernoa? Zergatik gaztelerazko testu bat? Atrezzoko koadernoa da? Nahita egindakoa da, ala kalitatearen gaineko eztabaida informal batean zeunden hirurak, argazkilaria, ustekabean, iritsi zenean?

Eta, azken galdera. Ordutik hona, ez du ezer berririk idatzi Ainhoa Etxebestek koadernoan? Apunteak, 02-07-10ekoak dira!

Aldizkarian, askoz hobeto irakurtzen da, hala ere, azpiko argazkian ikus dezakezue koadernoa detailean…

Carrefour. Biki kosmikoak?

Microsiervos webgunean sareratu berri dute artikulu hau: Un logo horrible y mal hecho eta, mezuaren osagarri bezala, pasa den abuztuko 31ko beste artikulu honekin egiten dute lotura: Logos horribles y mal hechos.

Esteka horretan klik egin eta irudian ikusten duzuen pantaila ikaragarri hau agertu zait…

Ba, horixe, pasa-pasa eginda geratu naizela. Nik, hile honen hasieran ikusitako “Argi” berdin-berdina ikusi zuela artikuluaren egileak pasa den abuztuaren 31n!

Eta ez hau bakarrik, azkenean, ez argitaratzea erabaki nuen baina, Microsiervos-ekoak egin duen bezala, nik “C” hori ikusten laguntzeko, oso antzeko marrazki bat nuen prestatuta…

Zelan ulertu hau guztia? Biki kosmikoak ote gara? Hain dira antzekoak artikulu biak… eta, bene-benetan, abuztuko mezua gaur arte ikusi barik nuela…

Mulder, Scully, lagundu!

“Avui” egunkaria birdiseinatu dute. Zelako faena!

Joan den irailaren 29an, katalanez idatzitako Avui egunkaria traje berriarekin kaleratu zen.

Ordura arteko diseinua, Roger Black diseinugile estatubatuarraren lana zen, eta egia esateko, urteak igartzen zitzaizkion berritzailea oso izen zen diseinuari. Oraingoa, berriz, Katalunia bertako Cases i Associats taldeak egin du, eta ulertzen ez dudan mobida politiko-finantzario handiarekin batera etorri da.

Beno, bada, putakeria ez da izan aurkeztu duten diseinua txarra dela, ez ba, kontrakoa! Esku artean izan dut ale bat eta asko hobetu da diseinua.

Kontua da, erabili duten tipografia nagusia, Amplitude letra mota, hain zuzen, apartatuta geneukala Goienkaria astekariaren laster egingo den deseinu berrirako!

Guk, munduko modernoenak eta esklusiboenak izan nahi, eta har, kataluniarrak berriro aurreratu!

Horrelakoak gara, batzutan, diseinugileok, kapritxosoak eta handiuste samarrak, irakurri, bestela, Cuatro telebistaren markaren esplikazioa. Ederra fantasmakeria!

Avui-ren diseinu berriaren adibideak ikusi nahi izanez gero, egunkariaren webgune tristean PDF-ak eskuragarri jarri dituzte.

ÑH02 diseinu lehiaketan,”Goienkaria” finalista

Ordu gutxi dela eman da jakitera ÑH02 egunkarien diseinu eta on-line argitalpenen lehiaketaren irabazleen izenak. Lehiaketa hau, SND-E (Society for News Design-eko Espainiako atala) elkarteak antolatzen du eta aurtengoa bigarren edizioa izan da.

Atal nagusian, 20.000 aleko tirada baino txikiagoko kategorian, hain zuzen, Goienkaria finalista geratu da, gainera, bestelako atalen artean zilarrezko domina bat eta bi aipamen jaso ditu astekari euskaldunak.

Hauxek izan dira prentsa idatzian irabazle nagusiak:

50.000 aleko baino tirada handiagoa

  • Irabazlea: *Diário de Noticias* (Lisboa).
  • Finalistak: *El Periódico (Bartzelona) eta El Correo* (Bilbo).

20.000 eta 50.000 ale arteko tirada

  • Irabazlea: Sur (Malaga)

20.000 ale baino tirada txikiagoa

  • Irabazlea: O Independente (Lisboa)
  • Finalista: Goienkaria (Debagoiena)

Sareko mendioen artean, berriz, elpais.es-ek irabazi du sari nagusia eta bestelako aipamen mordoa. Internetekonen artean ez da ageri euskarazko webgunerik ezta Euskal Herrian egindakorik. Gogoratu, iaz, Goiena.net-ek aipamena jaso zuela lehiaketa honetan.

Ez da izan oraingoa lehen aldia nazioarteko aipamena eta sariak jasotzen dituela Goienkariak. Oraingoak, gainera, oso momentu berezian datozte, laster hasiko dira-eta Arteman eta Goienaren arteko lanak astekaria goitik behera birdiseinatzeko.

ÑH02 lehiaketaren sari banaketarekin batera kongresua egingo da Lisboan, azaroaren 16tik 18ra. Lehiaketaren edo kongresuaren gaineko informazio gehiago hemen aurkituko duzue.

Iruditan, Iñaki Iturbe diseinugile bergararrak Goienka2a kultura atalerako egindako saritutako bi lan.

Carrefour. Aitorpena

Ez dakit, zehatz, noiz ikusi nuen Carrefour-en marka lehenengo aldiz, Baiona inguruan izan zela uste dut eta erraz pasatuko ziren 20 urte ordutik hona…

…. orain, aitorpena: hiru egun dela ulertu dut logoa! Etzanda nengoen hipermerkatu bateko iragarkia begiratzen eta, bat-batean, argia ikusi nuen!

Askotan galdetu izan diot neure buruari nola demontre, horrelako multinazional indartsu eta ahaltsu batek eduki dezakeen hain logo eskasa: alde batetik, gezi gorri hori ezkerreruntz begira, eta bestetik, gezi urdin barroko samar hori, borrokan, eskubiruntz tiraka…. oso kontraesankor eta zentzugabea iruditzen zitzaidan; batez ere, gezi urdina ikusten nuen zaharkitua, zaila eta bereziki gorrotagarria.

Jode! ia bizitza erdi eman behar izan dut karratu erdi-gorri erdi-urdin horretan “C” hizki bat “gordeta” dagoela ikusteko! eta, akaso txarrena, 20 urte eta gero, orain, kostatu egiten zait “nire” geziak berriro ikustea, hain dago zuri koloreko “C” zatar hori, derrepente, presente!

Internetera jo dut erantzun psikologikoaren bila, eta kasualitatez, Madame eta Monsieur Carrefour bikotearen argazki zahar hau aurkitu dut, bertan, senar-emazteak agertzen dira, liluratura, irabazitako lehenengo milioiarekin erositako lorontzi ederrari begira…

Beldurgarri da, 20 urte! Oraindik harrituta nago aurkikuntzarekin… eta zuk, zer ikusten zenuen ikurrari begiratzerakoan?

Una cita (gay) en Obaba

Aurreko baten ere idatzi nuen azal on bat egiteko behar diren osagarriez… Gauza gutxi baina, kalitate handikoak behar zutela izan aipatzen nuen orduan… ba, beno, konturatu naiz, emaitzan, osagarri horien kalitatea besteko garrantzia dutela beraien erlazioetatik sortu daitezkeen ondorioak aurreikusteak… argazkian, horietako ondorio grazioso baten adibidea…

Obaba filma zela-eta, Atxaga eta Armendariz oso ondo konpondu zirela argi eta garbi utzi nahi izan zuten Zinemaldian egindako prentsaurrekoan baina, Zero erara egindako agerpen hau sorpresa galanta izan da.

Akaso, bateren batek, pentsatuko du ez dagoen tokian asmatzen ari naizela… ba, behin asmatzen hasiz gero, beste hau, gurean argitaratzeko, jatorragoa iruditzen zait…

Originala, Deia-rekin batera, igandetan, banatzen den Dominical astekarian kaleratu zen, eta Klik Bikoitza-k bidalitako oparia izan da.