Kutxaren egutegi sudokua

Urte asko daramat Gipuzkoako Kutxa-k ateratzen duen mahai gaineko egutegia erabiltzen.

Egutegi honen diseinua oso argia, erabilgarria eta txukuna izan da urteetan. Izan da jarri dut, zeren, iaz, ez dakit zein kalentura mota jota, Gipuzkoan “klasiko” bat izatea (hori lortzea kostatzen denarekin!) lortuta zuen egutegian “berrikuntzak” egitea erabaki zuten: tokatzen den hileaz gain, aurreko eta ondorengo hileak jarri, urteko asteak zenbatu, artista desberdinen lanen argazkiak jarri, hau da, derrepente, gauza mordoa orri bakoitzean baina, batez ere arazoa zen informazio guzti hori atzealde beltzaren gainean jarri zutela!

Emaitza negargarria izan zen… atzera pausu horren gainean idatzi zuen Etiam-ek bere momentuan ere…

Bat-batean, aspaldiko erabiltzaileok sekulako dilemaren aurrean jarri gintuzten: Kutxako “alde ilunak” bultzatutako egutegiarekin jarraitu ala hain deserosoa den Euskadiko Kutxa-k ematen duen CD kutxa baten barruan orri solte (argazki ahaztezin horiek apainduta) horiek erabili…

Beno, bada, atera da Kutxaren 2006rako debaldeko egutegi berria, eta gaitz txarrena konpondu badute ere (orain berriro da zuria atzealdea) ez da, inondik ere, lehengo diseinu fina.

Iazkoarekin konparatuz gero hobetu da baina, hala ere, ez da lehengoa. Ez dago alde nahikorik jai egun eta egun zurien artean, aukeratutako kolore batzuk ez dira oso egokiak… eta okerrena, orri bakoitzean (eta kolore bakarrean gainera) zenbaki mordo-mordoa ageri den sentsazioa, akaso, elementuen arteko kontraste faltagatik izango da baina, agobio bat da, egutegia barik bukatutako sudoku bat ematen du!

Dena dela, badu konponbidea egutegi honek: mordo horretatik zenbaki batzuk ezabatu, marra batzuk jarri, eta… alehop! egutegi nahasgarri bat zena denbora pasa dibertigarri bat da orain!

Ea begiratu barik betetze duzun egutegi-sudokua, bestela, erantzuna, goiko aldeko argazkitxoan aurkituko duzu.

PD.Hau argitaratu eta gero ikusi dut berrikuntzak daudela Euskadiko Kutxaren aurtengo egutegian. Erantzunetan idatzi ditut lerro batzuk…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude