Hazi egin da “Matraka”

Hiru bat aste dela aldatu diote diseinua Matraka gazteendako Berriak ateratzen duen gehigarriari.

Halako aldaketetaz larregi erreparatzen ez duenak, akaso, begirada batean berdintsu dagoela usteko du baina, gauza dezente hobetu da astekarian.

Produktu gaztea zen, 36 zenbaki bakarrik kaleratuak zituen, itxura eta edukia aldatu dizkiotenean.

Orokorrean, joan den ikasturteko Matrakaren izpiritu filosofiko eta estetiko berdinarekin etorri da oraingoa, aurreko itxura grafikoaren jarraipen naturala da, Knockout izeneko lehengo letra mota berdina erabiltzen du, antzeko atalak ditu eta lotura estua egiten jarraitzen du www.matraka.info webgunearekin…

Hori guztia horrela izanda ere, dotoreagoa, garbiagoa, kolore eta forman neurtuago eta ederragoa ikusten dut oraingo, baina (“baina”, bada) txukuntasun honekin batera, serioago, helduago eta nagusiago ikusten dut… nolabait esatearren, ematen du denbora gutxian asko handitu eta hazi dela aldizkaria… Nik neuk, oraingoa askoz gustukoagoa dut baina, aitortu beharrean dago, aspalditxo bete nituela 18 urteak…

Neure artean nenbilen: “Niri, oraingoa, gehiago gustatzen bazait? Zer iritzi izango du produktuaren hartzaile zuzenak, hau da, ikasle gazteak? Zaharrentzat egindako gauza moduan ez dute-bada ikusiko?”… eta kanpo-lana egitea erabaki nuen…

Etxe ondoko Mondragon Unibertsitatera joan nintzen ostegun eguerdian (gehigarria, asteazkenetan Berriarekin batera dator eta ostegunetan, berriz, debalde banatzen da eskola eta unibertsitateetan) bertako gazteek egiten dioten harrera gertutik ikusteko…

Irteterakoan, ikasle gehienek hartu zuten alea eta gainera, gogoz hasi ziren gainetik irakurtzen… aldizkariarekiko konplizitate eta interes handia antzeman nuen… egindako “ikerketa” oso-oso zientifikoa ez dela badakit, hala ere, han ikusi nuena harritu eta poztu egin ninduen.

Diseinutik gustatzen zaizkidan gauzen artean atal desberdinak adierazteko modu originala, tipografiaren erabilera eta elementuak banatzeko marren dotoretasuna daude… eta hobetzeko ikusten ditudanen artean azala bera dago. Ez nabil edukirako, bakarrik, orriaren erdia erabiltzearen kontuarekin (irudian ikus daiteke), hori, hasieratiko kontua da eta bitxikeria ere badela esan daiteke, azala berari buruz nabil orain. Argazki planoak eta triste samarrak erabiltzen segitzen dituzte, eta gazteei zuzenduriko aldizkaria, segurutik, “serioa eta dotorea” izan daiteke baina, tristea ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude