Amamak mahai gainean eduki ohi zuen plastiko gorritan bildutako kandela. Azterketa genuenero pizten zuen, baita norbait etxeko norbait bidaian zenean ere eta, zer esanik ez, senide nahiz lagunen ospitale egonaldietan. Sugarrak aski argizari urtua zuenean kandelari buelta eman eta mahaiko zura zuriaren kontra gogortzen zen argizaria. Pittin bat itxaronda, baina lorik hartu gabe, moldeagarria eta jostagarria zen gure plastilina primitibo hura.
Gaur hizpide dudan liburuaren kontrazalak dio aski dela kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean, saiakera bat fikzio bihurtzeko. Eta hori da lortzen duena, jolasti egon ohi denean bezain iradokitzaile, erudito eta eklektiko, Harkaitz Canok: definiezina izatea bere talentuaren fruitua. Izan ere, zer da Kandelikara? Erantzun errazena da esatea Buñueli buruzko film baterako apunte liburua dela, 162 orrialde dituena, eta Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak argitaratu zutela 2021ean.
Erantzun konplikatuagoa da esatea Luis Buñuel ez dela existitzen, ez dela sekula existitu, eta Canoren garun pribilegiatuak limoi urez idatzitako obra excel ziegatan preso gauden bulegariontzat idatzitako altxorraren mapa dela, Jabier Muguruzaren biniloak alderantziz entzunda aditzen den mezu sekretuaren negatiboa. Askatasuna hor dago eta Buñuelen filmetan bezala oinez edo txalupaz har liteke -ohar mentala, The great escape filmean ere hala askatzen dira ihesa arrakastaz gauzatzen dutenak-. Pikutara Seaskako egutegian astun baina geldo erortzen den egun markagailua, utikan zomorroon miseria miserable guztiak. Kandela eskutan dugula aterako gara Platonen Lezetxikitik.
Niri hegan egiten lagundu didate orriok. Horrez gain pare bat apunte on ere hartu ditut artikulu edota bestelako lanen batean erabiltzeko eta nire ustez ezin dakioke gehiago eskatu gauetan betazalei kontra eginaz garatzen den jarduera bati.