(2021eko urriaren 1ean Puntua aldizkarian argitaratutako testua, Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak nobela bikainean inspiratua).
Iraila da memoriaren hilabetea; Arrasaten, bederen. Irailaren
26an sartu baitziren tropa frankistak herrian, eta oraindik
bizirik dirau Txiki, Otaegi eta beste hainbaten oroitzapenak. Ez
da hori, halaber, testu honetan aipatu nahi dudan memoria mota,
pertsona batek bere bizitzaren edo aro jakin baten hondarrean
eginiko oroitze, galbahe, baztertze eta jasotze ariketa dena baizik.
Euskal letretan azken hilabeteotan atera da liburu interesgarririk
oroitzapen ariketa gisa, baina, egiari zor, ez ditut irakurri, eta beste
baterako utziko ditut. Nik buruan dudan liburua, zuekin partekatu
nahi dudana, Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano da,
1974an nobela historikoa goitik behera eraldatu zuen maistralana.
Flauberten esaldi bat aipatzen du Yourcenarrek oharretan:
“Jainkoak ez zirenean jada existitzen eta Kristo artean agertu gabea
zenez, momentu bakana egon zen, Zizeronetik Marco Aurelioraino,
soilik gizakia egon zena”. Hura garaia hura! Hain zuzen, Marco
Aureliori eskaintzen dizkio oroitzapenak fikzioko Hadriano
enperadoreak, gizon honen mentalitatea bikain jasotzen duen testu
marabilla honetan. Zertatik marabilla? Batetik, botere gorenaren
jabe den gizon baten pasio, kezka, itzal eta handitasunaren
konpilazio aparta delako. Bestetik, obra politiko brillantea delako,
Erromaren handitasunaren berme gisa konkista ez diren beste
metodo batzuk nabarmentzen direlako, eta horretan Hadriano
jakintsuak egiten duen ahalegina. Bukatzeko, gaztelaniazko
itzulpena Julio Cortazar handiarena da, eta aizue, egunero ez da
halakorik esku artean edukitzen. Euskaraz ere bada lana,
Hadrianoren oroitzapenak izenburuarekin, Joxe Austin Arrietak
1985ean itzulia, eta, aditu dudanez, itzulpen aparta da. Cortazarren
edo Arrietaren artean aukeratzea luxua da, ez da hala?
Memoriak irakurtzen memoria ariketari buruz aritu naiz
pentsatzen. Zer du batek ondorengoei kontatzeko? Nik gero eta
gutxiago, hori ziur. Hitz egiten ikastea baino gehiago kostatu zaidala
isiltzen ikastea, lodi egoteak ez nauela lodifobiatik libratu, gorroto
ditudala autobusetako eserlekuak hankak ezin kabitu egoten
naizelako eta interes gutxiko beste txikikeria batzuk. Hobe
Hadrianorenak irakurri eta Yourcenarren talentuaz gozatu.