Zero gunea. Gaztela. Hala Bedi.
Aho txikiaz esan ohi dut, egia guztien antzera, gidari bezala beldur handiena diodan hiria Gasteiz dela. Horrek ez lioke lotsarik ekarriko Itsasutar bati, kilometroak barkamen, ezta Bilbotar bati ere, jakina baita metroa dela haien territorio libre bakarra Castrora doan bideaz landa.
Baina Gasteiz misterioa da; horren berdin, horren lau, horren karratu… eta misterioek badakarte gauza bat eta kontrakoa, erakarmen beste izu. Nik bietatik dut frango, eta joaten naizen neurri berean ekiditen dut Arabako hiriburua. Iragana, Txagorritxuren itzala (beti hedatu izan dena Debagoienaraino, 0 gunea izan baino dezente lehenago) edota zorizko hiri unibertsitario Donostia hautatu izana dira ni aldendu nautenak. Erakarri aldiz saskibaloiak, Hala Bedik, Arrasate utzi eta aldirietan habi egin duten kuadrilakoek edota Xabier Montoiaren Gasteizko Hondartzak liburu apartak.
Ez zait Gasteizi eginiko omenaldi hoberik okurritzen, egun gasteiztarrekiko gainontzeko euskaldunok dugun paternalismo eta mespretxuaren aurrean, iragan gris eta gaztelartua begien parean jarri eta dotoreziaz besarkatzea baino. Guztiz gomendagarria ipuin sorta.
Gaiz aldatuz, irakurri dut hiltzean gehien errepikatzen den azken hitza ama hitza omen dela. Ez dakit non irakurri dudan eta ez dakit nori irakurri diodan. Probabilitatez, zer edo zer esatearren, Arantxa Tapiari ziurrenik. Baina akaso Iñaki Peñari zen, Isabel Celaári edota Britney Spearsi. Ez izan gogorrak nirekin, arren, garaiotako seme bainaiz, dakien hori nondik hartu duen ez dakienez ezjakin hutsa, bere gailur intelektuala Egunean Behin jokoa irabaztetik harago irudikatzeko lanak dituena.
Ama, alfa eta antza denez omega. Egiak esaten behini hasita, zer dakigu benetan gizonok amatasunaz? Zenbat denbora eskaini diogu horri buruz pentsatzeari? Zer da topikoa eta zer alea?
Tradizionalki, liburua irakurtzea da honi jar dakiokeen erremediorik onena. Katixa Agirreren Amek ez dute nobela puska esate baterako, Gasteizen kokatua eta berau irakurri dutela esan didaten guztiengan arrastoa utzitakoa, ni barne. Ongi idatzia, azkarra, zorrotza, brillantea da. Ausaz liburua zabaldu, pasarteren batean begirada iltzatu (hau, benetan egiten dut ausaz, ezein orri hartu eta horko paragrafoa kopiatzearena) eta liluratzen zaituen zerbait aurki dezakezu. Hemen adibidea: Hiru hilabete hiru ordu jarraian lo egin gabe igaro ondoren, hasieran bi egunean behin eta gero astero eta gero hamabostero umea pisu kontroletara eraman ostean, umearen gorotz/gonbito/muki/eztul ororen erregistro estua eraman ondotik, ama identitateak beste identitate guztiak zurrupatu zituen, aintzinako ni horiek ahanztura absolutuenera kondenatuta. Idazlea ni? Langilea ni? Emaztea ni? Alaba ni? Laguna ni? Trafalgar Square-ko iturrian biluzik bainatu zen hura ni? Uda bataz Ness lakuko gidaria izan eta turista amerikarrekin ligatzen zuena ni? Bai zera!
Eusko Jaurlaritzaren deiak horretaz ohartarazi ninduen. Ordurako ez nintzela ni. Eta hasierako nahasmendua gaindituta, zera erabaki nuen: bazela erabakiari buelta emateko garaia, eta hor nonbaiten suntsitutako neure izatearen hondarrak biltzen hasi beharko nintzela.
Gasteiz laua da, ni galdu egiten naiz, mapak ez dira lotsagarriak.