Kobazuloa

The princess bride. Samuel Beckett. Hulk Hogan.

Nerabetan espeleologia zaletasunaren fasea igaro genuen, pantaila aurreko gizaldian. Bizikletak hartu, linternak, askaria eta ziztu bizian irteten ginen kezka arineko udatan Arrasate inguruko koba eta osinetara. Abentura kideek zirrara, freskotasuna, iluntasuna, ur hotsa edota bestelakoak oroitzen dituzte. Nik, ordea, kabitu ezina.

Lagun on baten aholkuz erosi nuen, ez hasiera batean gogo onez, Box Brownen André el Gigante komikia, Astiberrik gaztelaniaz argitaratua. Bertan André Roussimoff frantsesaren bizitza kontatzen da, bulgariar eta poloniar etorkinen semea bera, pop ikonoa izana hamarkada luzez bere wrestling (borroka profesionala), aktore edota celebrity ibilbidearengatik.

Komikiak André Erraldoiaren borrokalari ibilbidea du ardatz, ikuskizun (kirol?) horri eskaini zion guztia, bere aitatasun ez eredugarria, osasun arazoak, famaren kudeaketa… albo batera utzi gabe. Bereziki kuttun dudan pasartea da haurra zela eskolako autobusean kabitu ez eta bizilagunak furgonetan eskolara eroaten zuenekoa. Bizilagun hori Samuel Beckett idazle ezaguna zen.

Princess Bride pelikulako grabazioaren pasartea ere xamurra zait oso.

Halaber, nik tonu mingotsa hartu diot komikiari zati handi batean. Horren adibide David Letterman aurkezle estatubatuar ezagunaren programara joan zeneko elkarrizketaren pasartea. Honek galdera tipikoak egin zizkion: Jendeak ikusten zaituenean beldur da zutaz? Zer gertatzen da taberna batera sartzen zarenean? Andréren erantzuna azken galdera honi: jendea joan egiten da. Publikoak barre egiten du, Letterman dibertitzen ari da. Zure lanagatik asko bidaiatu behar duzu, nola daroazu hori? Andrék ondorengoa esan: Hotelari matrimonio ohe handia eskatzen diot. Okerrena Japonia da, dena baita oso txikia. Ezin naiz komunera joan, ezin naiz atetik pasa. Barre ozenak berriro ere.

Komikiko narratzailearen ahotsak dio: Letterman ez da jabetzen ze zintzoa den zinez bere hitzetan André.

Kobazuloan jaiki eta buruaz jo dut estalaktita. Izutu nau berau haustearen aukerak, baina zorionez, nire buruak garatuko du koskorra. Ez da erraza norberaren gorputzaren onarpena, beti arraro zarenaren sentsazioa izan baduzu. Ikasketa luzea da eta bidean min handia egin diezaiokezu beste pertsona batzuei. Nik lotsa hori daroat nirekin pausoz pauso, kobazuloaren ahoan, argi printza batzuk ikusten direlarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude