Eztia

Georgia. Haurtzaroa. Dolua.

Zapore berria dakar idazle berrien haizeak. Hala behar du izan, bestela ez baita ez haize ez berri. Haize hori ez dator bakarrik, haize hori euren etxeetan lanean ari diren norbanakoen gogoetek harrotzen dute. Badatoz, badira. Eta eskerrak eman dizkiegu euren eskuzabaltasunagatik, kasu honetan Oihane Amantegiri Ibaiertzeko ipuina, Elkar 2020.

Liburuak Estatu Batuetako hegoalde mitikora garamatza, ibaiertzekin lotua den kultura batera. Neskatila baten bizitzak tragedia kutsua du hasiera hasieratik. Bere gurasoak Ochlockoneen instalatzen dira eta gogor ekiten diotel lanari, zoragarria da tupelo eztiaren pasartea, ibaiaren uholdeek markatutako erritmoan.

Haurtzaroari eginiko gorespena iruditu zait eta lortu du nik irudikatzea etxaldea, armonika doinuak aditzeea eta emakume beltzaran mardulen barreez kutsatzea. Kontrara, faltan bota dut gurasoen arteko harremanean zertzeladaren bat gehiago, arrazakeriari aipuren bat edo beste (akaso hemen errua nirea da, Arde Mississipi bezalako filmen eraginagatik) eta Karonteren kondaira greziarraren erabilerak ez nau konbentzitu. Akaso hobe mitologia propioa garatzea kasu honetarako, nire ustez beti ere.

Zorionak egileari eta liburu askotarako!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude