Paco Loco. Musika. Artea.
Paco Loco musikari, soinu teknikari eta ekoizle asturiarra da, egun Cadizen bizi eta bertan duen arren musika estudioa. Bere Loco gaitzizena izenburu duen liburua -eta bere aurpegia azal- 2016an argitaratu zen (Hurtado & Ortega ediciones, nik 4. edizioko alea irakurri dut, 2017koa) eta bitxikeria erabatekoa da.
Lagun talde melomanoa eta rock taldea zuena eduki izanak eraman ninduen gaztetxo kozkorra nintzelarik Arrasateko Shot! estudiora eta bertako nagusi IƱaki Bengoa ezagutzera. Lagunengatik entzunak nituen Kaki Arkarazo, Jonan Ordorika, Haritz Arreguy edota Mikel Kazalisen izenak. Geroago etorriko ziren Ross Robinson eta halakoak, baina jada zaletu soil gisa gisa, mitomaniarik eta laguntasunaren karga emozinalik gabe.
Urteekin esan beharra dut apur bat aldendu naizela musikatik, baina mantentzen dut doinu harrapaketarekiko lilura goiztiar haren zatirik handiena. Pistak banaka grabatze hori, nahasketaren magia, masterra, faderrak, mikroak, kableak eta bestelako hiztegi musikaleko berbak.
Horregatik, lilura hark xaxatuta, hartu nuen akaso Arrasateko Bibliotekan Paco Locoren liburua, ala, ziur asko, bibliotekari finek badakitelako nola jarri amuak ni bezalako letrajale orointeresdunei. Paco Locok duen umore bitxi horrekin -hasieran flipatu nuen eta bukaerarako maitagarria egin zait- xehe eta zintzo kontatzen ditu bere hastapenak, bere teknika eta iritziak, musika taldeei buruzkoak, produktore izatea zer den… Besteek hari buruz esanikoak ere ageri dira eta oro har entretenigarria da liburua baita mundu horretatik apur bat aparte gaudenontzat ere, sormen lan ororen disekzioak eragiten duen interesetik -horregatik da flipantea azken kapitulua, non estudioko katxibatxe guztiak deskribatzen dituen-. Niri bereziki egin zaizkit baliagarriak teknologiari buruz esanikoak, lehengai onaren garrantziari buruzkoak, musikarien demanden ingurukoak… eta hari osoan zehar tipo bitxi bat, koherentea dirudiena bere ideiekin eta inguruko hainbaten miresmena lortu duena bere autentikotasunetik.
Irakurketa freskoa eta bizigarria udarako, trabatu eta albo batera utzi ditudan beste liburu adreilu batzuen zapore txarra kendu didana.