Aitona

Erretratua. Mréjen. Brutala.

Argitaletxearen sinopsiak azpimarra egiten dio belaunaldi erretratuari eta egilea, Valérie Mréjen idazlea -bere Tercera Persona lana ere oso gomendagarria da-, 1969an jaioa izanagatik uste dute belaunaldi erretratua dela gai zentraletako bat Mi abuelo (Periférica, 2021, Sonia Hernández Ortegak itzulia) lanean. Nik ez dut halakorik antzeman, egia esan. Ezta ez diot nobela trazarik hartu, ukaezina den arren apunte solte formatua duen artefaktu -ze erraza den hitz hau baliatzea besterik okurritzen ez zaizunean- horrek baduela hari bat eta pertsonaia batzuk.

Liburua, liburuxka, apenas 72 orrialde dituen obra txikia baita bai tamainan bai luzeran, ederra da eta aiztoaren ahoa bezain hotza baita tarteka. Ziur asko aspaldian irakurri dudan sarrera paragrafo brutalenetako bat du eta tartekatzen dira familia kideei buruzko apunte kariñozkoak eta giza-iluntasunei buruzko iradokizun hein batean agerikoak, horrenbeste amodio, desamodio, tragedia eta pertsona argi-ilunez beterikoen artean irristatzen direnak. Umore garratza edo garraztasun umoretsua da gainera lortzen duen efektua, azaroko ilunabar eguzkitsu batek lortzen duena bezalakoa.

Familia erretratua da liburua, Natalia Ginzburgen erretratuaren antza izan dezakeena zentzu horretan, baina, jakina, ez da familia bera, ez da herrialde bera eta idazleek ere gutxi dute antzekotik. Mréjenek esan esaten baitu, baina esaten duen horrek iradokitzen duena hain da sakona, horrebestekoa da bere gaitasuna hitz gutxirekin pertsonaia erraldoiak marrazteko, 72 orri aski dituela beste askok 1000 beharko genituzkeen lekuan.

Aholkagarria guztiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude