Xalbador

Azken bidea. Etxezaharreta. Indarra.

Oso liburu berezia da. Bere hartan harribitxi bat, urte luzez nirekin mantendu nahiko nukeen horietakoa ostegunez etxera iritsi zitzaidan arren. Karrikiri da euskarazko liburuak erosteko leku onenetakoa eta nire erreferentziazko lau liburu dendetako bat. Lautik hiru Iruñean egotea bada zerbait.

Lucien Etxezaharretak kontatzen du Xalbador azken bidean (Maiatz, 2016) liburuaren hitzaurrean Parisen zela Xalbadorren heriotzaren berri eduki zuenean. Eta hura zenez harentzat munduko poetarik onena, eta bere heriotzak eduki zuen sona apalak penatuta, trena hartu eta Euskal Herrira bidaiatu zuen biharamunean Urepeleraino bertaraino, Xalbadorreneraino, iristeko. Argazki kamera soinean zeraman Etxezaharretak.

Liburuan dokumentatzen dena da Xalbadorren gorpuaren azken bidea, etxeko beilatik elizara, elizatik kanposantura. Orriko argazki bana, zuri beltzean, letra italikoz Xalbadorren bertso pasarteak eta letra arruntez egilearen iruzkinak. Irudietan gizonak ageri dira, batez ere gizonak, oso zaila delako emakumerik bertan aurkitzea ia 35 orrialde pasa arte, nahiz eta ageri den emakume bat, senideren bat ote, den libururuko estanparik indartsuena. Dotore doaz denak, gaur egun joan ohi garena baino dotoreago behintzat bai, serios eta penatuta.

Hain da soila liburua, hain biluzia, biziki ederra dena. Argazkilari amateur baten jarduna da zerbait handiari emana. Momentu bat hatz artean atxiki nahia, zerura airatzen den puxika balitz bezala.

Erosi, hartu, uzteko eskatu. Erosoen zaizuena. Baina lagundu Xalbadorri bere azken bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude