Bosforoa

Sonmez. Labirintoa. Memoria.

Idazle kuttuna du Nazioarteko PEN Klubeko Lehendakaria den Burhan Sönmez erbesteratu turkiarra. Herri txiki batekoa jaiotzaz, ahozkotasun kurdo eta turkiarrak blaitzen du bere obra, bereziki blog honetan iruzkindako Istanbul, Istanbul eta detaile hau ageri da ere bere azken lana den Laberint (Somnez 2019, Xavier Gaillard Plak katalanera itzulia, Periscopi 2022) nobelan. Erbestea, memoria, mina eta laguntasuna dira besteak beste Sönmezen lanetan ageri direnak.

Nobela honetako protagonistak, Boratin gazteak, bere burua bota du Bosforoko zubitik behera. Mirariz zauri arinekin atera zuten itsasotik baina memoriarik gabe. Mediterraneoak jan dizkio oroitzapen dena. Ordutik amnesia kapritxosoa du, ez baita akordatzen nor den edo bere arrebaren aurpegiaz, baina datu historikoak gogoan ditu. Lagunak alboan dituela, batez ere berak lideratzen zuen (duen?) blues taldeko kideak, ahaleginduko da memoriarik gabe bizitzen oinazeak eta galdera terrible baten itzalak, badaki bere burua zubitik bota duena baina ez zergatik, pertsegitzen duen bitartean.

Kritikaren batean irakurri dut Istanbul dela liburuko pertsonaia. Izan liteke, bada hiri baten gainean eraikitako hiria, zein hiri ez da hori?, baina kristautasunetik islamera edo alderantziz jauzi egin duten lurraldeek badute zera berezi hori. Zapaldu nahi bat irabazleena eta ezabatu nahi den horren betiereko itzulera. Ez dakit Granadan denbora eman duzuen. Edo Kordobako kaleetan galdu. Ba hori, iragan gabe ez da erraza aurrera egitea.

Marxek zioen, bukatzeko, hildakoen zamak zapaltzen gaituela. Arnasik gabe utzi. Boratinek nahiko luke joan bere Anatolia penintsula erdialdeko herrixkara, arreba eta iloba bisitatzera, baina ezin du. Indar ezezagun batek oztopatzen dio bisita gazteari, egileari herrialdera itzultzea oztopatzen dion gisara. Bitartean Bosforo itsasertzean jardungo du batak, pertsonaiak, Mantxako Kanalaren ertzean besteak, idazleak, iraganik gabe bata eta aberritik egotzia bestea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude