Paris. Rivero Taravillo. Literatura.
Hirutan egon naiz Parisen eta hiruretan espetxea edo manifestazioak tarteko. Pendiente dut bisita, baditut han gainera bisita nahiko nituzkeen senideak, baina irakurri beharreko liburuen pila bestekoa dut bisitatu beharreko hiriena. Frantziako hiriburuan egon nintzen batean epaiketa bat ikustera joan nintzen, arrasatear eta zarauztarrak ziren epaitu beharrekoak. Pasa dira urte batzuk. Artean Notre Dame erretzeke zen, bisitatzeko zortea eduki nuen alboan baitzen, eta liburu denda batera sartu nintzen ausaz. Sartre eta Orwellen liburu bana erosi nituen, ingelesez. Ez nekien garai hartan. nor zen Sylvia Beach. Ez nekien Shakespeare and Co. liburudenda ospetsuan egon nintzela.
Izugarria da zoriak gugan eduki dezakeen eragina. Hain zentzugabea da hori Rayuelako protagonistentzat beste norbanako arruntontzat. Planifikatu, aurreikusi eta ordenatu nahian ari garen dena zapuztu baitezake zoriaren bufada batek. Dadoak bota eta pertsona batekin topo egin. Karta bat buruz gora jarri eta okerreko kalean sartu. Hala iritsi naiz ni 1922 liburura (Antonio Rivero Taravillo, Editorial Pre-Textos, 2022). Beno, ez da zoria izan. Fede handia dut Arrasateko Bibliotekarien gustu onean. Horregatik nobedadeen apalean diren liburuak hartu ohi ditut egileak ezagutu ez arren.
Itxi dezadan zirkulua. Antonio Rivero Taravilloren liburuan oso garrantzitsua da Sylvia Beach, berak finantzatu baitzuen Joyceren Ulises 1922an. Eta hain justu hori du ardatza obrak, liburu horrek suposatu zuena Elioten The waste land olerki liburuarekin batera. Bien artean Ezra Pound, egin eta desegiten, eta lagun zirkulua isten Yeats. Baina poeta anglosaxoi deserriratu talde hori baino askosaz gehiago zen Paris 1922an. Banguardia literario eta artistikoen habia, Breton,Gidé, Picabia edo Picasso tarteko. Errusiar zuri eta gorrien pasaleku edo ihesbide, Ajmatova edo Maiakovski esate baterako. Irlandar iraultzaile eta erlijioarekiko izu zirenen antzoki. Hemingway gazte baten pizgarri. Azkenetan zen Proust handi baten hiri. Hura urtea 1922a! Kafka,Mansfield, Cernuda, Lorca, Tzara, Woolf, Einstein. Mussolini boterera iritsi berria zen. Lenin bizirik zegoen. Dalik orduan ezagutuko zuen Lorca. Eta hauek eta gehiago, literaturarekiko maitasunez kontatuak, datu mordoarekin baina horditu gabe, gozamen eta inbidia handia eraginez Ulises osteko 1. urtea bizi izan zuten horien ibilerak irakurrita.
Literatura, historia eta oro har ardo ona gustuko baduzu irakurri beharreko obra.
Joxeri aipatu berri diot blog sarrera hau. Joxek eta zuk kointziditu duzue liburu-denda aipatzen: https://blogak.goiena.eus/faroa/2022/04/07/liburu-saltzaile-adoretsua/ 🙂
Eskerrik asko bioi ze ikasteko aukera ematen diguzue blog irakurleoi.
Eskerrik asko zuri, Iban, gu irakurtzeagatik!