Carlotto. Italia brown. (H)ilbeltza.
(Kontuz, post honek spoiler arrastoak eduki ditzake)
Aspaldian ez dut Giorgio Pellegrini bezalako pertsonaia doilor, gaizto eta amoralik aurkitu liburu batean. Zer pentsa eman dit. Bere aita, aita-orde, lege tutore edo mentorea Massimo Carlotto idazlea da, irakurri bere biografia, eta obra berriz Agur, maitea, ikusi arte (Txalaparta 2021, Koldo Bigurik itzulia, originala 2001ekoa). Nobela honen itzulpena argitaratu zen (H)ilbeltza IV. bekari esker.
Pellegrini protagonista absolutua damutu-nazkatu-aspertu den ezkerreko militante irautzailea da, Hego Amerikako gerrilla batean ganorabekerian dagoena. Hortik hasita odolez blai bidaia ekingo dio bere iraganak eragindako orban judiziala garbitzeko eta parean duen orok dastatuko ditu bere metodoak.
Nobelaren alde pertsonaiaren barne monologoa eta erritmo bizia bikain eramanak daudela. Road Movie frenorik gabea da, emakumeenganako indarkeriaz, erdipurdiko mafia eta tipo ustelez eta polizia salduez josia.
Nobelaren kontra nire ustez erritmo on hau nire ustez pertsonaiak irensten duela. Horrenbeste ze egiten dituenak serial killer baten jardunetik gertuago dauden desesperazioak jotako gizon batengandik baino.
Halere, eman aukera bat liburuari. Ez baita halako askorik euskaraz. Hor sartzen da (H)ilbeltza elkarteak egiten duen lan nekaezina, zer esango dizuet bada nik, eta erakusten digu zeinen ahula eta indartsua den aldi berean gure literatura, herri ekimenei horrenbeste zor diena. Ez diet kendu nahi ezta meriturik ez Txalapartakoei ez itzultzaileari, liburu arin, erakargarri eta bizia lortu baitute.
Ea lagin honek balio duen liburuaren tonua dastatzeko:
Ez da inoiz presa larregirik eduki behar krimenaren geralekutik al de egiteko. Arriskua dago txikikeriaren bat ahaztu eta ikerlana arrasto egokian jartzeko. Aneddak eta biok zapatak eta galtzak aldatu genituen, zendutakoen armairuan zeuden gauzekin.Gure arropa zabor poltsa batean sartu genuen, gerrikoarekin, pijamarekin eta mahai-hankarekin batera, geroago hiriko beste leku batean uzteko.
Bukatzeko, azken orrietan Ipar Ligari eta iparreko fantasiei egindako kritikak dira behinenak. Esan beharra dago horretan egileak usaimen ona eduki zuela. Italia ilun-iluna marrazten du, eta oraindik are gehiago ilunduko dena, turistak lotara doazenean geratzen den atrezzo bihurtuta.