Alfa

Hastapenak. Carvalho. Herbehereak.

Post honek spoiler arrastoak eduki ditzake.

Josteko makinari buruzko post ederra zatekeen. Guk etxean Singerra dugu, baina uste dut amamak Alfa ere bazuena. Ez nago ziur eta ez dio inporta egia esan. Izan ere, Eibarko enpresa ezagunaz ez, greziar alfabetoko letraz jardun nahi dut. Edo egozten diogun hasiera esanahiaz, hobe esanda. Vázquez Montalbánen detektibe ospetsuaren aurreneko abentura da Tatuaje izenekoa (Planeta 1976 lehen edizioa, nirea 2020ko Booket sailekoa). Polita da beste istorioak irakurri ostean ekitea honi eboluzioa agerian geratzen delako: Carvalho-Charo harremana, Biscuterren ausentzia, Bromuroren presentzia eta ondorengo fintzea, CIAko agente ohiaren zama ondoren Komite Zentraleko atalean ezik ia desagertua dena edota atzerriko hiri baten presentzia Bartzelona omnipresentearen ordez besteak beste.

Kasu honetan gizon ezezagun baten gorpua agertu da hondartzan, arrainek aurpegia janda dagoena, tatuaje handi eta nabarmen bat duena soilik bereizgarri. Barregarria eta ia xamurra da nola kontatzen den liburuan tatuajeen mundua, zein zen 1976 urrun hartan zeukan kontsiderazioa eta egun bizi duen eztanda. Ez da arraroa klase sozial denetako gizon nahiz emakumeetan ikustea halakoak, aspaldi utzi ziren atzean marinelen istorioak. Kasuan Carvalhok misioa du, bakarra, hildakoaren izena jakitearena. Bidean baina bere jakin-nahiak eroango du enkargutik harago joatera, ezin baitio muzin egin misterioa argitzeari. Hori da askoren galbide, hain zuzen ere, Galeanoren ipuineko papagaioari ez ezik askori bizitza mingostu diona.

Ondo dago liburua eta hastapenetik bertatik ageri dira Carvalhoren sagako hainbat bereizgarri: detektibe eszeptiko eta zakartasun erromantikoduna, gastronomiaren zentralitatea, emozio basikoen garrantzia krimenetan bestelako motiboen gainetik eta abar. Nik faltan bota dut Biscuter, iruditzen zait ematen diola grazia handia kontuari, baina eskertu dut Herberehetako deskribapena. Ondo betetzen du funtzioa nobelak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude