Carvalho. San Magin. Bajos fondos.
Jogurt honek spoiler trazak eduki ditzake.
Fernando Leon de Aranoak bikain laburbildu zuen zer den langile auzo bat eta nola lagundu izan zaien auzokideei ur motorraren metafora ederrarekin. Zenbat inbertsio ez ote den egin horrela, argazkian pentsatuz gehiago epe luzeko hobekuntzatan baino. Auzo horietako asko hainbat jatorritako jende gazteak eraiki zuen, etxebizitza merke eta maiz material txarrekoak besterik ez zitzaizkielako eskaini udal zerbitzu gutxirekin. Gogoan dut Lasarten ezagututako auzotarren auto-antolakuntza esperientzia aberatsa, nolako antolaketa maila zuten eskola ere eurek sortu eta kudeatzera artekoa. Arrasaten ere orain sortu da auzo elkartea Doneztebe Portuko kalearen bueltan, zaharturiko periferia artean bizirik denaren seinale.
Planeta Saria jaso zuen 1979an Vazquez Montalbanen Los mares del sur (originala Planeta 1979, berredizioa etxe beraren Booken sailean 2020an) nobelak eta esan behar da istorio borobila dela. Hirugarren abentura liburutua du Carvalho detektibeak honakoa eta bertan Stuart Pedrell aberats eszentrikoaren erailketa argitu beharko du. Pedrell bazkide bi ditu, aristokratata bizi zalea bata eta enpresagizon nekaezina bestea, eta hirurek frankismoan (eta ez frankismoak) ohikoak ziren entxufe eta mesedeen laguntzaz makina bat diru egin dute. Tartean San Magin auzoa, Espainiatik Kataluniara lanera joandako langile auzoa, material eskasez eta maitasun gutxiz. Niri hori egin zait liburuko interesgarriena, Carvalhoren abenturak irakurri ahala nola garai baten mosaikoa eraikiz doan idazlea eta kasu honetan periferiako langile auzo batek hartzen du protagonismoa.
Liburua amaituta blogeko sarrera hau idazteko kontrazala hartu dut eskuetan eta jartzen du hitzez hitz hau: En la Barcelona de 1979, en vísperas de las elecciones municipales, el detective privado Pepe Carvalho tiene que investigar las causas de un misterioso crimen: la caída social de un importante hombre de negocios que huye de una vida acomodada en uno de los barrios más selectos de Barcelona y reaparece un año después, muerto a navajazos, en su Polinesia particular, en los bajos fondos de la ciudad. Zer eta San Magini deitzen dio bajos fondos argitaletxeak, kontrazaleko laburpena idatzi duenaren izen zehatzik ez baitut. Zergatik da bajos fondos, aberatsa ez delako? Luxurik ez delako? Izan ere krimenik edo bestelako kontu ilunik ez da ageri. Topikoaren erabilera maiztua besterik ez da, esaldi tontoa? Mundu ikuskera batetik idatzi da hori, duda gabe, eta klase borroka irabazi dutenena da.