Autofikzioa. Ondarroa. Boga-boga.
Bat, ez zait okurritzen ezer askorik Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) nobelari buruz honezkero kritiken hemerotekan esan ez denik. Ados nago ñabardurak ñabardura kritikari askok dioenarekin eta zerbait gehitzekotan orriotako fikzio apurrak kalte egiten dio marinelei eta Ondarroari buruzko pasarte interesgarrien konpilazioari.
Bi, Artetaren mural baten lamina dakar liburuak orrialde artean ezkutatua. Badu zerbait obrak, Bastidatarren etxean egoteko eginak eta egun Bilboko museoan denak, aktuala eta tristea dena. Amildegia iradokitzen dit niri eta gustatu zait Uriberen ikuspuntua beste bat izatea. Begirada beste koadro dago lamina horretan. Artea batik bat interpretazioa baita eta hor bakoitzak du berea, maiz zerbait gustukoa edo ez gustuko dugula aitortzeak lotsa ematen badu ere. Hori du ona arteak, kritikak kritika, entzule-ikusle-irakurle bakoitzak eraikitzen duela harreman propioa artearekin eta kasu honetan esan dezala hemerotekak (nire bloga barne, jakina) nahi duena liburuak irakurlearen asebetetzea badakar. Horregatik irakurtzea merezi du liburu honek eta ondoren bakoitzak epai beza. Horra neronek kritiken hemeroteka soilik blog honetan idazteko kontsultatzearen arrazoi nagusia.