Taxiak. Montoia. California.
Barka iezadazue blog irakurle bakanok izenburuko hitz joko merkea. Badirudi uberren diktadura hastear dela Netflixeko seriei kasu eginez gero, start up teknologikoen eta estatuen arteko borroka ere baden taxi-uber borrokan apenas agertzen baita taxirik azkenaldiko plataforma serietan. Horra hor hari mutur interesgarri bat, altxamendu frankista ostean irabazle artean banatu ziren lizentzien nondik norakoa jarraitzea bestekoa, baina ez da hori gaurko xedea. Izan ere, gaur, Xabier Montoiaren azken lana den Taxiak ez dira inoiz gelditzen (Susa, 2021) lanari buruz jardun nahi nuke.
Izan nadin zintzoa, ez zait liburua gustatu. Ez dizkiot irakurketa ordurik onenak eskaini, neke pilatuen gailur diren ekain iluntze luzeak besterik ez ditut izan berarentzat, baina hori hala izanik ere ez nau asebete. Nekeari buelta ematen lagundu didaten makina bat liburu irakurriak ditut, eta honek ez du halakorik eragin, ezta hurrik ere. Hona ekarri badut orain arteko nire irizpidearen aurka da pieza solte batzuk ederrak iruditu zaizkidalako, bereziki liburuari izena ematen dion “Taxiak ez dira inoiz gelditzen” ipuineko aurreneko orrialdeak eta baita “Errimelezko malkoak” ipuina. Beste batzuk ez zaizkit sinesgarriak egin, esate baterako “Zarata” (bukaera oso hotza da, are gehiago kontatzen dituen zera gogorrak kontatu eta gero) eta “Samuraia eta printzesa” (flipada bat da). Lehen begi kolpean gustura irakurri arren umetako Mikojet izozkiek uzten zizuten zapore bera utzi dit dealerraren ipuinak: izozkiak eta espazioa ez dira erraz uztartzekoak, beraz, zertarako aritu esperimentotan gauza goxoak egiten dakizunean.
Akaso hobe funtzionatuko zukeen ipuin solte liburu gisa. Ez dakit. Izan ere, narrazio arteko hariak ez badira agerikoak, hobe jostorratzekin batera tiraderan uztea. Maizegi aurkitu behar izan dut nire burua orrialdeetan atzera eginaz narratzailea nor den zehaztu nahian, bi ahotsetatik zein ari zaidan hizketan, eta horrek irakurketatik atera nau behin baino gehiagotan. Galduta sentitze horrek gainera gozamenari zuzen-zuzenean eragin dio.
Ba omen dira taxi gidari batzuk turistei adarra jotzen trebreak. Donostiatik Bilbora Iruñetik pasa ohi direnen kastakoak. Liburu honetan ez dakit adarra jo didaten, ezetz esango nuke, baina nonbaiten galdu izanak pena ematen dit horren hasiera iradokitzailea irakurri eta gero:
Oso aspalditik aditzen ez nuen usain bat aditu dut gaur. Gorotz eta hezetasun halako nahasketa bat. Mendira joan gara eta, baserri baten aurretik pasatzerakoan, bete-betean jo batu. Gustatu egin zaie lagunei. Benetakoa iritzi diote, ia naturaren beraren lurruna.
Benetakoa. Esan beharra dago gero. Ia edozeri irizten diote hala, hiritik pixka bat urrundu orduko.
Udako irakurketa ordurik onenak eskaini dizkiot liburuari. Gustatu zait.
Eneko, aipatzen duzu sinesgarritasunaren gaia. Nire ustez, ezer bada garrantzitsua nobeletan, ipuinetan… sinesgarritasuna da. “Zarata” kapituluko “zerubidea” saltzen duten lekuak ezagutzeko ez dago zertan milaka kilometro egin. Badira. “pentsatu beharrik ez dagoen leku” moduan aipatzen dira ipuinean, “hitzontzikeria gaizki ikusia zegoen Zerubiden”, aizta-anaiak, norbere familiakoak baino maitekorrago den jendea… Niri ez zait sinesgarri iruditu bakarrik, leku hori “ikusteaz” gain pareko nengoen irudikatzen neure herrian bertan lekaime joan diren bizpahiru lagun. Zerubidera haiek ere, beraien esanetan. Omen. Erretirora, pentsatu baino otoitz egin behar den leku horietako batera; kantu, arao, errosario osteko letania… Lurrean etzanda lo egin osteko egitekoak. Hain gertuko iruditu zait kontatzen dena ni oso urrun egonagatik…
“Samuraia eta printzesa” flipada bat direla diozu. Seguruenik kokak eragindako flipadaz ariko zara. Niretzat hori ere ere bada Donostia. Koka eta aberatsak. Flipatzeko zer gehiago behar da ba? Bide batez, kapitulu honetan ere aipatzen da sekta izaera. Sinesgarria? Bai. Ez dakit konbentzitzen erraza naizen-edo… Sexua, desira, maitasuna
Amaitzeko, niri, bereziki gustatu zaizkit ipuin arteko loturak. Poztu-edo egiten ninduten irakurri ahala.
Hau da hau! Liburu bat eta irakurle bi. 🙂
oh.:
Ezin esan barik laga: eskerrik asko blogeko sarrera hauek guztiongatik. Gustura irakurtzen ditut.
Beinke! Hori dauka polita literaturak, atea ireki eta zidorra norberari berea eskaintzen diola. Irakurtzen badut berriz aipatzen dituzunak aipatuta egingo dut. Eskerrik asko eta ikasturte hasiera on!