Kilker. Jimenez. Mundaka.
Kilkerrak ixildu egin dira Hawaiin. Hala jasotzen du Zientzia Kaiera webgune guztiz interesgarriak hemen. Bizirauteko ezinbesteko dute ixiltasuna. Izan ere, testuak dioen bezala, Hawaii artxipelagoan arerio latza dute: Ormia ochracea izeneko euli parasitoa. Hain zuzen kantu doinuari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantariak eta kantariaren inguruan eta gainean uzten ditu bere larbak.
Beste kilker batzuk ere, itsaso bat honantzago, ixiilik geratu ziren 1937an eta 1939an faxisten artean biziraungo bazuten. Ihes egitea lortu zutenek oinaze eta min artean ere ez zuten kantu ozenik haizatu. Borrokatu, galdu, traizioa jasan eta erbestea dastatu zuten hainbatek.
2003an idatzi zuen Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak nobela (Susa, 2003) Alejandro Mallona alkate jeltzalearen fusilamendua ardatz. Fikzioan zahartzaro betean den Uriarte gudari eta espioi oihari bisita egiten dio ezezagun batek. Elkarren arteko elkarrizketek hainbat hari ateratzen dituzte eta Jimenezek hari bakoitzari tiraka onduko du eleberria: zahartu den gudari ohiaren nahia berarekin ezagutza gal ez dadin, arbaso denak gaurko begiz eredugarri ez izatearen zama, gerran Jaurlaritzak xaloki eginiko akatsak, jende gazte eta fin askoren eskuzabaltasuna, ezinezko maitasunaren zauria, laguntasuna… Dena kresal zaporez, Intxortako historia ezagutu duen irakurle honentzat liluragarri eta esker oneko. Gutxi egongo da euskaraz itsasoari buruz egun hain ondo idazten duenik.
Vox eta Desokupa gurean diren egunotan liburu bukaerako pasartea dakart. Musakola nire auzoko agure batzuei gauza bera entzun nien umetan: xaloegiak izan ginen, ez genuen gerra egiten jakin. Muga estua dago noblezia eta tentelkeriaren artean. Ez da indarkeriarako deia nirea, Arestik etakideen amez dioena maiz dut gogoan, baina ez dut espero gizatasunik faxisten artean. Horrek galdu zuen Mallona eta hori erakutsi ziguten anarkista, akzioko, sozialista eta komunistek
-Halaxe duk, bai. Baina zer nahi duk?- barrea bareturik esan nion-. Hortxe daukak, eskutitzean, Falangeren definizioa -eta solemne jarraitu nuen-. Falange, abnegazio handiz eta sentimendu onen aldekoa zen gazteriaz beterik jaiki zen partidua da; baina era berean Falange justizia hotz eta motz egiteko ere sortu zen; hala bada, ni orain ordezkari nauten juezen aldetik, berori zigortu edo errugabe aitortu behar duten juezen aldetik, inongo bidegabekeriarik izango denik ez du zertan uste izan behar berrorrek.
Ikerketa lan handia dago Jimenezen lanaren atzean, ezagutza. Datuak, kazetariak, giroa, toponimoak. Harrapatu nau istorioak ere, jakin arren, 36ko altxamendu faxistako kontakizun oro legez garratz amaituko duena. Galdera bakarra izan da nola une batean, bukaeran, aholkatzen dion Uriartek bisitariari ahazteko iraganeko Mallonak eta egungoetan jartzeko arreta. Ez zaio arrazoirik falta, eta, halere, ezin diogu ihes egin 1936ko uda sargoriari. Ziur erantzuna interesgarria dena.