Malta

Hammett. Spade. San Francisco.

Sam Spade ez da fidatzeko tipoa. Gogorra, bizia, azkarra, berekoia. Aldi berean, hau dena esanda, ezin esan alproja hutsa denik. Berak eginiko hainbat berari eginikoen erantzun huts baitira. Kontraportadako iruzkinean Nosey Parkerrek dioen bezala, “Bigunkerietatik hain urrun dagoen munduaz idaztean Hammettek heriotzaren begirada hotza ezarri zion bere prosari: gizakiaren ibileren arrazoiak eta barru-barruko motibazioak, era guztietako uste, azalpen eta esplikazioak asmaezinak baitira. Izan ere, gizakia baita bere burua eta besteak engainatzeko sortu den piztiarik trebeena“. Hor dago akaso Hammett eta Chandlerren arteko ezberdintasun behinena, lehenak ekintza gordin eta biluzia erakusten digu eta hitzak amarruaren amu besterik ez dira. Chandlerren detektibeak gogoeta egiten du, bere irakurketak sakonagoak dira, duen sufrimenduaren adinakoa.

Maltako Belatza (Igela 1997, Xabier Olarrak itzulia) izeneko nobela honetan, Bogarti esker aski ezaguna zineman, Sam Spade detektibeak Miss O’Shaughnessy bezeroak endredatuko du. Ustez jarraipen lasaiaz hasi behar zuen mandatuaren ondorioz aurki geratuko da bazkide gabe Spade eta objektu baliotsu baten atzetik mundu erdi zeharkatu duten hiru pertsonen joko erdian: O’Shaughnessy bera, Gutman handi-mandia eta Cairo misteriotsua. Hiru hauek ur handitan sartu diren ur gezako marinel dira Spaden alboan, hauekin ez ezik fiskal nahiz poliziekin norgehiagokan jarduten ohitua baita.

Maskulinitate jakin baten estereotipoa da Spade. Emakumeekiko mira gutxiduna. Egia esan hurkoarekiko, ez bada ofizioko beste kideren bat, gogor askoa da oro har. Eta halere liluragarria da irakurtzea nola bere jokoan sartzen dituen guztiak, nola badirudien detektibea badutela armiarma sarean lotua eta azkenean armiarma bera da Spaderentzat lanean aritu dena. Nobela beltz klasikoa, topiko guztiak erruz kunplitzen dituena, gizarte gogor baten erradiografia bizi eta entretenigarria, bizirauten duten galtzaileen erreinua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude