Stevenson. Jim. Abenturak.
Lantegi abandonatuetan sartzea. Mendian txabola eraikitzea. Farora joatea ekaineko gau batean bizikletan lagunetik batera. Gabai irakurri eta Orreagako guda irudikatzea. San Juan sua. Sugeak jaten zituen Malberen istorioak aditzea. Indiana Jonesen latigoaren zartada. Gauez mendian eginiko lehen kanpaldia. Hemezortzi urterekin atzerrira egindako bidaia. Ertzainak atzetik dituzula gorde-gordeka jolastea Monterronen. Txanpon belztuak ganbarako kaxoian aurkitu eta haien jatorria asmatzen saiatzea. Makien berri edukitzea. ETAkide izan zen osabaren esku latzek aurpegia urratzea. Potorrosingo lehen bainua. Gaizki antolatu eta okerrago atera zen Jarraiko greba. Ipurtargi bila aritzea baserri ostean. Eroskin koko alea apurtu eta hura ezin irekita hiru orduz parkean egotea. Kanboko topagunean oihal etxera sartu zitzaigun apoa. Igeldoko Mendi Suitzarra. Udalekuak…
Abentura hitzaren ondoan ageri da hiztegian Robert Louis Stevensonen La isla del tesoro (Eneida, 2021, Manuel Caballerok itzulia) liburua. Edizioa aparta iruditu zait, benetan dotorea, eta istorioa paregabea. Gazte nahiz helduok atsegin eta gozamenez bizitzekoa. Ez itxaron inork irlaren berri eman arte, duzuna utzi, marinel batzuei batu eta zuri dagokizu, ez beste inorri, orrialde artean galtzea.