Tabucchi. Nostalgia. Denbora.
Gure ezintasun politikoen ifrentzua da darabilgun hizkuntza nagusikeria. Dagokionari eska dakiokeenaren salbuespenetik harago, hiztun askoren ibilbidearen gainetik dator seinalamendua. Badakit gaztelania hiztunek ere egiten dutela, besta menosteko akats linguistikoa baliatzea, baina hori ere jabetza medioak gure egitearen ezintasuna da. Nekez irudikatzen ditut horrela Arrasateko XX. mende hasierako sozialistak, adibide bat jartzeagatik. Haien ametsak zerikusi handiagoa zuen herriko kuartela asaltoan hartzearekin.
Nostalgia ere praktika genezakeen, baina susmoa dut haserregi gaudela horretarako. Europa erdialdeko literaturak horren ondo jorratu duen gaia, urte gutxian desegin baitziren han inperioak, aberastasunak, aziendak eta biziak. Adam Bodor artzapezpikuaren zain, horratx. Kutsu hori hartu dizkiot izatez meridionala den idazle baten ipuinei, blog honetan ere aipatu izan dudan Antonio Tabucchiren Oker ttiki garrantzigabeak da obra. Fernando Reyk itzulia, Literatura Unibertsala sailean. Ze eskertzekoak itzultzailearen oharrak, esan beharra dut.
Ipuin sortan denboraren iragatea eta izan zenaren falta dira hari. Adinean aurrera doazen pertsonaiak, euren amets, nahi, itzal eta erruekin. Bizi izandakoak, alegia. Eskenatokiak ere hala dira, izan zirenak, Biarritz edo Donostia luxuzkoak, Madras exotikoa edo Antonio Machadoren gela. Ondo ezagutzen ditu autoreak Italia, Espainia eta Portugal. Katalunia begiko du eta apenas aipatzen duen Euskal Herria, ipuin bat berton kokatuta egon arren. Detaile honek Buenaventura Durruti gogorarazi dit, hure ere Donostiatik atsegin handirik gabe pasea.
Ipuinek ezinegona dakarte, baina gozatzeko tarteak ere badakartza. Nire gustukoenak Neguaren esperoan, Rebus eta Madrasera doazen trenak ipuinak dira. Rebusekoa aipua: Gaur gauean Miriamekin egin dut amets. Urrutitik kamisoia zirudien tunika zuri luze bat zuen jantzita; hondartzan aurrera zihoan, olatuak beldurgarriak ziren, altuak, eta isiltasunean hausten ziren, Miarritzeko hondartza zen noski, baina hutsik zegoen erabat, ni etzaulki batan nengoen eserita, etzaulki hutsen ilara bukaezin bateko lehenbizikoan, baina beharbada beste hondartza batean, Miarritzen, nik dakidala, ez zegoelako halako etzaulkirik, hondartza baten ideia besterik ez zen, eta nik beso keinu bat egin diot esertzera gonbidatzeko, baina Miriamek aurrera segitu du ikusi ez banindu bezala, begiratua aurrean iltzaturik, eta nire ondotik pasatu denean haize izoztuaren uholde bat sartu da nigana, berarekin batera halo bat balerama bezala: eta, orduan, ametsetako ustekaberik gabeko txundiduraz, hila zegoela ulertu dut.