Munduko bandarik txarrena

Utopiaren kioskoa. Gauza huts eta garrantzi gabekoen museo nazionala. Babelgo hondakinak.

Fenomeno akustiko ugariren berri ematen didate kalean bizi diren lagunek, izan txalo, izan dj, izan karaoke. Aldizkaririk irakurrienek ez dute tokirik utopiraren kioskoan; herritarren gehiengoak, tamalez, izar hilurrenen galeriara duelako lepoa biratuta. Mezu satanikoen detektatzailerik ez da merkatuan nahikoa denik 140 karaktereko dotrinari aurre egiteko eta Alderdi Inpopular Idiosinkratikoan emango dut izena hau amaitu bezain pronto, bizarra moztu ondorenean. Gomutak ezabatzea errebelazio iluna da, esperantzak berrestearen irrealtasun kronikoa, patuaren labirinto korapilatua. Etxe saltzailearen arrangura senti dezaket, horrenbeste jende etxean den garaiotan ezin negoziorik egin, parearen duen musikagile entzunenaren pozari laino iluna ezartzen diona. “Aberrazio elektromagnetikoak!” oihua biralizatu da, hitzen astuntasun jasanezinez.

Gauza hutsal eta garrantzi gabekoen Museo Nazionalean dago blog hau iltzatua, entropiaren garaitza, kezka metafisiko, hodeien inbentario, larriminaren kartografia, liburu-laburbiltzaile, gezur konpultsibo eta azken hitzen alboan. Talentu anonimoak dira maiz ankerkerien erakustaldi, munduarekin bat ez zatozela ohartzen zarenean, ez baituzu konprenitzen Zenith jatetxe-gidaliburua. Nahasmendu hipnologikoak jota, Zapolsky kapela-bildumari so, Tristan Geigerren Meta-orkestra entzun zain eman dituzu etxealdiko ordu eternalak belarria irratian paratuta. Hori bai, hutsalaren poetika!.

Toki hilen klubean daude ordea faltsutze benetakoak, dispepsia literario eta bizi-estatistiken aldamenean. Kirol nazionala da beldur aitorrezinak metatzea, bulkada sortzailari erremate kolpea ematen diotenak. Lexikografo gupidagabeek idazten baitute gure bizitzaren gidoia, bertsoak egiteko makina baliatuz Gezurkeria eta Diletantismoaren goi mailako eskolaren agindupean. Bero-oldea, ihes plana, idazkuntza sortzailea, uxagarri ultrasonikoa, blokeatze metaforikoa, ez dira Babelgo hondakin besterik.

Post hau harilkatu dut Munduko bandarik txarrena komikiko kapitulu batzuen izenburuekin. Txalapartak argitaratu zuen euskaraz Jose Carlos Fernandesen lana Bego Montoriok itzulia eta Portugalek koloniza gaitzan desiatzeko balio du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude