Maleta

Doblatov. Kaminer. Aquilino.

Literatura Unibertsala ekimenaren baitan, Eusko Jaurlaritzak, Ereinek, Igelak eta Eiziek elkar hartuta, Serguei Doblatov errusiarraren Maleta liburua euskaratu zuen Amaia Apalauzak 2015ean.

Liburuaren atzealdean dator Maletaren planteamendua: Doblatov AEBetan erbesteratu zen 1978an Vienatik pasata, besteak beste, ez baitzuen SESBen liburu bakar bat argitaratzeko baimenik eta KGBk berak agindu zuen bere lehen liburua deuseztea. Ez zuten begiko. Hau eta gehiago dator, ondo azalduta, Amaia Apalauzaren atarikoan.

Zer gertatu zitzaion Doblatovi Sobiet Batasunetik emigratzean? Hiru maleta besterik ezin zituela eraman esan zioten eta bera, behin ondasun puskak biltzen hasita, ohartu zela bakarrarekin ere aski zuela. Bizitza osoa maleta bakarrean eta horrenbestez otu zitzaion ipuin bat eskaintzea maletan sarturiko objektu bakoitzari. Hona hemen idazleak berak nola kontatzen duen hori liburuaren ingelesezko edizioaren epilogoan: “Sukaldeko mahaiaren gainean da maleta. Egur kontratxapatuzko kaxa laukizuzen bat, oihal berdez forratua, ertz nikelaztu herdoilduak agerian.

Haren inguruan, nire trapuzahar sobietarrak. Traje gurutzatu zaharkitu bat, galtza-barren zabalekoa. Popelinezko atorra bat, laranja-kolore zurbilekoa. Txalupa-itxurako bota motz batzuk. Beste norbaiten tabako-kerua darion belusezko jaka bat. Neguko txano bat, foka-larru faltsuzkoa. Distira elektrikozko galtzerdi batzuk, krepezkoak. Ternuako txakur goseti bati ilea mozteko aproposak diratekeen eskularru batzuk. Belarri astu samarreko gerriko bat, kopetan daukadan orbaina baino handixeagoa.

Eta bukaera-bukaeran zera gehitzen du Doblatovek. Liburu guztiek, are oso serioak ez direnek ere, maleta baten forma izaten dute: egonen da horretarako arrazoiren bat.

Beste errusiar egile batek ere, Wladimir Kaminerrek, erbestea ardatz idatzi zuen Errusiar Diskoteka izeneko lana, 2015ean Pasazaitek argitaratu eta Mari Jose Kerejetak itzulia. Bertan, Sobiet Batasunaren eta beste hainbat herrialde komunisten kolapsoa kontatzen du Berlinera garaiz iritsi ziren etorkin batzuen ahotik. Garai, abandonatutako etxebizitzak, etorkinaren errealitate gogorra eta superbibentzia ezagutzeok.

Kaminer Berlinera iritsi zen urtean hil zen Doblatov New Yorken, 1990ean.

Egunotan, biak ditut gogoan, Doblatov eta Kaminer. Errusiaren kolapsoa Wuhan atzo arte bezain urrun sentitzen du mendebaldeko irakurle askok lanok esku artean izatean. Besteren kontua, ez gurea. Orain ez da Berlinik egongo bertara ihes egiteko, akaso Shangaien bat, baina ezer ez da ziurra.

Eta maleta… maleta izan badut, Aquilino aitatxirena zena oinordetzan jasoa. Argazki digitalak, telegram mezuak, liburuz betetako apalak… orain zail dena, argituz joan liteke, astez aste, maletan zer sartu eta zer ez argi ikusten hasiko garen heinean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude