Absentzia. Zuria. Erredura.
Ezabatuko dira egunok, inposatuko da normaltasuna; arrastoa da, kontua. Konfinamenduak utziko digun orbainaren labarraren sakona, hor dago koxka.
Elurrak erre egiten du idatzi nuen behiala, xahuturiko aurreko bizitza batean. Gaur, bazterrak zuri, honek dakarren senezko aztoramenduak talka egiten du itxialdiaren geldoaz.
Izoztu zitzaigun negu hura, nire abizenkideak gaztigatu zigun legez. Olerki liburu handia, egileak utzi digun hutsunea bestekoa, Jon Barberenarena. Iruñea Hiria 1. NazioartekoPoesia Saria lortu zuena. Olerki ederren artean, aproposa hau gaurko egunerako:
Haizeak malkoak idortuko balitu,
elurrak beltzuneak glaseatu,
kazkabarrak iragana kolpeka birrindu
eta ostadarrak begizulook koloreztatuko balizkit,
euriak eta eguzkiak
udaberri honetan ilusioa ernatuko lukete
haragizko eremu antzu honetan.
Euskarari letrak eransten egin genuen topo, Jon. Arrastoa, udaberria, ilusioa, berba arinagoak ziren orduan.