Euskaraz zergatik?

Goiena, 2014.01.31

Motibazioa aztertzeko jardunaldia izango da (zuk irakurri orduko izan da) asteon Durangon Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Izen emateak gainezka egin du, gaiak pizten duen interesaren seinale. Zergatik egiten du (edo ez du egiten) norbaitek euskaraz?

Kontua konplexua da eta horretaz orain jabetu gara. Uste izan dugu jakitea aski zela,  edo falta zena derrigortasunak lortuko zuela; baina denborarekin ohartu gara horiek guztiak eta gehiago behar direla hizkuntza ohiturak aldatzeko. Finean, motibazioaren mekanismoak ezagutu behar direla ondo.

Eta horretarako galdetzea onena. Esanguratsua Xabier Erize soziolinguistak bere txostenari eman dion izenburua: ‘Nire motiboak ditut euskararen eta erdararen inguruan egiten dudana egiteko, galdetuko dizkidazue eta kontuan hartuko dituzue?

Sarri jokatu izan dugu normalizazioa soilik kontu kolektiboa bailitzan, soziologiaren esparrukoa, baina azkenean banakoaren baitan egiten da hizkuntza hautua, eta sikologiak erakusten du hori nola gertatzen den eta nola eragin daitekeen. Sikologiak eta enpatiak, ez dago galdetzea bezalakorik pertsonen zergatiak ezagutzeko. Xabierren bidetik.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskaltzaleen topaguneak

Argia, 2014.01.26

Martxoan etorriko dira bi urte Topagunearen presidente izatea onartu nuenetik eta, hartutako konpromisoa beteta, kargua utzi egingo dut Batzar Nagusiak aukeratuko duen ordezkoaren eskuetan. Paraleloan, utziko dut baita ere kargu honi lotuta hartu nuen bestea, alegia, TOKIKOMen presidentearena.

Kargua hartzean esan nuen urte luzez ibili izan naizela euskalgintzaren periferian, hainbat jarrerekin ez oso ados. Kargua uztean esango dut orain bat egiten dudala erabat Topagunea bultzatzen ari den euskaltzaleen mugimendu eraldatuarekin. Zer ikusi dudan tartean? Ba ondokoak, behintzat.

Ikusi dut lantalde bat oso konprometitua, bai federazioan eta bai herrietan. Hain konprometitua, gai izan dela azken hiruzpalau urteetan eraldaketa prozesu sakonean sartzeko eta horrek eskatzen zuen gainkarga hartzeko, krisiaren gordinenari sendo erantzuten zion bitartean.

Ikusi dut euskaltzale asko biziberritzen, urteen poderioz pilatutako ajeez jabetu eta berrikuntzarako jarrera hartzen, eta erosotasun esparruei uko egiten euskararen normalizazioak zerbait gehiago, zerbait berria eskatzen duela antzemanda.

Ikusi dut hainbat aditu izendun lankidetzan lotzen eta taldean bateratzen, jakintza partekatzen eta ikerketa bideratzen, hiztun komunitatearen ahots propioa lantzeko eta euskara jendartearen erdigunean kokatzeko helburuarekin.

Eta ikusi dut dinamika horren eragin ona herri erakunde eta euskalgintzako beste hainbat eragilerengan, eta nola zubiak ari diren eraikitzen hizkuntza normalizazioaren lehen baldintza indar metaketan jartzen dugunon artean.

Ikusi ditut bestelakoak ere, noski, iraganean periferian egotera bultzatu izan nautenak: batzuen zilborkeria bakarzalea, besteen beldurra mugitzeko, hangoen eta hemengoen joera sektarioak… Baina faktore ezkor hauek ez dute alternatiba bat osatzen, gainditu beharreko erresistentziak dira. Eta ikusi dut bakarren bat gainditzen ere.

Beraz, martxoan kargua utziko dut baina ez mugimendua. Zinez uste baitut euskarak topaguneak behar dituela, zoru komunak eta esparru partekatuak, edozein euskaltzale eroso sentiaraziko dutenak. Eta hain zuzen hor metatuko den –metatzen ari den- aldekotasun soziala faktore erabakigarria izango dela euskararen normalizazioan nabari diren sabai batzuk apurtzeko eta jauzi garrantzitsuak egiten jarraitzeko.

Euskaltzaleen topagune horiek behar direlako segituko dut bultzatzen Topagunea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Finaleko gogoetak etxera bidean

Momentuko emozioak atzean utzi eta etxera bueltan nentorrela puntu hauek hartu nituen gogoan azpimarratzeko 2013ko finalaren gainean:

  1. Zeremonia. Ez dago munduan erlijiorik bere kideei horrelako esfortzua eskatzen dienik: sarrera majo ordaindu, egun osoa jarleku gogor batean eman, zortzi kantari ez oso onak entzuten, inongo musika laguntzarik gabe… Hori ez bada hitzaren magia!
  2. Maila ona. Distira tarteak ez ziren agian asko izan, baina zortzi bertsolariek bota zituzten bertso onak, eta txarrik inork ez. Ohitu egin gara baina harrigarria da ‘Egoerak beste aldean jarri zaitu’ entzun eta derrepente historia oso bat -eta errimatua- sortzeko kapaz izatea.
  3. Irekitasuna. Nabarmena izan zen aro politiko berriaren eragina, bai jarritako gaietan eta bai bertsolarien erantzunetan. Sarriegik kartzelakoan arrisku handia hartuta aipatu zuen ‘hil nuen gizonaren alargunaren mina’ eta txalo zaparrada jaso; Unaik ere ‘min guztiak’ onartu beharra aldarrikatu zuen, eta txalo handia; eta Igorrek txinpartaz azaldu zuen ‘lehen aldarrikatzen, orain agintari’ egoera. Pozgarria da irekitasuna, ze bere baitan kabitzen dira orain arteko diskurtso guztiak eta baita berriak ere.
  4. Galtzailerik ez. Zenbaitek ez du ulertzen bertsolarien eta bertsozaleen artean dagoen anaitasun moduko hori, eta itxurakeria dela ere esan izan du norbaitek. Baina nik uste dut benetakoa dela. Atzo txapeldunaren izena esateko momentuan, Amets esan eta sekulako burrunba entzun zen. Baina ziur nago Maialen esan izan balute burrunba berdina egingo genuela pertsona berberak.

Eta gauza guztien gainetik, euskara. Ez dago neurri horretako komunitaterik euskararekin hain konprometitua. Asko zor dio euskararen normalizazioak bertsolaritzari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik

TOKIKOMen gogoeta taldea, 2013 udazkena

Ikus dokumentu osoa helbide honetan

XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia. Hain da hau horrela, komunikazio-egitura propiorik eraikitzen ez duen komunitateak kolokan duela biziraupena.

Bidegurutzean da euskararen komunitatea ere. Ez da bidean galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Mundu berrian ezinbestekoa du informazioa landuko duen komunikazio-egitura sendo bat eraikitzea. Baditu horretarako osagai batzuk: hizkuntza garatua, herri ekimenez sortutako hedabideak, erakunde ahalmendunak, teknologiaren ezagutza… Orain behar ditu behintzat beste bi: norabide argia eta eragileen arteko lankidetza.

Bigarrena abian da, horren lekuko dira TOKIKOMen sorrera toki hedabideen azpisektorea ardazteko eta HEKIMENena, euskal hedabideen sektorean dinamika bateratuak sustatzeko.

Lehen osagaia –norabidea argitzea- izan da gogoeta honen helburua.

Abiapuntuan badago konbentzimendu bat: komunikabideen ordua da. Euskararen erabileran eragiteko modurik eranginkorrena eta errentagarriena delako, hizkuntza bera biziagotzen eta hiztunak ahalmentzen dituzten heinean. Eta aukera handia dagoelako euskal hedabideak egitura funtzionalean antolatzeko eta Euskal Herrian legokeen komunikazio talderik handiena sortzeko.

2012ko martxoan eratu zenean TOKIKOMi eman zitzaion egiteko potolo bat: bere bazkideen integrazioa lantzea. Eztabaida abiatzeko zirriborroa prestatu eta Jardunaldia egin zen ekainean, sektoreko 100 lagun bilduta. Ondoren hainbat tailer eta mintegi egin dira TOKIKOMen baitan, han identifikatutako korapiloen gainean.

Lana garatu ahala, ikerketa eta landa-lana gehitu zaizkio 2013aren lehen erdian, hainbat laguntzaileren eskutik. Prozesu osoaren ondorio da dokumentu hau. Lehen atalean neronek idatzi dut erabilitako ideien eta txostenen sintesia, eta ideia nagusiak TOKIKOMenak diren bezala, xehetasunen edo ñabarduren erantzukizuna nirea da. Atxikitako txostenetan, bakoitzak darama bere egilearen izena eta hauek dira bakoitza berearen erantzule. Biziki eskertzen diegu guztiei egindako lana.

Hauek dira sintesiaren ardatz nagusiak:

Informazioaren kontsumoa gazteengan

  • Hedabide tradizionalek sinesgarritasun txikia, tokikoek handiagoa
  • Informazioaren kontsumoa, azkar eta nahieran
  • Informazioa sarean, telebistan entretenimendua
  • Tokikoak garatuta dauden lekuan, euskarazkoen kontsumoa handiagoa

Tokikoen erradiografia

  • Kopuru batuak oso esanguratsuak dira; hedadura, zabala; irismena, handia
  • Ez dago eredu bateraturik, eta elkarren arteko harremana pobrea da
  • Dinamismoa nabari da azken hilabeteotan, gauzak mugitzen ari dira
  • Nabarmentzea komeni zaie, TOKIKOM marka orokortzea eta indartzea

Euskal hedabideen etxea/sistema

  • Hedabideak oso garrantzitsuak dira euskararen normalizazioan
  • Bidegurutzean dago komunikazioa bera, aukera dago antizipaziorako
  • Posible da lankidetzan euskal hedabideen sistema eraikitzea, eta horren  premia dago
  • Teknologiak aukera ezin hobeak ematen ditu
  • Eraikiko balitz, komunikazio talde erreferentziala litzateke Euskal Herrian

Etxearen planoak

  • Bi solairuko etxea; behean tokikoak saretuta, goian orokorrak, eta igogailuak gora eta behera, edukiak garraiatzen
  • Tokikoak eskualdeka multimedian bateratu, eraginkorrago izateko
  • Komunitatea protagonista, herritarrek eta eragileek sarbide zuzena
  • Teknologia eta sarea baliatu toki bakoitzean bolbora asmatu beharrik ez izateko

Finantzazio egonkorra

  • ‘Deialditik hitzarmenera’ leloak zer suposatzen du?
  • Hedabideen eta administrazioen arteko harreman eredu berria
  • Adostutakoaren gaineko lankidetza
  • Gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta, dena da posible

Autoritatea

  • Neurketa sistema beregaina behar dute euskal hedabideek
  • Neurketak norabidea markatuko lioke ikerketari
  • Hortik gora: politikak proposatu? Hedabide publiko eta pribatuak uztartu?
  • Hedabideen eta Komunikazioaren Euskal Legea?

Puntu hauek garatzen dituen dokumentu osoa helbide honetan

Honenbestez, hau da toki komunikabideon proposamen irekia euskal hedabideen sektoreari eta herri erakundeei, lankidetzan abia gaitezen etorkizunera bidean.

Mikel Irizar

TOKIKOMen presidentea

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Kikeren neurketa

Goiena, 2013.11.22

Euskaltzale askoren oroimenean geratuko da Kike Amonarrizek ‘Tribuaren berbak’ saio berriaren lehen alean egin zuen kale-neurketa. Zutikako erregela handi bat hartu 0tik 10erakoa, eta kalean ibili zen –Debagoienean, portzierto- euskararen tamainaz galdezka: ‘10ean handiena badago (txinera), eta 0an txikiena (desagertutako azken hizkuntza) non kokatuko zenuke euskara?’ Eta jende gehienak 1 do 2ko mailan ezarri zuen adierazlea.

Baina erantzun zuzena 9a zen, izan ere euskara dago milioi bat hiztun edo gehiago dituzten munduko 400 hizkuntzen artean. Eta ikusi egin behar ziren jendearen aurpegiak! ‘Sekula ez nuen esango’ eta antzekoak ateratzen zitzaizkien.

Hainbeste negar egin dugu euskararen gainean, barneratu ere egin dugula txikitasun eta gutxitasun sentimendua, eta horrek are txikiago eta gutxiago bihurtu gaitu. Aldiz, baditugu motiboak gure euskaltasunaz harro egoteko. Egindakoa ez da broma eta daukagun mailarekin egin dezakegu aurrera duintasunez. Hori bai, lokartu gabe eta ezer oparitu gabe, konfiantzarekin eta irribarrez, beti euskaraz tinko. Eta Kikek jarraitu dezala asteazkenero gure konfiantza elikatzen!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Anphora hautsia

Goiena, 2013.10.31

Hautsi da anphora eta Fagor denon ahotan dabil. Orain denok dakigu zerk egin duen kale eta nor den errudun. Areago, orain denok genekien hau gertatuko zela eta abisatu genuen bere garaian.

Arinkeriak edo topikoak edo demagogia ez dira lagungarri izango zulotik irteteko. Eta analisi sinplistek ez dute argirik emango aurrera begira egin beharrekoaren gainean. Gauza askok egin du kale Fagorren denbora luzez, faktore askok eragin du anphora haustea. Eta sakoneko kezka da nola enpresaren egitura demokratikoa, korporazioaren autoritatea edota beste kooperatibaren elkartasuna ez diren nahikoa izan deskalabrua ekiditeko.

Hautsi da anphora eta aukera baliatu behar da eredua biziberritzeko eta aldaketa sakonak egiteko. Berritu beharko da barne demokraziak pertsonei eskatzen dien konpromisoa, onartu eta eskatu beharko zaio korporazioari lidergo irudikor sendoa, eta konpondu beharko dira kasu honek kooperatiben arteko elkartasunean eragin dituen pitzadurak. Noski, kolokan dauden lanpostuei irteera duina emateaz gain.

Arazoari ematen zaion erantzunaren nolakoak erakutsiko du Debagoiena ekosistemak duen bizi-indarraren neurria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bertsolari gardena

Euskalerria irratia, 2013.10.21

Argazkian bertsolaria mikroaren aurrean, urduri. Berdin izan liteke neska edo mutila, baina gaztea da, gehienez ere berrogei urte. Egañak bertso-afariak hobetsi eta gero, lehiaketa gazteentzat geratu bai da. Izan ere, bertsolaria lehiaketan abiatu berria da, eta horregatik dago urduri. Han-hemenka sailkapenak jokatu behar ditu eta puntuak lortu Barakaldoko finalera iritsiko bada.

Baina, begiak kliskatu gabe begiratzearen poderioz, bertsolariaren irudia gardendu egin zait. Eta irudi gardenaren atzean bistaratu zaizkit bertso-eskolak, herriz herri zientoka irakasle eta milaka ikasle hitzekin jolasean, euskararentzat lantzen hain premiazkoa duen freskura, eskutik eskura, elkarrekin gustura. Biba bertsoen txapelketak, afariak eta eskolak, biba denen batura!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Soraluzeko zubia

Goiena, 2013. 10.04

soraluzeLarunbatean elkartu ginen Soraluzen euskaltzale mordoa, TopaEguna ospatzen. Egun osoko egitarau mardula prestatzeko antolatzaile talde indartsua bildu zen: bertako Pilpilean elkartea, udala eta herri osoa; Debabarreneko eta Debagoieneko elkarteak, Topagunea federazioa eta euskaltzale ugari.

Mezuetan, gogo berritua nabari zen. Euskararen aldeko mugimendua biziberritu egin behar da, biziberritzen ari da. Euskaltasuna zoru komun bihurtu eta gizartearen erdian jarri indarra biltzeko. Gero, indar horrekin pertsonak motibatu eta egiturak akuilatu.

Gogoeta eragiteko, Jon Sarasuaren liburu berria aurkeztu zen TopaEgunean, zubi ondoko aretoan. ‘Hiztunpolisa’ hitz ezaguna bihurtuko da aste gutxitan. Ekarpen mamitsuak dauzka, euskaltasunaren norabidean asmatzeko.

Azkenik zubia bera. Soraluze herri estua izanik, zubiaren zabalunea baliatu dute plaza bat sortzeko. Orain zubia igaro bakarrik ez, zubian egon egiten dira. Eta oso kontzeptu potentea iruditzen zait: zubian egon, zubi egin, zubi izan. Esango nuke euskarak horixe behar duela: zubigintza indartsua, ibar ezberdinak lotzeko. Eta euskaltzale asko zubian, Soraluzen bezala.

Argazkiko txalupan Julen Arexolaleiba eta biok, Soraluzeko zubitik aterata.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskaltzaletasuna metatu

Argia 2013.09.15

Bernardo Atxaga idazleen olinpora igo berritan, lagun euskaltzale batek harekiko kritika zorrotza luzatu zidan. Kritika ideologikoa zen, lagunak kutsadura arriskutsua ikusten bai zuen Atxagaren pentsamoldean. Baina, hor gelditu gabe, zalantzan jarri zuen idazlearen euskaltzaletasuna benetakoa ote zen edota bere ekarpena euskarari mesedegarri izango ote zitzaion. Eta nik, nire artean: ‘Bernardo Atxaga ere kanpoan utzita, norekin egingo du euskarak aurrera?’

Kontu zaharra da, baina ordutik gaurdaino askotan –gehiegitan- ikusi dut nola euskaltzaletasuna lotzen zaion pentsamolde jakin bati eta bestelakoei ukatzen zaien ‘benetako’ euskaltzale izaera. Eta hau izan zitekeen, besterik barik, setakeriaren enegarren adibidea; baina gaia oso da larria, ze kasu honetan setakeriak barru-barrutik ahultzen du euskararen aldeko herri mugimendua.

Euskarak ezinbestean behar du aldekotasuna sendotzea eta metatzea, gutxiegi gara euskaldunak –eta gutxiago euskaltzaleak- behar bezain eraginkorrak izateko. Are ahulago elkarri uko egiten badiogu. Politika instituzionalen bidez egoera eraldatzeko beharrezkoa da gizartean sortzea politika horien aldeko masa kritikoa, aurkakoak antolatuta ere ez daitezen gehiengoa izan.

Eta hori ahalbidetzeko zoru komunak eraiki behar dira.  Baina argi izanda zoru komunak zabalak izan daitezkeela bakarrik oso oinarrizko ideien inguruan. Edukian xehetasunak gehitu ahala, kideak galtzen dira. Zoruak behean daude, goikoak sabaiak dira. 

Horregatik, eta oinarrira joanda, euskararen etsai behar luke soilik euskararen erabilera edo garapena espresuki galarazten duena. Beste guztiak, baita euskararekiko pasibo edo axolagabe direnak ere, izan daitezke zoru komun baten partaide, euskararekin batera helburu jartzen bazaie bizikidetza, berdintasuna, erantzukizuna edota errespetua.

Landa lanek erakusten dute gutxi gorabehera hiritarron heren bat garela euskaldunak, eta beste heren bat dagoela nolabait euskararen alde. Euskaltzaleon lana da, lehenik eta behin, urrats bat atzera egitea bakoitzaren ideologia politikoan euskaltzale guztiekin dugun interes komunaren inguruan biltzeko, eta gero horren gainean gure arteko lankidetzak sendotzea eta ugaltzea.

Eta horrekin batera, axolagabeak alde jartzea, eta alde daudenak zale bihurtzea, eta euskaltzelak are gehiago aktibatzea… Meta horren gainetik bistaratuko dugu normalizazioaren itsasoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Lagun andaluziarra

Goiena, 2013.09.06

Aurtengo udan egokitu zait familia andaluziar bat ezagutzea. Gasteiz inguruan bizi dira, lanak erakarrita. Herrian nagusiki adreilua ekoizten zen eta eraikuntza hondoratu denean herri erdia langabe geratu da. Haiek garraioaren esparruan egiten zuten lan eta garraiatzekorik ezean gurera etorri dira.

valentin

Oso hitz onak ibili dituzte Euskal Herriaz. Jarduera ekonomikoari hobeto eutsi zaio, esportatu egiten da -beraz, badago zer garraiatu- eta egindako lana ordaindu ere bai. Horrez gain, paisaia berdeak nahiago dituzte jaioterriko elkorrak baino eta, alaba eskolaratzeko adinean dutenez, oso litekeena da laster hartzea inguruotan kokatzeko erabakia.

Eta esaldi argigarria: ‘Gure neskatilak ikas dezala euskara, horrek lanerako aukerak emango dizkio eta’. Horrela, natural esanda, zalapartarik barik. Eta gogoratu dut duela 50 urteko etorkin uholdea, euskal eskolak debekatuta, agintariak etorkinak zirikatzen euskararen aurka, hedabideak horretan lagun… Eta etorkin zapalduak euskara zapaltzen. Alde ona.

Hori bai, hurrena azaldu behar diot lagun andaluziarrari alabarentzat nahi duen hori berarentzat ere ez dela izango kalte.  

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina