Euskaltzaletasuna metatu

Argia 2013.09.15

Bernardo Atxaga idazleen olinpora igo berritan, lagun euskaltzale batek harekiko kritika zorrotza luzatu zidan. Kritika ideologikoa zen, lagunak kutsadura arriskutsua ikusten bai zuen Atxagaren pentsamoldean. Baina, hor gelditu gabe, zalantzan jarri zuen idazlearen euskaltzaletasuna benetakoa ote zen edota bere ekarpena euskarari mesedegarri izango ote zitzaion. Eta nik, nire artean: ‘Bernardo Atxaga ere kanpoan utzita, norekin egingo du euskarak aurrera?’

Kontu zaharra da, baina ordutik gaurdaino askotan –gehiegitan- ikusi dut nola euskaltzaletasuna lotzen zaion pentsamolde jakin bati eta bestelakoei ukatzen zaien ‘benetako’ euskaltzale izaera. Eta hau izan zitekeen, besterik barik, setakeriaren enegarren adibidea; baina gaia oso da larria, ze kasu honetan setakeriak barru-barrutik ahultzen du euskararen aldeko herri mugimendua.

Euskarak ezinbestean behar du aldekotasuna sendotzea eta metatzea, gutxiegi gara euskaldunak –eta gutxiago euskaltzaleak- behar bezain eraginkorrak izateko. Are ahulago elkarri uko egiten badiogu. Politika instituzionalen bidez egoera eraldatzeko beharrezkoa da gizartean sortzea politika horien aldeko masa kritikoa, aurkakoak antolatuta ere ez daitezen gehiengoa izan.

Eta hori ahalbidetzeko zoru komunak eraiki behar dira.  Baina argi izanda zoru komunak zabalak izan daitezkeela bakarrik oso oinarrizko ideien inguruan. Edukian xehetasunak gehitu ahala, kideak galtzen dira. Zoruak behean daude, goikoak sabaiak dira. 

Horregatik, eta oinarrira joanda, euskararen etsai behar luke soilik euskararen erabilera edo garapena espresuki galarazten duena. Beste guztiak, baita euskararekiko pasibo edo axolagabe direnak ere, izan daitezke zoru komun baten partaide, euskararekin batera helburu jartzen bazaie bizikidetza, berdintasuna, erantzukizuna edota errespetua.

Landa lanek erakusten dute gutxi gorabehera hiritarron heren bat garela euskaldunak, eta beste heren bat dagoela nolabait euskararen alde. Euskaltzaleon lana da, lehenik eta behin, urrats bat atzera egitea bakoitzaren ideologia politikoan euskaltzale guztiekin dugun interes komunaren inguruan biltzeko, eta gero horren gainean gure arteko lankidetzak sendotzea eta ugaltzea.

Eta horrekin batera, axolagabeak alde jartzea, eta alde daudenak zale bihurtzea, eta euskaltzelak are gehiago aktibatzea… Meta horren gainetik bistaratuko dugu normalizazioaren itsasoa.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude