25 irrati urte

Esanaren faltan ez zen inor jakin gabe
geratuko: Euskadi Irratiak 25 urte bete ditu kanpai buelta artean.
Eta nik poza hartu dut, oso gogoan baitut EITBren lehen alea sortu
aurreko basamortua. Ez ditut gutxietsiko Loiola, Segura eta beste
irratiak. Meritu handiko lana zen haiena, baina irrati publikoak
beste anbizio bat ekarri zuen, agintearen bulkada lagungarria.

25 urte geroago, estimu handian dut
Euskadi Irratia. Izan ditu gorabeherak, baina gaur oso maila onean
dago. Egunero entzuten dudan irrati bakarra da eta aski zait behar
beste informazio jasotzeko. Hori asko da euskaraz bizi nahi
duenarentzat. Baina, gainera, zinez uste dut EITB talde osoan Euskadi
Irratia dela produkturik duinena eta lehiakorrena. Zorionak horregatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Antondegi

Donostiako Martutenen dagoen ingurua
da, eta asteon jakin dugu 4.300 etxebizitza ekologiko han eraikitzeko
dagoen asmo baten berri. Energia aldetik beregainak izango omen dira
etxeak, eguzki plaka, haize-errota eta beste hainbat tramankuluri
esker.

Oso ondo dago etxe beregainak
eraikitzea, energia kontsumoaren hazkunde zoroari aurre egiteko.
Baina Antondegikoari beste kirats bat dario lurrin ekologikoaren
azpitik. Maiatzean 500 etxebizitza gutxiago ziren egitekoak, eta
kalifikazio aldaketarekin operazio ‘handia’ iragartzen zuten
orduko digitalek. Eta ze kristo!, puntu batetik aurrera neurririk
ekologikoena da ez gehiago eraikitzea, besterik barik. Antondegiko
tramankuluei zelofan eta lazotxo itxura hartzen diet, estalki
soilarena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

ArrasGates

Txiripa polita da
Gates jaunaren lantegia hartuko ei duen Arrasatek erdi aroko harresiaren hiru
ateak oraindik bizirik gordetzea. Baina ez da txiripa izango Microsoft
Arrasatera etortzen bada: Europari begira ondo kokatuta gaude, eta berrikuntzarako
ekosistema egokia ari gara sortzen.

Ez dakit, Guggenheim
museoak Bilbo nola, Microsoftek berdin kokatuko ote duen Arrasate munduan. Auskalo.
Baina argi izan dezagun hasieratik: horrelako enpresa bat etor daiteke gaur eta
bihar joan, gaur hemen dituen abantailak bihar beste inon aurkitzen baditu.
Guretzat garrantzizkoena ez da Microsoftek zer egingo duen gurean, baizik zer
egingo dugun guk hura hemen dagoen bitartean, alde egiten duenean ondorioak
hemen gera daitezen, gure eskuetan. 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Lopez aulkian

Goienkaria, 2007.11.09

Ibarretxe lehendakariaren auzipetzeari
eman zaio garrantzia, eta ulertzen dut. Ibarretxe epaituta
Batasunarekin biltzeagatik, komunitate baten ordezkari nagusia
aulkian eseraraziko dute bere eginkizun politikoari dagokion
gertakari batengatik. Pentsatzekoa da horrek nolako eraso sentimendua
piztuko duen gure artean, nolako elkartasun botoa ekar dakiokeen
auzipetuari.

Niri, ordea, Lopez aulkian ikustea
iruditzen zait esanguratsuago. Espainiako alderdi sozialista, artean
oposizioan zegoela, legea bortxatzeko ariketan hasi zenean gobernu
popularrarekin asmakizun arriskutsuetan, onartuko zuketen Ibarretxe
epaitzeraino iristea. Baina Lopez bera kolpatzea gehiegi da haientzat
ere, imajinatzen dut argi gorriren bat piztuko zitzaiela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kultura atean

Egubakoitz honetan
suertatu zait Kutxaren izenean hitz egin beharra, Kulturateko
erakusketa baten irekiera dela-eta. Izan ere, erakusketa horren
antolatzaile eta babesle da nik ordezkatuko dudan erakundea.

Eta oso pozik egingo dut
enkargua. Debagoieneko lan-taldea erakundean eragiteko ahaleginean
gabiltza, haren jardunean ohiko bihur dadin ibarrean ere kultura
eskaintzea, hiriburuan eta inguruetan baden bezalaxe. Oro har, denok
ere indar gehiago egin beharko genuke Gipuzkoa desorekatu honetan
debagoiendarrak ez gaitezen izan pagatzaile handi eta erabiltzaile
eskas. Ez dezagun kilometro mordoa egin behar izan goi mailako
erakusketa edo kontzertu bat eskura izateko.

Egubakoitzekoa izan bedi bide horretan hasierako urratsa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Good news, no news

Beste aldera erabili izan da esaldia -alegia ‘No
news, good news’
– adierazteko berririk eza badela gauzak ondo doazen seinale.
Baina izenburuko norabidean ere, oso esanguratsua bihurtzen da esaldia: albiste
onak ez dira albiste. Tamalez, diot nik.

Adibide bat jartzearren. Kutxako ardura
berriak hartu nituenetik, urrats garrantzitsuak egin ditugu herri
administrazioekin lankidetzan jarduteko, euskararen erabilera sustatze lanetan.
Martxoan EAEko hiru Aurrezki Kutxek Jaurlaritzako Kultura Sailarekin sinatu
zuten lehen hitzarmena. Apirilean, Gipuzkoako Kutxak, Aldundia eta EUDELekin
sinatu zuen beste hitzarmen bat, aurrekoaren bultzada Gipuzkoara ekartzeko. Kasu
honetan, gainera, erakundeen arteko harremanez gain, hitzarmenak tresna
garrantzitsua sortu zuen lankidetza dinamika hori udalerrietara eramateko:
hitzarmen marko bat, ebaluazio sistema eta guzti, Jaurlaritzaren eta EUDELen partehartzearekin. Ekintza plan zehatzak burutzeko tresna egokia.

Eta joan den ostiralean sinatu genuen
hitzarmen hori lehen aldiz, Buruntzaldeko sei udalekin: Andoain, Astigarraga,
Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. Ekitaldiaren mahaian, Kutxaren goi
ordezkariak -Xabier Alkorta eta Carlos Ruiz-, Aldundiko Kultura eta Euskara
diputatua -Maria Jesus Aranburu- eta udalen izenean bi ordezkari: Lasarteko
alkatea, Ana Urchueguía eta Hernanikoa, Marian Beitialarrangoitia.

Hau da, EAJ, PSE eta ANV lankidetzan
euskararen alde
. Albiste ona, inondik ere. Horregatik, nonbait, ez da izan
albiste.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Valentzia eta gu

Goienkaria 2007.10.26

Lagunen bisitara joanda izan naiz
Valentzian eta hizkuntza kontuak ibili ditugu tartean.

Arazo handiak dituzte hizkuntza
normaltzeko. Batzuk aspaldikoak: etorkin gaztelar eta aragoarrek ia
elebakar bihurtutako zonalde handiak, edota gizartearen ekimen ahula
hizkuntza gaietarako. Arazo berri eta bihurriagoak, valentziar
aginteak berak eragin ditu: valentzieraren bereizkeria
katalanarekiko, hezkuntzan valentziera saihesteko erraztasunak,
erabilera diglosikoa hedabideetan, gaztelania etengabe hobesteko
joera…

Gu indartsuago ikusten gaituzte,
hezkuntzan eta lan arloan bereziki. Orain, baita toki hedabideetan
ere: Goienkaria eraman nion Ferran Suay-ri bere elkarrizketarekin,
eta aho zabalik entzun zituzten emandako datuak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

60 metodoa

ARGIA 2007.10.28

Garai itsusiak bizi ditugu; batzuk,
garai latzak. Akabo arin eta baikor bizi gineneko sasoi hura. Egurra
ari du. Eta, hala ere, eutsi egin behar zaio hasitakoari, prestatu
beharra dago eguzkia itzultzen denerako, beti itzultzen baita.

Alderdien akordioa
Loiolan akordioa ia lotu omen zeneko
horrek zer pentsa handia jartzen du: ez gaude hain urrun. Eta,
dudarik gabe, han erabilitako zatiekin osatuko da puzzlea noizbait.
Bestalde, argi dago akordioaren balioa, denek aldarrikatzen baitute.

Badago, beraz, lanik aurreratuta. Ikus
dezagun nola segi bidean.

Berdinketa itxura
Akordioaren funtsa jartzen badugu marko
juridiko-politiko berrian, ordezkari politikoen ia erdia legoke
egungo markoari eustearen alde, eta erdia pasatxo markoa sakon aldatu
guran. Hortik dator berdinketa itxura, eta egungo markoaren defentsa:
erdia gehi bat ez da nahikoa markoa aldatzeko. Baina ez da
zentzuzkoa, ezta ere, erdia ken batek blokeatu ahal izatea
aurrerabidea, are gehiago blokeo horrek egoera latzean sartzen
bagaitu.

Gehiengo kualifikatua
Horrelako arazoak badaude gizarte
egituretan ere, eta aisa konpontzen dira metodologia egokiarekin. Gai
potoloetan berdinketa modukoak gertatzen direnean, gehiengo
kualifikatuak adosten dira eta horiek lortzeari ekiten diote alde
biek. Modu askotan kualifikatu daiteke gehiengo bat, neurri
ezberdinetan. Nik 60a proposatzen dut.

Zergatik 60?
Ez dut kalkulu berezirik egin, ea galga
horrek nori egiten dion mesede. Eta ez lidake inportako gehiengo
kualifikatuaren neurria beste nonbaiten jarriko balitz. Nik 60a hartu
dut Europak landu zuen sasi-konstituzio hartatik, han ere adostasun
erabatekoaren eta blokeoaren arteko erdibidearen bila ibili ziren
eta. Uste dut azkenean bi neurri jarri zituztela: gehiengo
kualifikatuak behar zuen ordezkarien % 55a, eta hauek ordezkatzea
populazioaren % 60a. Bietan 60 jarrita, egin dezagun ariketa bat.

60 metodoa
Jar ditzagun alderdi politikoak lanean,
akordio bila, Loiolan bezala. Gutxienez han omen zeuden hirurak ados
jartzen badira, EAEn aisa gainditzen dituzte bi 60ak. Agian ez,
ordea, Nafarroan. Demagun egungo egoera dagoela eta akordioaren
aldekoak direla erdia pasatxo. Blokeoa desegiteko bidea da akordioari
buruz herritarrei galdetzea. Hauen % 60a ados balego, akordioak
aurrera egin beharko luke; eta, bestela, alderdiek negoziatzen
jarraituko lukete.

Behin lortuta % 60ko adostasuna
gainditzen duen akordio bat, hori gauzatzeko konpromisoa izango luke
gobernu zentralak eta, hala ez balitz, konfrontazio demokratikoaren
garaia litzateke.

Metodoaren argia
Zinez uste dut komeni zaigula teknikari
eta metodologiari leku handiagoa ematea politikan. Ditxosozko
‘transbersaltasuna’ hartuko dut adibide. Helburu gisa lotzen bada
alderdi jakin bat akordioan sartzearekin, orduan blokeorako tresna
bihurtzen da alderdi horrentzat. Aldiz, kopuru batekin definitzen
denean noiz den gehiengo bat nahikoa ‘transbersal’ –ordezkari
edota herritarren portzentajean- blokeo ahalmena deuseztatu egiten
da.

Beste hitz fetix bat: sedukzioa. 60
metodoak argitzen du non eta zertarako behar den bereziki seduzitzeko
gaitasuna: Euskal Herrian, eta ordezkarien edota herritarren % 60a
konbentzitzeko. Sobranterik balego, orduan bai, ‘eman eta zabal
zazu’.

Era berean, argi legoke gehiengo
juxtuarekin konfrontaziora doanak ez duela arrakastarik izango eta
albo-helbururen batekin konformatu beharko duela. Alde ederreko
tenorean joango litzateke Ibarretxe Madrilera, atzean balerama
gehiengo kualifikatuaren metodologia bat adostuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Mahats kontuak

Goienkaria, 2007.10.19

Batu dugu aurtengo mahatsa. Pilarika
egunez, gurean inoiz baino beranduago. Irailak ez ditu ekarri bere
ohiko hego-haize eta eguzkiak, eta mahatsa heldu ezinda ibili da.
Tomatea bera, noiz jan da aurten baserrietan? Hortik atera kontuak.

Bestela ere, urte zaila izan da,
gorrinak hainbat eraso jo ditu eta, batean ez bazen bestean, inor
gutxi libratu da batere barik. Azken orduan botritisa ere ez da ibili
oso urrun, eta honi ezin zaio aurre egin, azken txanpan ezin baita
botikarik erabili. Katastrofeak aparte: Oñatiko Upainen,
esaterako, iraila amaieran txingorra izan zuten, kalte dezentearekin.

Hala eta guzti, Esteñibarren
uzta ona izan dugu: 8.400 kilo. Eta, ohi bezala, lehenbizi lana eta
gero jarana. Egun ederra, inondik ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Uzta ona, errekorrik ez

Inoiz baino beranduago, Begotxuren urtebetetzearekin bildu genuen atzo mahatsa Esteñibarren. Urtean zehar eguraldia nola joan den ikusita, oso uzta ona izan zen, baina ezin orain bi urteko marka gainditu, 130 kilo azpitik geratu ginen.

2005ean uzta distiratsua izan zen Esteñibarren. Aldiz, 2006an penagarria. Baina akatsetatik ikasi eta 2007an borroka gogorra izan dugu mildiu-aren kontra. Eraso dezente izan dira, ekaina-uztailean gogorrena, eta beldur handia ibili genuen abuztuan, norgehiagoka horretan. Iraila hezeak mahatsa bapo gizendu zuen, baita ifrentzuan bi arazo sortu ere: heltzeko nekea eta botritisaren arriskua.

Hori dena kontuan, 8.385 kilo bildu izana arrakasta itzela da. Orain  bi urteko uzta ustekabeko oparia izan bazen, aurtengoa kostatako lanperna izan da. Eta mahastiko atal ezberdinen artean orduan baino orekatuagoa.

mahastia

landareak

2005 kiloak

landarako

2007
kiloak

landarako

1. behekoa

        610

3.175

        5,2

2.665

        4,4

2. goiko handia

     1.066

3.776

        3,5

3.640

        3,4

3. goiko txikia

        626

1.566

        2,5

2.080

        3,3

GUZTIRA

     2.302

8.517

      3,69

8.385

      3,64

Zer esanik ez, lan bikaina egin eta albiste onak jaso ondoren, gustura asko aritu ginen ilundu arte erromerian.

Argazki sorta ederra jarri du Joxek hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina