Euskara 4.0

2017.05.12

Industria hasi zen, baina gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da 4.0 marka. Adierazten du teknologian eta metodoetan belaunaldi berri baten etorrera, gauzak egiteko modu aurreratua.

Gipuzkoako Aldundian 4.0 moldean ari gara, hizkuntza gaietan ere. Legealdi hasieran esan genuen, diputatu nagusiaren ahotik, euskararen biziberritze prozesuan bidegurutze batera ailegatuta geundela, bide berriak elkarrekin bilatzeko ordua zela.

Ba horretan gabiltza aldundian, beste euskal administrazioekin eta, bereziki, euskararen gizarte erakundeekin batera, pentsatzen: “zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko?”

Bi urte pasata, bilatze lanaren lehen emaitzak erakutsi nahi ditugu. Aurkezpena datorren astean egingo dugu Orona Galleryn, eta uda ondoren eskualdeetan ibiliko gara, tokiko eragileekin lankidetza sendotzen.

Aurrez, ostiral eguerdi honetan Udaltop jardunaldian agertu da 4.0 moldearen adierazle ezin argiagoa: Jaurlaritzako HPSk eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin landu ondoren aurkeztu dute gizarte aktibazioan lankidetzan jarduteko lan ildo bat, epe luzekoa, erakunde publiko eta gizarteko guztiei zabalduko zaiena. Ona!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Hiru egun, amets egiteko

Europako hizkuntza-aniztasunaren foroa, hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa barne, ostegun eta ostiralean; protokoloaren aurkezpen publikoa, larunbatean. Hiru egun bete, entzuteko, ikasteko eta harremanak lantzeko. Hiru egunotan -eta honainoko bidean- bizi izandakoak aukera ematen du amets egiteko.

presentacion-del-nuevo13605967_27173_1protokoloa

Korapiloa

Korapilo bihurria azaleratu zuten 2015eko udal eta foru hauteskundeek. Aurrez goi-bileraren eta protokoloa lantzeko hitzarmenaren aurka egin zutenek erabat kontrolatzen zuten patronatu berria. Are bihurriago, hitzarmena salatuz hitzordu zehatza ere bazegoen epaitegian urrirako. Lehergailuaren eztandarako atzera kontaketa hasia zegoela osatu zen desaktibazio komandoa: Miren Azkarate, Paul Bilbao, Xabi Paya eta laurok. Joxean Muñoz eta Iker Martinez de Lagos izan genituen ezinbesteko lagun. Eskuzabaltasun itzela egon zen alde guztietatik; horri esker, emaitzak etorri ziren bata bestearen segidan: goi-bilera eta protokoloa bereiztea, epaitegia -eta leherketa- saihestea eta, hamabost zirriborro landu ondoren, hamaseigarrenean alde guztiek akordio berria sinatzea. Une horretan aski zitzaigun azken emaitza –hiru egun hauek- txukun samar irtetea.

Unesco etxea

Akordio berriak protagonista bihurtu zuen ordura arte antolakuntzan kide soil zena: Unesco etxeak antolatuko zuen Foroa (goi-bilera bakarrik goi-agintarienak omen). Gurdia abian zela igo behar izan zuten gainera; hala, ez zen erraza izan bi dinamikak –foroa eta protokoloa- indartzea, bakoitza berean eta besteari adi. Baina hemen ere lan bikaina egin da. Eta ez bakarrik Unesco etxea uztartu da euskalgintzarekin; gainera lortu du Unesco ere parte garrantzitsua izatea azken emaitzan.

Unesco

Ez zaio gehiegi erreparatu, baina seguruenik Nazio Batuen erakunde honek eman du hiru egunotako albisterik esanguratsuena: bere hizkuntzen Atlas berriaren norabidea. Atlas berri hau otsailean aurkeztuko du Unescok Parisen, duela 20 urte sortu zuenaren ordez. Orduan arriskuan zeuden hizkuntzak kokatzen zituen soilik, haien iraupenaz kezkatuta. Aldiz, jauzi luzea egin eta Atlas berriak munduko hizkuntza guztiak jasoko ditu, hizkuntza-aniztasuna bermatzeko politika aktiboak sustatuz. Komunitate txikientzat albiste ezin hobea da: Unesco gure lankide izan daiteke aurrerantzean, gure bozemaile munduko aginte-gune gorenetan, bestela iristen ez garen tokietaraino igo gaitzakeen eskailera. Ederra litzateke DSS2016ak utziko duen ondarearen baitan Unescoren bulego edo egoitza egonkor bat geratuko balitz Donostian, lankidetza hori bideratzeko ‘Donostiako protokoloa’ren bueltan.

DSS2016

Iritziak jasoko dira kultur hiriburutzaren gainean, balantzea eta balorazioa egiteko ordua heldu bai da. Nik meritu handi bat eman behar diot: hizkuntzen esparruan egin duen ekarpen bikaina. Lehenik eta behin, euskarak eta komunitate euskaldunak presentzia handia eta duina izan du urteko programak, ohikoaren oso goitik. Aldeak alde, Bartzelonako Joko Olinpikoetan katalana ‘ikusi’ genuen bezala ikusi dugu euskara eta euskalduna aurten, ezohiko tokian eta mailan.

Hori gutxi ez, eta bigarren ekarpena azpimarratu nahi dut: euskal gizarteari bistaratu dio Europan –eta munduan- dagoen hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza hegemonikoetatik harago. Ikuspegi berri honek baditu bi bertute: bat, gure ahaleginaren neurria ematen digu, lortu dugunaren tamaina, hizkuntza gutxituen tropelean aurrean bai gabiltza; bestetik, erantzukizun galanta ezartzen digu gu baino ahulago dauden komunitateekin, haientzat bidegile bai gara, bidelagun izan gintezke. Elkartasun linguistikoaren ideia aipatu da egunotan. Uste dut asko daukagula emateko eta asko jasotzeko. Ziur nago emate eta hartze horrek bizkortu egingo dituela gure eta beste guztien prozesuak.

Protokoloa

Foroan zorroztasuna nabari bazen, protokoloan emozioa izan zen nagusi. Larunbateko hitzaldietan pasioa egon zen; giroan, berotasuna. Honetan ere osagarri izan dira bi ekimenak. Zorroztasun teknikoa behar dugu lege markoen azterketan edo protokoloa bera lantzean; pasioa behar dugu gero, lege aukerak nahiz tresnak hizkuntza berdintasunaren -elkarbizitza justuaren- mesedetan erabiltzeko.

Duela urte eta erdi korapilo bihurri zena, bi ekimen arrakastatsutan bihurtu dugu. Korapiloa askatu ahala emaitza txukun batekin konformatzen ginenok, bereziki antzematen dugu egindakoaren neurria eta emaitzaren bikaina. Gure itxaropenik onena ere gainditu du hiru egunotakoak.

Uste dut badugula motiborik egindakoaz harro egoteko, eta etorkizunaz amets egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Kontzertazioa

argiaArgia, 2016.10.23

Ituna edo hitzarmena behar zuen, baina hiztegiaren kontra ere eutsi egin diot hitzari, bide bat egina duelako gurean: baditugu ikastetxe kontzertatuak, eta baita euskaltegiak edo ospitaleak. Beste hamaika ekimen ditugu hitzarmen bidez funtzionatzen dutenak, baina ez da gauza bera. Nolabait esateko, kontzertazioak iraun egiten du, hitzarmenak tarteka erori egiten dira.

kontzertazioaBi kasuetan funtzio soziala duten ekimenez ari gara, gehienetan gizartetik sortuak, eta erakunde publikoen dirua jasotzen dute bere jardueraren funtzio soziala mantendu eta garatu dezaten.

Europan ezohikoa den tamainan daukagu Euskal Herrian gizarte ekimena, eta hori kapital soziala da, aberastasuna. Parean daude erakunde publikoen ahalmena eta baliabideak. Biak ondo uztartu direnean lortu ditugu emaitza bikainak. Eta biak uztartuta lortuko ditugu aurrerantzean ere. Alegia, kontzertazioa sakontzeko eta hedatzeko bideak aurkitzea komeni zaigu.

Lehenik eta behin, lankidetzarako konfiantza areagotu beharra dago; oraindik bada zer hobetua esparru askotan. Bigarren, uztarriaren kalitate juridikoa gorenera eraman behar da; errazegi ezartzen zaizkio lankidetza publiko-sozialari helegiteak edo susmoak. Azkenik, ikuspegiak adostu behar dira erakunde publiko eta gizarte ekimenaren artean, honen jarduerak bete dezan bere funtzio soziala, eta bi aldeen artean osagarritasunik handiena egon dadin.

Aplika dezagun goian esandakoa euskal komunikazioaren esparrura. Badago zati bat publikoa –EITBren ‘euskal’ atala- eta bigarren bat diru laguntzak jasotzen dituena, euskararen sustapenean duen eraginagatik. Esparru horretan badaude 1.000 profesionaletik gora, baina kostata lortzen da arrakasta –hau da, eragin indartsua- noizean behin, han edo hemen.

Gainera, euskal hedabideak murgilduta daude komunikazio orokorraren bilakaera azkar eta kontrolik gabean. Galderak pilatu egiten dira: iraungo du egungo telebista ereduak ala mila pantailetan zatikatuko da? Egongo da egunkaririk paperean etorkizun hurbilean ala egunerokoa osorik doa Internetera?

Demagun gurean adosten dela hamar urte barrurako ikuspegi bat, telebista publikoaren eta prentsa idatziaren etorkizuna barne; eta zehazten dela funtzio sozial bat hainbat helbururekin lotua –hizkuntza eta genero berdintasuna, bizikidetza…- Eta demagun kontzertatzen dela egitura ezberdinen arteko artikulazioa lankidetzan jarduteko, eta adostutako funtzio sozialari dagokion finantzazio partekatua eta egonkorra. Orain baino hobeto genbiltzake, edo?

Orduan, zergatik dago antzeko zerbait oso garatua –esaterako- euskaltegietan eta komunikabideetan ameskeria dirudi?

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Oasia

Behin datorren asteko hauteskundeak pasata, ia hiru urteko oasia irekitzen zaigu hauteskunderik gabe. Europakoak egon daitezke tartean, baina horiek ez dute oraindik interferentzia handiegirik sortzen euskal politikan.

oasia

Eta asko komeni zaizkigu oasiak, oso nabarmena delako hauteskunde usainak zorabiatu egiten dituela alderdiak. Oraindik urrun dauzkagu kanpaina erakargarriak, edukien gaineko eztabaida piztuko dutenak; eta soberan gaiztakeria batzuk, edota zaindu beharreko hainbat gai harrika erabiltzeko joerak.

Hauteskunderik gabeko oasia dator eta aprobetxatu behar genuke herri ikuspegitik airean ditugun galderak egiteko, lehenik nork bere buruari eta gero elkarri. Euskalgintzan esaten ari gara hizkuntzaren biziberritze prozesua bidegurutzean dagoela, baina uste dut orotara gaudela despiste handi baten erdian. Zehaztu gabe ditugu gure egitasmo politiko ezberdinak eta ezinbesteko ditugun hainbat azpiegitura, hala nola, euskal komunikazio sistema, edo liburutegi nazionala, edo kultur eredua, edo garapen sozio-ekonomikoaren markoa, edo…

Ea hiru urteko oasia baliatzen dugun gure herriaren etorkizuna irudikatzeko eta prestatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskararen herria

argiaArgia, 2016.06.12

Nafarroan aldaketa politikoa gobernuan nabarmendu da baina maila bertsuan aldatu dira udalak eta kontzejuak; eta hauek biltzen dituen federazioan udal euskaltzaleak

euskara_herria__1365495794

dira nagusi. Ez daukat ahazteko irratian Tuterako alkatea –Ezkerrakoa- euskaraz entzuteak eragin zidan emozioa.

Autonomia erkidegoan EUDELen inguruan akordio politiko zabala egon da eta baita udalen legea adosteko ere. Kasu honetan, azpimarratzekoa da euskararen aldeko konpromisoa indartu izana, bai legean eta bai elkargoan.

Eta Iparraldean udalen gehiengo zabalak dagoeneko onartu du haien elkargoa, hizkuntza politikan ere eskumenak izango dituena. Okerrik ezean, urte berriarekin abiatuko da eta aurrekontu polita aurreikusten zaio.

Gauzak horrela, uste dut eskura daukagula euskararen herria antolatzeko aukera udalgintzatik. Udal elkargoen arteko lankidetza normala da, eta lege orokorrek erraz onartzen dute ondasun komun immaterialak –kultura eta hizkuntza- kudeatzeko. Alde horretatik, Europako legedian aukera balegoke. Eta gurean borondatea? Zertan da euskalgintza?

Euskararen inguruan gogoeta ugari dabil azken urteotan. Biziberritze prozesua bidegurutze batera iritsi dela eta, euskaltzaleon buruak dantzan jarri dira. Esanguratsua izan da Berrikusi eta berrikasi dokumentuak herriz herri egin duen ibilbidea, edota Patxi Saez-en Elefantea ikusi proposamenak izan zuen hedapena, sarean eta bestela.

Uste dut orain arteko emaitzarik biribilena dela HPSren Euskararen Aholku Batzordeak aho batez eta ilusioz onartu berri duen Eta hemendik aurrera zer? dokumentua. Esango nuke hor finkatu direla etorkizuneko hizkuntza politikaren kontzeptuak eta ikuspegia, hor dagoela egitekoaren enborra.

Beste bi ekimen aipagarri: lehena, Eusko Ikaskuntzak gidatzen du eta bi urteko ortzimugarekin ari da lanean. Hastapenetan badago ere, anbizioa eta berritasuna dario, eta jarraitu beharrekoa da. Bigarrena da Gipuzkoako aldundian euskararen gizarte erakundeekin hasi dugun parte hartze prozesua. Zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko? galdetu diogu geure buruari eta ahalegin berezia egin dugu metodologian ere berritzaile izateko. Ilusioa sumatu dut prozesuan, eragileon jarduera berrasmatzeko prestutasuna; eta deigarria egin zait oraintsu arte nagusi ziren ikuspegi zenbaiten kotizazio baxua.

Labur: aukera badago euskararen herria artikulatzeko udal elkargoak oinarri, eta borondatea sendotzen ari da euskalgintzan bide eta molde berriei ekiteko.

Eta euskararen herria indartuta, biziberritze prozesuan jauzi egingo genuke eta hiztun komunitatea eraginkorragoa litzateke erabaki orokorrak hartzeko orduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Krisi aktiboa

Aspaldi gabiltza euskalgintzan egungo egoerarentzat izen argi baten bila. Erabili ditugu apalaldia, bidegurutzea, ziklo amaiera, ziurgabetasuna… Hitz egin dugu elefanteaz eta paradigmaz. Esan dugu prozesuak goia jo duela, golde aroan gaudela, berrikusi eta berrikasi beharrean….

Iñaki Marko soziolinguista zorrotzaren lan dokumentu batean aurkitu dut ondoko puska:

Microsoft Word - Documento1

Eta asko gustatu zait  krisi aktiboa kontzeptua, primeran uztartzen dituelako egoeraren larria (krisian gaude) eta jarreraren norabidea (lanean ari gara krisitik irteteko)

Nik behintzat, eta Iñakik baimena ematen badit, izen hori erabiliko dut aurrerantzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Akordio usaina

argiaArgia, 2016.02.21

Social Business Meeting

Social Business Meeting

Tokatu zait mahai luzean euskararen erakunde eta eragile mordoa bilduta egotea etorkizunaren usnan, eta amaieran oso ados etortzea guztiak analisi partekatua jasotzen duen testua osatzeko proposamen, ekarpen, nabardura eta abarrekin.

Tokatu zait aldundi baten ekitaldi ospetsuan euskaltzale omenduak aldarrikatzea euskararen gaineko itun politiko eta soziala, eta erakundeko agintari gorenak ekitaldi berean erantzutea modu solemnean prest dagoela helburu horiei gizarte eragileekin lankidetzan ekiteko.

Tokatu zait askatasuna, berdintasuna eta justizia oinarri dituen diskurtsoarekin agerraldia egitea erakunde legegilean eta alderdi guztien onespena jasotzea, bakoitzak bere azpimarrarekin.

Tokatu zait hilabeteotan hizkuntza normalizazioan ardura duten eragile eta erakunde ia guztiekin luze solastea prozesuaren beraren orainaz eta etorkizunaz, eta nabaritu dut haiengan antzeko ikuskera zalantzatia eta lankidetzarako prestutasun osoa.

Eta tokatu zait hizkuntzaren esparruan eztanda egin zezakeen lehergairen bat desaktibatzeko bitartekari lanetan ibiltzea, eta harridura atseginez aurkitu ditut espero gabeko malgutasunak eta akordiorako jarrerak.

Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan nintzen garaian (2012-2014) gogotsu aldarrikatu nuen aro politiko berria baliatu beharra euskaltzaleon artean gatazka politikoak eragindako lubakia gainditzeko, eta lankidetza berriak eraikitzeko; beti ere pentsatuz indarrak biltzea ezinbestekoa zaigula euskararen aldeko lanean.

Aldarri bera egin dute han eta hemen eragile eta talde ezberdinek azken urteotan. Eta esango nuke iritzi publikatuan ere nabarmen ari direla nagusitzen zalantza partekatua eta jauzi aurreko tentsioa, iraganeko heterokritika muturrekoen aldean. Horrez gain, jarreren gaineko ikerketa berriek ere diote bi herenetik gorako onarpen soziala dutela hizkuntza berdintasuna helburu duten estrategiek.

Honenbestez, baldintzak ikusten ditut urrats zehatzetarako. Niri dagokidanez, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza zuzendaritzaren plan estrategikoaren lanketan gizarte eragileek parte hartu dute eta, aurrera begira, partaidetza prozesu bat proposatuko diegu hurrengo asteetan, berrikuntza palankak elkarrekin identifikatzeko. Galdera nagusiak izango dira: zer egin behar dugu euskalgintzan diferente eraginkorrago izateko? Nola berreskuratu iraganeko hazkunde erritmoak normalizazio prozesuan? Eta erantzunen arabera joango gara zuzendaritzako aurrekontua moldatzen.

Izan ere, hizkuntza berdintasuna helburu politiko eraldatzailea da, gizartea hobetzen duten horietakoa. Behar eta merezi du politika adostua, sendoa, arnas luzekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

ETB1en ahalegina

Egunotan asko aipatu da ETBren gainbehera, bi ezaugarri azpimarratuz: telebista guztien porrota eta euskarazko irratien arrakasta. Telebistei dagokien bilakaeran, ordea, nik beste zerbait ikusten dut:

p034_i01

Bi telebisten kasuan ikusten da 2011n inflexio puntu bat, nabarmenagoa ETB2n. ETB1en emaitzak iradokitzen du ordoki moduko bat aurkitu duela euskarazko kateak % 2aren bueltan. Ez behintzat hainbat titularretan irakurri dugun jaitsiera beldurgarria.

Ez dut nik ukatuko EITBren krisi ‘existentziala’ eta euskal komunikazio sistema osoaz hausnarketa egiteko dugun premia. Baina justiziazkoa iruditzen zait aitortzea ETB1 egiten ari den ahalegina toki bat aurkitzeko. Duela ez asko entzuten nion Leire Palaciosi estimatzen hainbat saio berri (‘Gu eta gutarrak’ edo ‘Herri txiki…’ aipatu zituen) telebista hurbil eta herritarraren adibide bezala. Nik kategoria berean erantsiko nituzke ‘Tribuaren berbak’ eta  ‘Burubero’, edo ‘Azpimarra’ informazio saiotan eta ‘Aitaren etxea’ fikzioan.

Begirada luzatu eta pentsatu beharrean gaude zer nolako telebista nahi, behar, eta egin ahal dugun. Eta, komeni bada, hankaz gora jarri egiturak eta ohiturak. Aldatu beharko da telebista, eta aztertu beharko dugu ikusleok ere zer eta non ikusten dugun. Baina irudipena daukat esandako saio horiek -denak edo batzuk, edo horien aldaerak- tokia izan dezaketela etorkizuneko euskal telebista duinean.

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Hurrengo txanpa

goienaGoiena, 2015.12.23

Badira bost hilabete aldundian zuzendari kargua hartu nuela. Eta betea izan da udatik honakoa: plan estrategikoa, aurrekontuak, taldea ezagutzea, bisita andana, suteren bat edo beste itzali beharra, Batzar Nagusietako agerraldiak, elkarrizketak…

CV2-upQWwAAKHcJ

Ilusioz hartu nuen eginkizun berria eta are ilusio handiagoaz nago gaur. Lankidetzarako proposamenek harrera ona izan dute, diskurtso berritua bidea egiten ari da eta, lehen urrats hauek animatuta, egin daitekeenaren listoia igotzeko modua ikusten dut hurrengo txanpan.

Zein norabidetan? Bada, udalekin harremanak sakondu, teknikariekin bezala hautetsiekin, eta tokiko aktibazioa sustatu; arlo sozioekonomikoan, garapen ekonomikoa eta soziala uztartu, eta eragileen jardueran gizarte erantzukizuna txertatu, hizkuntza berdintasuna barne; 2018ko urteurrenak baliatuta behingoz sortu gure hiztun komunitateak behar dituen hainbat egitura estrategiko… Dagoeneko ikerketa lerroak abian ditugu berrikuntza hori guztia oinarri sendoz egin dadin; eta, guztiaren txapel, akordio soziopolitiko bat bilatuko dugu, urrats hauek egin daitezen giro barean eta herri ikuspegiz.

Ez da ilusio handiz egoteko?

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Berrikuntzaren trena

goiena2015.11.20

Beti betikoan aritzea erosoa da. Eta eroso jardunda helburu nagusiak betetzen badira, nekez ikusten da aldatzeko arrazoirik.

Azken zortzi urteek, ordea, hankaz gora jarri dute aurreko hamarkadetako egoera, akabo erosotasunak. Geroztik, zailtasun artean ere helburu nagusiak ezin bete, eta neurriak hartu behar izan dira. Joera bat izan da zuhurkeriaz jokatu eta murriztea. Beste bat, ausardiaz ekin eta berritzea. Krisian aukera ikusi du hainbatek, eta berrikuntza bihurtu da ardatz.

trena copia

Hizkuntzaren ikuspegitik, eta berrikuntza tren baten antzera irudikatzen badugu, euskaltzaleok ahaleginak eta bi egin behar ditugu tren-makinan joateko, eta ez azken bagoian. Atzean joanda nekez harrapatuko dugu burua, eta haren lekura iritsi orduko, hura aurrerago egongo da.

Ze, euskaltzaleok gauden tokian han egongo da euskara. Horregatik, enpresa, erakunde nahiz gizartean, berrikuntza premia non, guk han egon behar dugu. Ausart jokatzen eta berritzeari dagozkion arriskuak hartzeko prest, inoren zain egon gabe.

Edo bestela esanda: besteen berrikuntza euskaratu ordez, berritu dezagun guk euskaraz. Egin dugunean, aurrenak izan gara helmugan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina