Akordio usaina

argiaArgia, 2016.02.21

Social Business Meeting

Social Business Meeting

Tokatu zait mahai luzean euskararen erakunde eta eragile mordoa bilduta egotea etorkizunaren usnan, eta amaieran oso ados etortzea guztiak analisi partekatua jasotzen duen testua osatzeko proposamen, ekarpen, nabardura eta abarrekin.

Tokatu zait aldundi baten ekitaldi ospetsuan euskaltzale omenduak aldarrikatzea euskararen gaineko itun politiko eta soziala, eta erakundeko agintari gorenak ekitaldi berean erantzutea modu solemnean prest dagoela helburu horiei gizarte eragileekin lankidetzan ekiteko.

Tokatu zait askatasuna, berdintasuna eta justizia oinarri dituen diskurtsoarekin agerraldia egitea erakunde legegilean eta alderdi guztien onespena jasotzea, bakoitzak bere azpimarrarekin.

Tokatu zait hilabeteotan hizkuntza normalizazioan ardura duten eragile eta erakunde ia guztiekin luze solastea prozesuaren beraren orainaz eta etorkizunaz, eta nabaritu dut haiengan antzeko ikuskera zalantzatia eta lankidetzarako prestutasun osoa.

Eta tokatu zait hizkuntzaren esparruan eztanda egin zezakeen lehergairen bat desaktibatzeko bitartekari lanetan ibiltzea, eta harridura atseginez aurkitu ditut espero gabeko malgutasunak eta akordiorako jarrerak.

Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan nintzen garaian (2012-2014) gogotsu aldarrikatu nuen aro politiko berria baliatu beharra euskaltzaleon artean gatazka politikoak eragindako lubakia gainditzeko, eta lankidetza berriak eraikitzeko; beti ere pentsatuz indarrak biltzea ezinbestekoa zaigula euskararen aldeko lanean.

Aldarri bera egin dute han eta hemen eragile eta talde ezberdinek azken urteotan. Eta esango nuke iritzi publikatuan ere nabarmen ari direla nagusitzen zalantza partekatua eta jauzi aurreko tentsioa, iraganeko heterokritika muturrekoen aldean. Horrez gain, jarreren gaineko ikerketa berriek ere diote bi herenetik gorako onarpen soziala dutela hizkuntza berdintasuna helburu duten estrategiek.

Honenbestez, baldintzak ikusten ditut urrats zehatzetarako. Niri dagokidanez, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza zuzendaritzaren plan estrategikoaren lanketan gizarte eragileek parte hartu dute eta, aurrera begira, partaidetza prozesu bat proposatuko diegu hurrengo asteetan, berrikuntza palankak elkarrekin identifikatzeko. Galdera nagusiak izango dira: zer egin behar dugu euskalgintzan diferente eraginkorrago izateko? Nola berreskuratu iraganeko hazkunde erritmoak normalizazio prozesuan? Eta erantzunen arabera joango gara zuzendaritzako aurrekontua moldatzen.

Izan ere, hizkuntza berdintasuna helburu politiko eraldatzailea da, gizartea hobetzen duten horietakoa. Behar eta merezi du politika adostua, sendoa, arnas luzekoa.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude