Otero Kulturaten

Goiena, 2011.11.18

Joan den asteburuan inauguratu zen Xabi
Oteroren erakusketa Arrasateko Kulturaten. Xabik berak aukeratutako argazkiak
eta diseinu grafikoak daude ikusgai.

Otero argazkilari hasi zen, duela 40 urte.
Argia zuen tresna, euskal kultura gai nagusi, eta gizakia helburu. Bere
artxiboak baditu 70.000 argazki, milaka batzuk artelanak eta gehienak
dokumentalak. Argazkiarekin batera diseinua landu zuen, eta bereak dira 80.
hamarkadan famatu ziren hainbat logo eta hormairudi.

Argazkiek eraman zuten liburugintzara eta
baditu 200 inguru argitaratuak. Gehienak euskal kulturaren bueltakoak, esparru
bakoitzeko adituen testuekin. Hain zuzen aditu horiekin eraiki duen sareak eman
dio Xabiri herrigintzarako sekulako tresna. Puntan ibili da Praileaitzeko
altxorra
gordetzeko borrokan eta berak bultzatu du berriki EHUn egin den
jardunaldi bat euskaldunon jatorriaz. Izan ere, azken gai honetan dabil
murgilduta Xabi nazioarteko ikerlari ospetsuekin, ea gure iraganaz dagoen
hipotesi interesgarri eta mesedegarri bat berresterik dagoen.

Erakusketan ez dago hori guztia, baina bai
Xabiren bihotza. Abenduaren erdira arte duzu ikusteko aukera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Diputazioak

ARGIA, 2011.11.06

(Aldizkarian kabitzen zen testua letra zuzenean dago. Puntu batzuk gehiago azaltze aldera, blogean oharrak erantsi ditut letra etzanean)

Krisia luzatzen ari da eta defizit publikoa
murrizteko administrazioa mehetu beharra aipatzen da. Aldundiak kentzea
proposatu zuen Rubalcabak eta horrek gurean berpiztu egin du lurralde
historikoen auzia. Bestalde, ETAren adierazpenak ateak ireki ditu gehiengo
berriak osatzeko. Osagaiak baditugu koktela prestatzen hasteko.

Aldundi soberanoak

Espainiako legedi gorenean –Konstituzioan-
euskal aldundiak dira eskubide historikoen jabe eta hortik datorkie, esaterako,
zergak biltzeko eskumen berezkoa. Eusko Jaurlaritzak estatus juridiko ahulagoa
du, Murtziaren parekoa. Horregatik, erabakitzeko eskubideari oinarri juridikoa
bilatu nahi izan zaionetan, eskubide historikoetara jo izan da. Bestalde, ez da
ahaztu behar inoiz hegoaldeko lau lurraldeak bateratzekotan, formularik
egingarriena izan daitekeela lau aldundien konfederazio bat.

Ez da gorrin foruzalea, kontu praktikoa
baizik. Espainiak egin dezala nahi duena, baina guk ez genituzke aldundi
soberanoak ukitu behar euskal eskubide historikoen jabetza beste erakunderen
bati aitortzen ez zaion bitartean.

Esparru funtzionalak

Zerbitzu publikoen antolaketa asko garatu da azken hamarkadetan, baina
antolaketa esparruak oraindik zaharrak dira. Udala berez ez da unitate
funtzionala, gehienak txikiegiak direlako, eta batzuk handiegiak. Eta foru
hauteskundeetan oraindik partidu judizialak erabiltzen ditugu, nahiz inork
gutxik dakien zein diren ere.

Horiek baino egokiagoa da esparru funtzionala, 50.000-100.000 biztanle
tarteko zonalde geografikoa, ezaugarri komunak dituena. Gipuzkoan eta Bizkaian
erraz uztartu daiteke eskualde eta mankomunitateekin, eta Araban zein Nafarroan ere
ez litzateke zaila.

Gipuzkoa ezagutzen dut ondoen, hemen 9 esparru
funtzional edo eskualde bereizten dira ondo: Debagoiena, Debabarrena,
Urola-kosta, Goierri, Tolosaldea, Beterri-Donostialdea, Donostia,
Oarsoaldea, Bidasoaldea. Kalkulatzen dut Bizkaian izan daitezkeela
dozena inguru, Araban lau eta Nafarroan zortzi bat. Guztira 33/34
esparru eta 200 inguru hautetsi. Guzti-guztira.

Hautetsi gutxiago

Administrazioa mehetzeko kontua ez da maila bat edo beste kentzea,
daudenak arrazionalizatzea baino. Horretarako ezinbestekoa deritzot hautetsi
gutxiago izateari. Nola? Bada kargu ezberdinen arteko inkonpatibilitateak
ezabatuta. Batzar Nagusietako kide bat aldi berean Legebiltzarreko kide izanda,
gastua erdira dator. Eta ez luke doble lan egin behar. Hautetsien lana ez da
kudeaketan aritzea, horretarako daude administrazioko teknikariak. Hautetsiek
norabidea jarri behar dute eta jarduera kontrolatu.

Administrazioko teknikariek ardura gehiago hartu behar
dituzte kudeaketan, hautetsiari politikak ezartzea dagokio baina ez
kudeatzea. Gaur egun energia asko xahutzen da hautetsien eta teknikarien
arteko lehian, esparru berean aritzen direlako.

Bide batez, hautetsi bera maila ezberdinetan egonda, bateko eta besteko
ikuspegiak integratu egingo lituzke, erakunde arteko gatazkak leunduz.

Zirriborro bat

Demagun hegoalde osoan hautes-prozesu bakar bat egiten dugula lau
urtetik behin. Hautes-esparrua litzateke esparru funtzionalen araberako
eskualde edo distrito urbanoa. Hor aukeratuko genituzke 6-8 hautetsi eta horiek
osatuko lukete mankomunitatearen gobernu kontseilua. Udaletan teknikariak
bakarrik leudeke, mankomunitateak ezarritako politikak gauzatzen.

Udalerriak eskualdearen auzune bihurtuko lirateke,
eta hor partehartze zuzeneko formulak bultzatu behar dira. Baina soberan
daude milaka zinegotzi elkar oztopatzen eta udalak ‘gobernatzen’, gobernu edo parlamentuak bailiran.
Udalerri/auzuneak kudeatu egin behar dira, eta ondo, baina ez ‘gobernatu’.

Hautetsi horiek beraiek osatuko lukete, beste eskualdeetakoekin batera,
lurraldeko Batzar Nagusia, eta hortik irtengo litzateke Aldundia. Honen funtzio
nagusiak lirateke zerga bilketa, mankomunitateen koordinazioa eta
Jaurlaritzarekin adostutako eskumen banaketan dagozkionak kudeatzea.

Hainbat politika bateratu egin behar dira, eta
Aldundiak ezin dira izan Jaurlaritza txikiak. Horregatik behar da
eskumen banaketa zehatza, oro har egitura bateratuaren mesedetan.

Azkenik lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiak izendatuko lituzke bere kideen
artetik Legebiltzarrean legozkiokeen ordezkariak. Eta ez guztiek kopuru
berdina, hori apurtzeko ordua ere etorri da. Lurralde bakoitzak pisu bat dauka
populazioan eta barne produktuan, beraz, horien edo antzeko parametroen arabera
ordezkari portzentai bat behar luke izan goi ganberan.

Kutxabank-en sorrera izan da azken adibidea EAEn.
Hiru kutxen indar-erlazioa honela geratu da: Bizkaia 57, Gipuzkoa 32,
Araba 11. Hiru lurraldeena, orotara, ez da urruti ibiliko. Nafarroa
txertatuta, ariketa egin dut soilik populazioarekin eta hau irten da: Bizkaia 41,
Gipuzkoa 25, Nafarroa 23, Araba 11.

Hasiko gara serio hitz egiten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zaharkitua

Astelehenean idazten dut Goiena papererako zutabea, eta oraingoan Aieteko ekitaldiari eskaini nion. Arriskutsua zen, astean bertan urratsak egon zitezkeelako, eta juxtu atzo iluntzean etorri zen ETAren adierazpena.

Esan ohi da ez dagoela gauza zaharragorik bezperako egunkaria baino. Internet asmatu zenetik, seguruenik ez da egongo gauza zaharragorik paperean oinarritzen den blog bat baino. Birpentsatu egin beharko dut honen funtzioa.

(Esan gabe doa niretzat ere atzoko adierazpena poz-iturria dela, aro berri baten hasiera, eta abar.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Oraingoan bai

Goiena, 2011.10.21

Ez da oso luzea baina bai mardula bere
sinpletasunean. Eta ez da asko aldentzen orain baino lehen ezagutu ditugun
proposamenetatik, baina oraingoak hurrenkera argia ezartzen die aldeek egin
beharreko urratsei. Itxura guztien arabera, Donostiako konferentzia mugarria
izan daiteke -oraingoan bai- atzera bueltarik ez duen bidean.

Bi arrazoi ikusten ditut baikortasunerako.
Lehena, ezker abertzalea etengabe aurrera egiteko erakusten ari den erabaki
argia, sasi guztien gainetik. Ze irudipena daukat orain baino lehen abiatu
diren prozesuetan ez dela egon oraingoan nabari den barne-sendotasuna esparru
horretako kolektibo ezberdinen artean.

Eta bi, bake konferentzia berak eman duen
irudia: nazioarteko ordezkari garrantzitsuak, mugaren bi aldeetako alderdi
gehienak, euskal sozialisten derrepenteko ziaboga… Indar asko ikusi dut hor
metatuta, nahikoa –espero dut- adierazpenak eskatzen dituen urratsak eragiteko.

Horregatik, mundua hankaz gora jartzen ari den
honetan, gauza ederra da gurean ilusioa pizten duten albisteak jasotzea, gero
eta sarriago. Gurdiari denok bultz egiteko ordua da, oraingoan bai, koska hau
gainditu dezagun.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ziabogen ordua

Goiena, 2011.09.23

Batasuna ohiaren ziaboga osatzen ari da
iragarritako norabidean. Estrategiari buruz, inoizko argien mintzatu ziren
Bateragune epaiketan Arnaldo Otegi eta Rafa Diez bide soilik politikoen alde
eta borroka armatuaren zamatik libratu beharraz. Eta, hitzetik ekintzara,
Bilduri ardurak eta erabakiak hartzea tokatu zaionean ikusi ditugu ziabogaren
onurak, Kutxa Bank egitasmoan nabarmen.

Badirudi ziabogaren azken kolpeak izango
direla presoen posizionamendua eta erakunde armatuaren agurra, eta horiek
burutzean etorriko dela helmugarako txanpa indartsua.

Beste trainerua, estatu espianiarra, ez da
ziabogan hasi ere egin. Hainbeste errepikatuta norabide egokiarena, orain inork
ez du adorerik esateko biratu beharra dagoela helmugara iristeko. Zaila, beste
behin ere hauteskunde kanpainan egonda.

Eta ziaboga hasten ez duten bitartean
lehengoak jarraitzen du, Bateraguneren epai ankerra adibide. Epaitegiak
bahituta daude bunker politiko eta mediatikoaren eskutan eta lelo zaharrekin
diraute, begi bistakoa ikusi gabe.

Kontua da ziaboga egin eta helmugara bidean
jarri denak duela abantaila estropada irabazteko. Itsaso txarrenarekin ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | 2 iruzkin

Adostasunari gorazarre

Goiena, 2011.09.19

Finantza-sistema espainiarra hankaz gora jarri
dute azken bi urteotan. Espainiar bankuak eta munduko merkatuak bat etorri dira
kutxen eredua suntsitzeko interesean eta gobernuak irmo gauzatu du haien
agindua.

Ekosistema eraldatuan ia ezinezkoa da
finantza-jardueran lehiatzea kutxa egiturarekin. Agian 2008ko bategitea gauzatu
izan balitz, kutxa hark irauteko aukera izango zukeen. Oraingo egoeran ez zen
posible gainditzea aldi berean lege araudien oztopoak eta kontsentsu politikorik
eza.

Eta aukeratu da bide posible bakarra:
ekosistemak lehenesten duen tresna (bankua) baliatu finantza-jarduerarako, jabetza
eta kontrola kutxen eskutan mantenduz, gizarte ekintzari eusteko helburuarekin.

Bildurekin lotu den akordioan bermeak sendotu
egin omen dira. Dokumentuen faltan, ezin jakin zenbatekoa izan den eragin hori,
baina norabidea gizarte nahiarekin bat datorrenez, izan bedi ongi etorria.

Gainera akordioak badu beste balio erantsi handi
bat: adostasuna bera. Oso gauza gutxitan jartzen dira ados gure lau alderdi
politiko nagusiak eta, kutxen inguruko katramilak gogoratuta, ezinezkoa lortu
da oraingoan. Are gehiago hiru kutxetako gehiengo sindikala ere Kutxa Bank-en
alde jarri denean.

Seguruenik ez da inork amestutako egitasmoa,
eta baditu arriskuak. Baina hain zuzen herritarron, bezeroon eta langileen
artean kontrolatuko dugu bankua. Gure inplikazioa erakunde berriarekin, hori da
arriskuak sahiesteko bermetik sendoena, paperetatik haratago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kutxa Bank: honezkero bai

Aspaldi egin nuen amets eskal kutxen
bategitearekin, euskal banku publikorantz. Hasieran laurena espero nuen, Federazio bat osatzen
baizuten. Baina, beste esparruetan nola, nafar kutxa aldendu egin zuten bere agintariek Federaziotik, oraintsu Sevillara eraman duten arte.

Porrotak eta erasoak

Beste hirurek elkarrenganako bidea hasi zuten
1990-91n, lurralde bakoitzean kutxa munizipala eta probintziala batu ondoren. Eta
bidea hastearekin bat hasi ziren trabak eta oztopoak, handik eta hemendik,
orain arteko ahalegin ezberdinak hutsean uzteraino.

Ezintasun horretan, ordea, ingurumaria aldatuz
joan da eta bereziki azken hiru urteotan erabat bestelakoa bihurtu da. Krisia baliatuz,
Espainiako bankuek eta gobernuak aurrezki kutxen aurkako gurutzadari ekin
zioten eta, hainbeste estutu dituzte, dagoeneko ez dela bakar bat ere geratzen
ohiko moldean iraungo duenik. Guztiak daude banku bihurtzeko bidean,
finantz-ekosistema espainiarrean bizirik iraungo badute.

Eredu propioa?

Euskal kutxek, kaudimen handiari esker,
bazuten tartea lehen erasoei eutsi eta eredu propio bat lantzeko. Baina lan
hori, kutxen zuzendaritzetatik haratago, herrigintza sendoan kokatzen da. Izan
ere, kutxen batzar nagusietako herri ordezkariek onartu behar dute haien
bilakaera, bi hereneko gehiengoarekin.

Egin zitekeen, duela bizpahiru urte, aditu
talde bati egitasmo bat eskatu eta gero egitasmo hori adostu erakunde, alderdi
eta sindikatuen artean. Agian lortuko zen, sendotasun finantzarioari beste
sendotasun instituzional hori erantsita, Espainiako gobernu eta bankuen afrontu
guztiei aurre egitea. Baina ez da egin.

Realpolitik

Eta orain Kutxa Bank da aukera bakarra. Bermeak
badaude kutxen bankua izan dadin, bestelako esku-hartzerik gabe. Eta, gaur
posible den heinean, seguru da hiru Gizarte Ekintzek iraungo dutela eta haziko
direla, bategitearen abantailei esker.

Noski, ametsaren zati batzuk galdu dira
bidean, ahaleginak hutsean geratu ahala. Baina Kutxa Bank egitasmoan oraindik
geratzen dira, inon geratzekotan, euskal banku publikoaren haziak, herrigintza
indartsuak noiz ernaraziko. Bestalde, ziur nago ahalegin honek kale egingo balu
hurrengoa txarragoa litzakeela.

Horregatik desio dut –eta espero- Kutxa Bankek
jasoko duela irailean hiru batzar nagusien onarpena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 9 iruzkin

Opor giroa

Goiena 2011.07.22

Ez da giro oporren bezperan. Eraso betean
dabiltza merkatuak estatuen aurka. Ahulezia ekonomikoa non, han agertzen dira
harrapariak, rating agentziak aurrez prestatutako bazka jatera. Gero eta
txotxongiloago ikusten dira agintariak, ezarritako gidoia antzesten talentu eta
konbentzimendu eskasarekin. Une batez ere ez zaie nabaritzen erasoei aurre
egiteko adorerik.

Eta bitxia da oso nola merkatu librea, urte
oparoetako zoroaldian sekulako aberiak eragin eta gero, are zoroago jokatzen
ari den krisiaren erdian, libreago eta berekoiago, inongo aginte publikoren
kontrolik gabe. Inondik ere, garai txarrak dira lirikarako.

Baina oporrak datoz, eta abuztuan arazoak
konpondu ez dira egingo baina bai lausotu eta urrundu. Marrazoek ez dute
atsedenik hartuko baina gai arinagoak nagusituko zaizkigu eguzkiak bigundutako
kaskezurrean, eta lagunarte gozoek anestesiatuko digute adimena gutxiago sufri
dezagun.

Tarteka gogora dezagun udagoienak ekar
ditzakeela kontu pozgarriak euskal gizartearen bilakaeraz. Eta irailerako
apuntatu: gizabanakook merkatuari aurre egiteko dugun arma bakarra da harekiko
menpekotasuna gutxitzen joatea.

Ondo pasa uda!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Udaberri usaineko uda

72
1024×768

Normal
0
21

false
false
false

/* Style Definitions */
table.MsoNormalTable
{mso-style-name:”Tabla normal”;
mso-tstyle-rowband-size:0;
mso-tstyle-colband-size:0;
mso-style-noshow:yes;
mso-style-parent:””;
mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt;
mso-para-margin:0cm;
mso-para-margin-bottom:.0001pt;
mso-pagination:widow-orphan;
font-size:10.0pt;
font-family:”Times New Roman”;
mso-ansi-language:#0400;
mso-fareast-language:#0400;
mso-bidi-language:#0400;}

Armeniako magoak mezua bidali zion Kukaiko euskal
dantzariari:

“Aurten ere banoak Musikairera! Elorrion
ikusiko diagu elkar?”

Eta euskaldunak  etiopiar kantariari:

“Astakte! Malikian bazatorrek uztailean
Elorriora. Animatzen?”

Etiopiarrak ordea kezkati:

“Baina Europan ez zaudete ba krisi larrian?”

Eta Maiak alai:

“Hala duk, bai, baina Arriolakoak manejatu
dituk aurten ere eta jaia prest zagok. Hator!”

Kontua da aurtengo uztailaren atarian beste
behin eraiki dela ohiko kultur-sarea eta sare horretan pozarren trabatu direla
musikariak, dantzariak, antzesleak, babesleak, laguntzaileak eta
antolatzaileak. Sekulako tropa!

Eta, aurten ere,  antolatzaileek enkargatu dituzte zeru garbiak,
ilargi beteak, haize epelak eta gaugiro sorginak. Kulturaren inguruan bildu
gaitezen aire irekian, udaberri usaina duen uda honetan.

Krisiak krisi, badator indartsu Musikaire,
udako jaialdia Elorrion. Zatoz zu ere eta gozatu! Sarrera ordainduta daukazu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Udagoien polita

Goiena, 2011.06.24

Udal berrien osaketak ez du aparteko
katramilarik sortu eta, oro har, argazki instituzionala bat dator hauteskundeen
emaitzarekin. Sanoa da hori.

Oraintxe Aldundiak daude labean eta hemen ere
zentzuzko emaitzak espero daitezke. Araban Ezker Batuak hautatuko du PP edo
EAJ, eta Nafarroan PSNk hobetsi du morroi izatea buruzagi baino. Beretzat
izango du kaltea.

EAEn gerta daiteke Aldundi bakoitza hiru
alderdi ezberdinek gobernatzea eta Jaurlaritza laugarren batek. Honenbestez,
lau erakundeak elkartzean nolabait martxan legoke alderdien mahai famatua.

Urrats hauek ondo gauzatuta, ezker abertzalean
politikak beteko du lan-esparru osoa, politika instituzionala ardatz duela.
Gero eta nabarmenago dira borroka armatua eta kale borroka iraganeko kontuak. Are
gehiago Arnaldo balego libre Sortu legeztatuaren gidari.

Udako oporren bueltan espero dut han-hemenka
maiz ikusiko ditugula normalizaziorako urratsak, elkarbizitzarako keinuak eta
aurrerapauso esanguratsuak. Ez da dena jai izango eta agertuko dira trabak edo
probokazioak. Baina heldutasuna somatzen dut, baikortasun heldua. Udaberri
itxurarekin aurreikusten dut udagoiena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina