Ziabogen ordua

Goiena, 2011.09.23

Batasuna ohiaren ziaboga osatzen ari da
iragarritako norabidean. Estrategiari buruz, inoizko argien mintzatu ziren
Bateragune epaiketan Arnaldo Otegi eta Rafa Diez bide soilik politikoen alde
eta borroka armatuaren zamatik libratu beharraz. Eta, hitzetik ekintzara,
Bilduri ardurak eta erabakiak hartzea tokatu zaionean ikusi ditugu ziabogaren
onurak, Kutxa Bank egitasmoan nabarmen.

Badirudi ziabogaren azken kolpeak izango
direla presoen posizionamendua eta erakunde armatuaren agurra, eta horiek
burutzean etorriko dela helmugarako txanpa indartsua.

Beste trainerua, estatu espianiarra, ez da
ziabogan hasi ere egin. Hainbeste errepikatuta norabide egokiarena, orain inork
ez du adorerik esateko biratu beharra dagoela helmugara iristeko. Zaila, beste
behin ere hauteskunde kanpainan egonda.

Eta ziaboga hasten ez duten bitartean
lehengoak jarraitzen du, Bateraguneren epai ankerra adibide. Epaitegiak
bahituta daude bunker politiko eta mediatikoaren eskutan eta lelo zaharrekin
diraute, begi bistakoa ikusi gabe.

Kontua da ziaboga egin eta helmugara bidean
jarri denak duela abantaila estropada irabazteko. Itsaso txarrenarekin ere.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Ziabogen ordua-ri

  1. Zein da helmuga? Zer dago han?

  2. egilea: mikel

    Helmuga Itaka da, aukera guztien lurraldea, utopia. Itakara bidea luzea da, abenturaz eta ikasgaiez betea. Eta bidean hartutako jakinduriak erakusten du, hain zuzen, bidea bera dela helmuga eta Itaka aitzakia dela, bidea egon dadin behar den jomuga, norabidea.

    Bakebidean eta independentziara bidean aurrera egin ahala ari gara eraikitzen elkarbizitza eta gizarte beregaina. Tarteko helmuga besterik ez dena, bide batez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude