Udagoien betea

Goiena, 2012.09.07

Ohikoa bihurtu zuen sindikalgintzak udazken
beroa iragartzea, lan-hitzarmenen negoziazioaren ildotik. Eta ez da aztia izan
behar antzemateko aurtengo udazkenak areagotu egingo dituela orain arteko
hondamendia eta herritar gehienon larritasunak, krisi zitala eta bere kudeaketa
eskasa direla medio.

Baina nik gurean zantzu baikorragoak ere
ikusten ditut. Unibertsoan omen diren zulo beltzen antzekoa izan da hemen armen
aroa eta haien antzera energia mordoa zurrupatu digu gure zulo beltzak urte
luzez. Hasten ari garen aro berrian energia hori erabilgarri izango dugu.
Halaber, lubakitik lubakira egin den politika zelai irekian egitera pasa
gintezke, eta horrek esparru komunak sortzeko eta indartzeko aukera lekarke.

Euskararen eta euskal hedabideen dinamikan
murgilduta nabilelarik, begibistan ditut zantzu baikorrak: irekitasuna,
lankidetza giroa, eraldaketarako gogoa… Ez, ez naiz inozoa. Badakit oro ez dela
urre, eta garai zaharrak ez direla oraindik gainditu. Baina ibaiaren beste
aldea bistaratzen hasi gara eta gure abileziaren baitan egongo da zubiak
eraikitzea. Enbata ahaztu gabe, lanez eta aukerez betea dator udagoiena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ideiak desarmatu

Goiena, 2012.07.06

Mahainguru bat hizkuntza politiken gainean.
Mahaian lau gizon garratz, gaiean gutxi-asko ibilitakoak. Ezagutza eta erabileraren
kontua lauren ahotan. Batak gora egin ahala besteak zergatik ez duen berdin
egiten. Eta bueltan-bueltan, lehergailua: “Euskaldun batzuk ez dute euskaraz
egiten ez dutelako nahi, eta eskubidea dute horretarako”
.

Burura etorri zitzaidan: “Eta esango bagenu
tratu txarra jaso eta salatzen ez duen emakumeak ez duela tratu txarra salatu
nahi?” Berehala letorke euskararena esan duen hori azalpenarekin: “Ez, ez,
badaude arrazoi estrukturalak hori azaltzeko, gizonen aldeko dominazio egiturek
utzi dute emakume asko konfiantzan ahul, ez dute aukera berdintasunik ikusten
gizonen parean jartzeko, menpekotasuna barneratzen dute eta horregatik jasaten
dute zigorra”
.

Euskaldunok ere ondo asko dakigu euskarak ez
duela aukera berdintasunik eta horrek zaildu egiten digula euskararekin nonahi
eta suelto ibiltzea. Eta horren atzean dominazio egiturak egon direla eta menpekotasuna
barneratuta daukagula. Hori guztia konpondutakoan, nahi ez duenak ez dezala
euskaraz egin. Bitartean, desarmatu ditzagun ideiak ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Zinema politikoa

Goiena, 2012.06.09

Bi euskal film tokatu zaizkit parean egunotan:
Gartxot eta Gazta zati bat. Lehena ikusia nuen estreinatu berritan, duela ia
urte bete. Besteari oraindik labearen epeltasuna dario.

Gartxot da begirada bat iraganari eta argi erakusten du historia zenbateraino den
ezberdina begiaren arabera. Memoria historikoa eta iraganaren kontakizuna denon
ahotan dabiltzagunean, XII. mendeko gertakari lazgarriak agerian uzten ditu
egungo egoerara ekarri gaituzten dominazio mekanismoak eta ahalegin genozidak.
Marrazki animatuak dira baina ez da haurrentzat egina, ez eta bihotz
bigunentzat.

Gazta
zati bat
gehiago da etorkizunaz hausnarketa,
dokumentalen moldean, eta aztertzen du Idiazabalen sortutako mugimendu bat
familia politiko ezberdinen artean erabakitzeko eskubidea bultzatzeko. Herri
kirola eta gazta oinarri hartuta, Eskoziarekin hainbat urtez landutako
harremana kontatzen da eta bidea eginez ekimenak izan duen garapena.

Bi filmak bete-betean dira zinema politikoa,
oraintxe behar dugun klasekoa. Hau da, bultzatuko gaituena epe luzeko ildoak herritarron
artean mamitzera, gero alderdiek eguneroko kudeaketan gauzatu ditzaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Goiena eta TOKIKOM

Goiena, 2012.05.11

2000. urtean eratu zen Goiena notario aurrean
eta urte berean hasi ziren emaitzak: telebista bateratua, Goienkaria
gehigarria, eta abar. Jauzi harekin sendotu egin zen Debagoieneko hedabideen
ibilbidea, zetozen erronkei aurre egiteko.

Egitasmo hark bazuen bailaraz gaindi eragiteko
borondatea. Gipuzkoan beste zazpi ‘goiena’ sortzeko plana ere landu zen
Aldundiarekin, nahiz azken orduan ez zen nahikoa indar metatu eta plana hustu
egin zen.

Orain TOKIKOM dator eginkizun horrekin, eta ez
Gipuzkoarako bakarrik, baizik Euskal Herrirako. Hamarkada bat beranduago toki
hedabideak bateratzeko premiak hor zirauen, galdutako denborak eta krisiaren
larriak areagotuta. Zorionez oraingoan elkarlana posible izaten ari da eta
bateratze bidean urrats esanguratsuak egin dira dagoeneko.

Egitasmo berriak asko jaso du Goienatik,
orduan arrakasta izan zuenak oraindik balio baitu, gutxienez erreferentzia
gisa. Eta asko jasoko du aurrerantzean ere, Goiena bazkide aktiboa izango
delako TOKIKOMen.

Finean, kontua da toki hedabideetan behintzat
hegemonia izatea helburu, hiztun komunitatearen mesedetan. Hain zuzen, Goienak
egin duen bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Tribuaren mezulariak

Argia, 2012.04.08

Andoain, martxoak 13. Martin Ugalde parkean, 50 euskal hedabidek agerraldia egin zuten,
sektorearen diagnostiko konpartitua plazaratzeko. Innobasque-rekin landu dute
Gipuzkoa Berritzen ekimenaren baitan, eta aurrean dituzten erronkei elkartuta
egin nahi diete aurre, eta erakundeekin elkarlanean.

Eskoriatza, martxoak 17.
HUHEZI fakultatean, 20 toki hedabidek TOKIKOM  enpresa eratu zuten, esparru komunak eraiki eta kudeatzeko,
solaskidetza bakarraz jarduteko eta integrazioa lantzeko. Talde hau
Andoaingoaren zati da: hura sektorea, hau azpisektorea.

Adi! Tribuaren mezulariak etorkizunera bidean abiatu dira.

Komunitateak eta komunikazioa. Mundu zaharrean geografiak eragiten zituen komunitateak, zonalde berean
bizi zirenak bihurtzen ziren komunitate. Baliabideak partekatzetik hasi eta
hizkuntza, kultura, nortasuna garatuz sortu dira munduko komunitate berezkoak.

Denboran aurrera, bidaiek jarri zituzten komunitate berezkoak
elkarrekin harremanetan eta bide batzuk komunitate izatera iritsi ziren
(Donejakue, Zetarena). Kultura idatzia ere izan da komunitategile handia.

XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia: koadrilarekin,
ahozkoa; sendiarekin, telefonoa, e-maila edo internet; barne-komunikazioa
enpresa eta erakundeetan, sare sozialak lagun taldean edo kidetasun ezberdinen
inguruan… Antzina ibai-bihurguneetan kolono multzoak finkatzen ziren bezala,
gaur komunitateak sortzen dira komunikazio-kanaletan, interes komun baten
errebueltan.

Hain da hau horrela, komunikazio-kanal propiorik eraiki ez duen
komunitate berezkoak kolokan duela biziraupena bera.

Mapatik atera. Une honetan bidegurutzean da euskararen komunitatea ere, gure tribua.
Ez da bidean galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Aurreko mapatik atera egin da,
eta berria behar du aurrera egiteko. Lurralde ezezagunean eskarmentuak balio
dio, baina lehengo mapak ez.

Besteak beste, mundu berrian ezinbestekoa du informazioa landuko duen
komunikazio-egitura propioa eraikitzea. Baditu osagai batzuk: hizkuntza
garatua, herri ekimenez sortutako hedabideak, erakunde ahalmendunak,
teknologiaren ezagutza, etorkizunaz kezka… Orain behar ditu beste bi:
norabide argia eta lankidetza.

Norabidea. Iraultza digitalak hankaz gora jarri zituen komunikazio eredu
tradizionalak eta krisi ekonomikoak errematatu egin du aberia. Telebista
publiko asko kolokan dago, egunkari handiek ez dakite nola eutsi negozioaren
gainbeherari, publizitateak nekez egiten du paperetik internetera…

Gure hedabideek –gehienek- ez dute gerribueltan gantz handirik, mehe daude
estualdian irauteko. Eta kezka argia dute etorkizunari buruz. Horregatik jarri
dira aurrera begira, hausnarrean, norabide argia marraztu asmoz.
Erakundeengandik ere laster batean espero dira ekarpenak. Guztia uztartzea
izango da hurrengo lana, ereduaren hezurdura partekatzea, norabidea adostea.

Lankidetza. Euskal hedabideak –oro har- ez dira negozio. Eta horrek badu alde on
bat: hedabideon atzean ez dago Murdoch edo antzekorik, herri ekimena baizik.
Gure hedabideek funtzio sozial bat dute helburu nagusi: euskararen komunitatea
sendotzea. Eta hor dute interes komuna beren artean eta herri erakundeekin.

Gauzak horrela, une ezin egokiagoa da interes komunari forma emateko,
eredua konpartitzeko, lankidetza finkatzeko. Oraintxe da ordua euskal
hedabideen gaia trifulka politikotik ateratzeko eta jarduera kontzertatuen
lerroan sartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hedabideak lankide

Goiena, 2012.04.04

Mugimendu esanguratsuak ari dira gertatzen
euskal hedabideen esparruan. Alde batetik, herri ekimeneko guztiak elkartuta
agertu dira beren egoerari buruzko diagnostiko komun bat aurkezteko. Urtebete
luzea eman dute hori lantzen, Innobasque-ren eskutik, eta aurrerantzean ere
lankidetzan jarri dute giltza, bai beren artean eta bai erakundeekin.

Bestalde, Topaguneak eta hainbat toki
hedabidek –Goiena barne- TOKIKOM
enpresa sortu dute, esparru komunak kudeatu, solaskidetza bakarrarekin jardun
eta integrazio funtzionala bultzatzeko helburuarekin.

Bi dinamikak batera doaz eta azken helburua
lukete euskararen komunitateak behar duen egitura komunikatibo beregaina
eraikitzea. Ezinbestekoak ditugu gutaz eta gure kontuez euskaraz arituko diren
komunikazio sare sendoak, komunitate moduan iraungo badugu.

Ez dut ahaztu nahi EITBren gaurko eredua ere
bere azkenetan dagoela, eta hauteskundeen ondoren etorriko dela seguru
birmoldaketa sakona. Euskal hedabideen sektoreak kontuan izan beharko du hori,
eta bere etorkizuneko diseinuan tokia egin talde publikoaren bilakaeratik etor
daitekeenari. Soilik lankidetzan iraungo dute, dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Dona-dona katona

Goiena, 2012.03.09

Jokoz kanpo nor utzi erabakitzeko jokotxoa
zen. Kantuaren azken silaba nori egokitu, hura geratzen zen kanpoan.

Euskal politika ere dona-dona dabil,
hauteskundeei begira. Berez urte bete falta da, baina ez harritu udazkenera
aurerratzen badira. Esango nuke politikarien buruetan dena dela kalkulua,
alegia, zelan jokatu arerioa jokoz kanpo uzteko.

Rajoy eta Basagoitik ez diote Amaiurri inongo
saririk eman nahi hauteskunde aurretik, ez dadin nagusitu. Agian Sortu legeztatuko
du epaitegiak, baina nekez ikusiko dugu Arnaldo kalean edo presoak hurbiltzen.

EAJ ere bat dator interes horretan, eta
goxoago ibiliko da hurrengo hilabeteetan PPrekin beste inorekin baino. Ikusi
egin behar ea elkarrekin gobernatzeko aukera ematen zaien.

Sozialistek aukera tristeak dituzte aurrean:
edo legealdia agortu –haien eta ekonomiaren agonia luzatuz- edota hauteskundeak
urrian deitu -2013ko aurrekontuak gobernu berriak egin ditzan-
lehendakaritzaren gozoa aldi luze baterako galduz.

Amaiur/Bilduk gustura hartuko luke
aurrerapena. Kudeaketaren ajeak hasi baino lehen, hogeitamaika eskutik egin eta
ilusioaren botoa jasotzeko. Dona-dona katona

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Arriskuak aukera

Goiena, 2012.02.10

Autolaguntzako gidetan gehiegi erabiltzen da,
baina egungo edozein analisik erakusten du oraindik balekoa dela. Ondo baino
hobeto dakite hori espekulatzaileek, alegia, arriskurik handiena dagoen toki
berean dagoela irabazi neurrigabeen aukera.

Ni gizarteaz ari naiz, gure gizarteaz. Eta
uste dut irabazi sozialak lortzeko ere arriskuen aurrean uzkurtu baino hobe
dugula aukerak probesteko jarrera hartzea. Areago, esango nuke neurri batean
ari garela.

Eragile ekonomiko batzuk elkartasunez jokatzea
aukeratu dute krisiaren ondorioen aurrean, eta berrikuntza sustatzea edota
merkatu berriak irekitzea. Balio horiek gero ere mesederako izango dituzte.

Euskalgintzan hausnarketa serioak irakurri
ditut, hizkuntza-sistema gero eta konplexuago batean euskarak bizirauteko behar
dituen estrategien gainean. Euskarazko hedabideak ere elkar hartzeko bidean
dira,  hizkuntza komunitatearen mesedetan.

Debagoienean, dinamika horiez gain sortu beste
ekimen bat –Bagara– eskualdea trinkotzeko helburuarekin, errepidez mundua
eskura izatearen arriskuari erantzuteko.

Badakit, oro ez da urre. Baina uste baino urre
gehiago dago zapaltzen dugun lurrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mugituko ditugu

Goiena, 2012.01.13

Handia izan zen larunbatekoa Bilbon. Alde
bateko lana ondo ari da garatzen, hiru urtean ez da egon (agerian behintzat)
atzera pausurik. Beste aldeari kostatzen ari zaio. Rajoy ez da ausarta, hobe
amets handirik ez egitea. Baina leloa ere ez da, komeni zaionean zerbait egingo
du.

Eta komeni zaio, Europak ez dago soilik Espainiako
defizitari begira. Iritzi publikoa oso muturrera joanda dauka eta estu hartuko
dute. Baina leloenak ere badaki ETA desagertzea ezinezkoa dela zientoka preso
espetxean dauden bitartean; eta zirrikituak ireki beharko direla, berandu baino
lehen. “Estatuak jakingo du eskuzabal izaten” entzun izan diegu.

Hori baino lehen, ordea, eskubideak daude. Eta
Bilbon eskubideak aldarrikatu ziren. Espainian diote legea bete behar dela.
Hemen ere horretan gaude: espetxe politikaren gainetik berma daitezela legeak presoei
aitortzen dizkien eskubideak. Eta horretarako ez da behar presoen urratsik;
nahikoa da gizalegea, behin jakinda jardunbide armatua amaitu dela betiko.

Udazkenean EAEko hauteskundeak espero
daitezke, giro eskasa politikariei ganora eskatzeko. Baina aurten gauzak
mugituko dira, mugituko ditugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Debagoieneko Tobera

Goiena, 2011.12.16

Bizarra uzten hasi nintzenean ingurukoek ez
zuten ezer somatu. Gehienez ere botako zidaten: “Hainbeste denbora libre eta
bizarra egiteko astirik ez?” Baina bizarra mostatxo bihurtu zenean azalpenak
ematen hasi behar izan nuen, begirada arraroak ikusten bainituen. “Antzerki
moduko bat… Arrasaten… Gabonetan…”

tobera-1

Orain argitu da misterioa. Tobera bat egingo
da Amaia antzokian, abenduaren 28an. Debagoienean lehen aldiz emango da –Bagara ekimenaren baitan- Zuberoan gorde
eta Lasarten suspertu den herri-antzerkiaren molde hau. Kontua da gizartearen
arazoak azaleratzea eta umorez jorratzea, konpondu edo gainditu asmoz, beti ere
elkarbizitza hobetze aldera.

Debagoiena komunitate gisa sendotzea da azken
helburua, jarduera ekonomikoan izan duen garapena gizarte ehunean ere gerta
dadin. Mendetako historiak sortutako gizarte ehuna izan da garapen
ekonomikoaren oinarri, baina hamarkada gutxi batzuk nahikoa izaten ari dira
gure ekosistema ahultzeko eta ongizatea bera kolokan jartzeko.

Antzerki umoretsuak ez ditu aje guztiak
konponduko, baina lagundu diezaguke gure arteko liskarrak gainditzen,
elkarrekin aurrera egin dezagun.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina