Tribuaren mezulariak

Argia, 2012.04.08

Andoain, martxoak 13. Martin Ugalde parkean, 50 euskal hedabidek agerraldia egin zuten,
sektorearen diagnostiko konpartitua plazaratzeko. Innobasque-rekin landu dute
Gipuzkoa Berritzen ekimenaren baitan, eta aurrean dituzten erronkei elkartuta
egin nahi diete aurre, eta erakundeekin elkarlanean.

Eskoriatza, martxoak 17.
HUHEZI fakultatean, 20 toki hedabidek TOKIKOM  enpresa eratu zuten, esparru komunak eraiki eta kudeatzeko,
solaskidetza bakarraz jarduteko eta integrazioa lantzeko. Talde hau
Andoaingoaren zati da: hura sektorea, hau azpisektorea.

Adi! Tribuaren mezulariak etorkizunera bidean abiatu dira.

Komunitateak eta komunikazioa. Mundu zaharrean geografiak eragiten zituen komunitateak, zonalde berean
bizi zirenak bihurtzen ziren komunitate. Baliabideak partekatzetik hasi eta
hizkuntza, kultura, nortasuna garatuz sortu dira munduko komunitate berezkoak.

Denboran aurrera, bidaiek jarri zituzten komunitate berezkoak
elkarrekin harremanetan eta bide batzuk komunitate izatera iritsi ziren
(Donejakue, Zetarena). Kultura idatzia ere izan da komunitategile handia.

XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia: koadrilarekin,
ahozkoa; sendiarekin, telefonoa, e-maila edo internet; barne-komunikazioa
enpresa eta erakundeetan, sare sozialak lagun taldean edo kidetasun ezberdinen
inguruan… Antzina ibai-bihurguneetan kolono multzoak finkatzen ziren bezala,
gaur komunitateak sortzen dira komunikazio-kanaletan, interes komun baten
errebueltan.

Hain da hau horrela, komunikazio-kanal propiorik eraiki ez duen
komunitate berezkoak kolokan duela biziraupena bera.

Mapatik atera. Une honetan bidegurutzean da euskararen komunitatea ere, gure tribua.
Ez da bidean galdu, baina ez du etorkizuna ziur. Aurreko mapatik atera egin da,
eta berria behar du aurrera egiteko. Lurralde ezezagunean eskarmentuak balio
dio, baina lehengo mapak ez.

Besteak beste, mundu berrian ezinbestekoa du informazioa landuko duen
komunikazio-egitura propioa eraikitzea. Baditu osagai batzuk: hizkuntza
garatua, herri ekimenez sortutako hedabideak, erakunde ahalmendunak,
teknologiaren ezagutza, etorkizunaz kezka… Orain behar ditu beste bi:
norabide argia eta lankidetza.

Norabidea. Iraultza digitalak hankaz gora jarri zituen komunikazio eredu
tradizionalak eta krisi ekonomikoak errematatu egin du aberia. Telebista
publiko asko kolokan dago, egunkari handiek ez dakite nola eutsi negozioaren
gainbeherari, publizitateak nekez egiten du paperetik internetera…

Gure hedabideek –gehienek- ez dute gerribueltan gantz handirik, mehe daude
estualdian irauteko. Eta kezka argia dute etorkizunari buruz. Horregatik jarri
dira aurrera begira, hausnarrean, norabide argia marraztu asmoz.
Erakundeengandik ere laster batean espero dira ekarpenak. Guztia uztartzea
izango da hurrengo lana, ereduaren hezurdura partekatzea, norabidea adostea.

Lankidetza. Euskal hedabideak –oro har- ez dira negozio. Eta horrek badu alde on
bat: hedabideon atzean ez dago Murdoch edo antzekorik, herri ekimena baizik.
Gure hedabideek funtzio sozial bat dute helburu nagusi: euskararen komunitatea
sendotzea. Eta hor dute interes komuna beren artean eta herri erakundeekin.

Gauzak horrela, une ezin egokiagoa da interes komunari forma emateko,
eredua konpartitzeko, lankidetza finkatzeko. Oraintxe da ordua euskal
hedabideen gaia trifulka politikotik ateratzeko eta jarduera kontzertatuen
lerroan sartzeko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude