Enpresak sortzeko

goiena2014.09.05

Izango dira 50 urte Ormaiztegiko gure etxean lehen gas sukaldea sartu zela. Zumarragan egina, Esteban Orbegozoren enpresan. Sasoi hartan enpresa asko garatu zen Goierrin: Orbegozo bera, Patricio Echeverria, Aristrain, gure familiaren karrozeria…

Halako batean Orbegozo familiak enpresa eskualdatu zuen eta hainbat talde pasatu ondoren iritsi da Arcelor Mittal taldearena izatera. Mittal jaun indiarra munduko aberatsenetakoa da eta egunotan jakinarazi du Zumarragako lantokia sei hilabetez itxiko duela, errentagarria ez delako.

Orbegozori Zumarraga inporta zitzaion, Mittali bat ere ez. Eta arazoa da munduan mittalak direla nagusi eta gurean orbegozorik ez dela sortzen. Zenbat gaztek 25-30 urte bitartean nahi du hemen enpresaburu izan? Baldintzak jarri ditugu nahi hori uxatzeko eta gure industria ehunaren zaharberritzea kolokan dago.

Bakarka ez bada, kooperatiban saiatu beharko genuke. Beti da egitasmo bat egingarriago arriskuak partekatuta eta lankidetzan jardunda. Baina kooperatibak ere zaharberrituaren premian daude, aje galantak gainditu beharrean. Ea urriko kongresuak zer ematen duen. Nik oraindik sinistu nahi dut.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude