Ohi bezala, data jakin baten inguruan –Imanol zendu zela 10 urte- kantariaren ibibidea izan dugu gai nagusi egun pare batez. Bihartik aurrera berriro ahaztuko dugu, hurrengo data esanguratsua iritsi arte.
Kantaria mirestu egiten dut, pertsona apenas ezagutu nuen. Baina haren urteurrenaren argitan nire iragana errepasatu nahi nuke.
Imanolen peripezia hiperbolikoa da, muturrekoa –ETAren alde aurre-aurrean, aurka ere bai- eta musikaria zen aldetik, agerikoa. Etsai asko eta lagun gutxi egin zituen bidean, eta dirudienez bakardadeak hil zuen gizona, gaitza lagun.
Imanolen ibilbideaz egin den irakurketan nagusitu dira ETAren ortodoxia apurtzeagatik izan zituen arazoak –‘sexta’n sartzea edo Yoyesen alde agertzea- eta euskal gizarteak ez zuela izan halako jazarpenari aurre egiteko adina kemen. Bistan da Imanol bihurtu dela jazarpen mota baten ikono, baina nire esperientziak diosta modu askotako indar ezkutuak ibili direla gure artean, eta gutariko askorengan izan dutela eragina.
ESBko militante nintzen 70eko hamarkadaren amaieran eta egokitu zitzaidan bultzatzea lehenik Altsasuko Mahaiaren sorrera eta gero Herri Batasunarena. Eta ez dauzkat ahazteko HBren baitan KASeko komisarioek egin zuten lana –eta azpilana- harik eta egitura berria kontrolatu zuten arte. Eta politika egituretatik aldenduta herrigintzan jarraitu dudalarik, beste hainbatetan ikusi ditut antzeko joko ilunak eta sektakeria itsua. Imanolena muturrekoa izan zela aitortuta, beste askorentzat ere ondo zaila izan da herrigintzan aritzea egitura eta ortodoxietatik kanpo.
Hori horrela esanda, badirudi ezker abertzalean egon dela soilik jazarpen ideologikoa eta kontrol gosea. Baina bide luzean tokatu zait –eta ez behin bakarrik- boikot jeltzaleak ere probatzea, hauek agintetik eginak. Logika sinple batek gidatuta: ‘herri mugimendua dago ezker abertzaleak kolonizatuta, eta hau herri ekimen baten izenean dator, beraz ezker abertzalekoa da, etsaia’. Noski, saiakera egin izana bera susmagarri zen beste aldekoentzat eta oraindik ere esango nuke zenbaitentzat Sabin-etxeako urpekaria naizela.
Zorionez, garai berri batean gaude eta iragana behar dugu soilik eskarmenturako, ez mendekurako. Hainbeste esaten dugunean konfiantza esparruak eraiki behar ditugula denon artean, gogora dezagun ze portaera ez diren errepikatu behar.
Zorionez, egunotan Imanolen peripezia gogorarazi diguten lagun eta ingurukoak ere aurrera begira aritu dira, oroitzapenak indar eraikitzaile bihurtuta.
Iragana dugun bezala, badugu etorkizunik.
Mikel, zure iragana eta beste askorena. Motxila ondo arindu duzu e? Gustura zabalduko nituzke zure hitzak lau haizetara, Baionatik Bilbora… Eskerrik asko
Mikel, gogora ekarri didazu beinhola, Xabier Arzalluzek baietz esan zigunekoa herri ekimenez sortutako herri astekarian elkarrizketa egiteko. Sabin Etxera joan ginen eta sartu orduko bota zigun, bere tono ezagun hartan: “zuek HBkoak izango zarete! Esan lasai, ni PNVkoa naiz!”. Ez daukat ahazteko une hartan bizi izan genuena, ze, ez genuen, boteprontoan behintzet ez, horrelakorik botako zigunik espero.
Egia esateko, aukera gutxi zegoen orduan ere; A edo B. Esango nuke, gehiago behar zela uste genuen haietakoa ginela geu ere… Baina ez zegoen artean bestelako aukera abertzalerik eta, han geratu ginen,harik eta “benga, benga, goazen elkarrizketa egitera”.
Etiketadun herria da gurea, harena ala bestearena zinen, kontrakoa esan bitartean…
Epa bikote! Gaur arte ez ditut ikusi zuen mezuak, barka. Marijo, Arzalluzen kontua ezagutzen nuen, bai, jeneral zaharrek mapan ‘gureak’ eta ‘besteenak’ markatzen dituzten manerekin. Ikuspegi baten oso adierazgarria da, dudarik gabe.
Eta Ima, zabaldu beharko ditugu adiskidantza hitzak, Baionatik Bilbora, lau haizetara eta mendian gora. Bidea dugu egiteko normaltasunerantz, eta ez soilik hizkuntzaren esparruan.
Animo bioi!
Herri honetako, bateko eta besteko komisarioak batuz gero, datozen 50 urteetarako bakeroen filmeak egiteko lehengaia sobera!