Bihar goizean hasiko naiz parte hartzen Radio Euskadiko Boulevard saioaren tertulian. Alde batetik Euskaltzaleen Topagunean kargua utzi zain egon naiz horretarako. Baina bestetik, uste dut bizi osoa behar izan dudala gaztelaniazko hedabide baten kolaboratzaile bihurtzeko. Orain arte soilik euskarazkoetan artiu bainaiz. Zergatik jauzia?
Irratiko arduradunek deitu zidaten. Euskal ikuspegia duten tertuliakideak nahi zituzten, gu euskarazkoetan bakarrik jardunda haietan erdal ikuspegikoak nagusitzen direlako. Eta kezka da euskal komunitatea ez dela ikusarazten euskaraz ez dakitenen artean.
Kezka hori badut nik ere euskaltzale moduan eta horretaz hasi gara hitz egiten Topagunearen inguruetan. Euskara elkarteen sorreran, duela 30 urte, ezinbestekoa zen euskararentzat espazioak irabaztea, gaur egun arnasgune deitzen ditugunak eraikitzea. Horregatik, gure elkarteetan eta hedabideetan hobetsi zen euskaraz soilik aritzea. Eta hamarkada hauetako perspektibarekin uste dut asmatu egin dugula horretan, hainbat espazio irabazi dugula eta hizkuntzaren hainbat funtzio normalizatu. Gaur egun euskaltzale askok dauka hizkuntza kontzientzia indartsua eta praktika koherentea.
Baina trinkotze hori ez da batera joan erdaldunak euskarara hurbiltzeko eginkizunarekin. Gu euskaraz bakarrik ari ginen bitartean, beste asko gaztelaniaz bakarrik aritu dira, baita sortzez euskararen alde egiteko konpromisoa zuten hedabideak ere. Eta horrela garatu da baskoaren espeziea, euskara existitzen denik ere ohartu gabe bertako hiritar oso sentitzen dena. Eta gehiago dira, eta inertzia alde dute.
Horregatik dabil kezka han-hemenka eta horregatik deliberatu dut gaztelaniaz ere aritzea. Irabazi dugun sendotasunetik zubiak eraiki behar ditugulako erdaldunak euskarara hurbildu daitezen. Hain zuzen, sendotasun horri esker arriskurik ez dagoelako zubiak alderantzizko funtzioa bete dezan, ni gaztelanian murgilduz.
Uste dut hizkuntza irizpideekin esperimentatu egin behar dugula, badugula horren premia. Trinkotzea eta hedatzea biak ditugu beharrezko, aldekotasuna ezinbesteko baldintza du euskarak aurrera egiteko.
Ea nola doan esperientzia.
Konforme!
Nik ere kezka hori nerabilen buruan egun hauetan. Iruñean, batzuetan iruditzen zait hau gertatzen dela:
Euskararen aldeko taldeek euskarari buruzko salaketa bat egiten dute. Diario de Noticiasek kazetari euskaldun bat bidaltzen du (Diario de Navarrak inor ez), eta gero berria euskaraz argitaratzen, euskarari buruzkoa denez!.
Kontuan izanik euskaldunak %12 omen garela (uste dut “Tribuaren berbak” saioan hala esan zutela), eta horietako askok ez dutela euskaraz irakurtzeko ohiturarik (alfabetaturik ez daudelako edo ikastolatik atera zirenetik euskaraz deus ez dutelako irakurtzen)… Zenbatek izanen dute horren berri?
Bestalde, erdarazko egunkari batek emanen luke, adibidez, irailaren 11ko atentatuen berri euskaraz? Bai zera! Hori sobera inportantea da horretarako!
Nire uste apala (edo ez), baina bihotz onez:
1. Euskaldunok Euskal Herrian, eta bereziki EAEn, espainol elebakarrei espainolez egiten diegun aldi bakoitzean ematen diegu aitzakia bat gehiago euskara ez ikasteko, eta euskarara ez hurbiltzeko.
2. V. mapa soziolinguistikoaren arabera (atzo), EAEko 5 urtetik gorako biztanleon %56k ‘ondo’ ulertzen dugu euskaraz, eta beste %44ak zer edo zer ere ulertu lezake. Gehiengoak ulertzen badizu, eta besteek ere agian zer edo zer, uste dut ez daukazula aitzakiarik, Radio Euskadin ere, espainolez aritzeko. izatekotan radio Euskadik eskatu beharko lizuke, beste batzuek nahi duten hizkuntzan ari diren bitartean, zuk beraiekin beste gabe euskaraz jardun ahal izatea, espainol zaleek ere behingoz ohitzen hasi beharko duten elkarrizketa ‘asimetriko’ batean.
Elebakarrek, edota are elebidun ‘erdaldunek’ soilik emango dute euskalduntzeko pausua guk beharra sortzen badiegu. Bestela, beraiek ari dira irabazten. Eta zuk joko horretan sartu nahi baduzu, zure kontua da, noski, baina, nire ustez, eta nire uste soilik beti, euskaldunion kaltean.
Barkatu’ konfiantzagatik’ eta agian hitz gogorrengatik
Maitasunez
Bittor
Aupa Bittor eta Mintxo!
Barkatu zuen iruzkinak orain arte argitaratu gabe egon badira. Baimen zain zeuden baina ez dut abisurik jaso, gaur konturatu naizen arte. Barka!
Bistan da Mintxorekin bat natorrela eta Bittorrekin ez. Hiru aste pasa dira hasi nintzenetik, hiru tertulia, eta denak ere tentuz ari garen arren, irudipena daukat besteen ‘erosotasun esparrua’ urratzen hasi ote den dagoeneko. Lehen tertulian euskaltzale moduan aurkeztu ninduten eta justu parean tokatu zen azken neurketa soziolinguistikoa. Eta, agian ez oso biribil, baina gure hainbat ikuspegi azaldu ahal izan nituen. Barne komunikazioetan ere nik euskaraz egiten dut.
Kutxan izandako esperientziak erakusten dit urrats horiek eraginkorrak direla, zubia eskainita beste ibarrekoak -batzuk- mugitu egiten direla. Han pare bat urteren bueltan emaitza esanguratsuak etorri ziren. Ea oraingoan!
Pingback: Mikel Irizar lagunarekin hitz-aspertuan