Goiena, 2014.03.28
Otsailaren amaieran utzi nion TOKIKOMen presidente izateari eta bi aste barru utziko diot Euskaltzaleen Topagunearen ardura gorenari. Bi urte bete-bete eman ditut bi lanetan, eta orain azken txanpan nabil gauzak ahalik eta txukunen utzi nahian atzetik datozenei.
Balorazio luzeetarako tokirik ez, eta bi urteko ibilian izan dudan sentipen nagusia azpimarratu nahi dut: euskaltzale asko ari da mugitzen, euskararen lurralde osoan. Erantzukizun puntu bat sumatzen da, egindako bideari sabai batzuk agertu zaizkiolako. Ilusioa ere nabari da, diskurtsoak eta estrategiak berritzeko bideak jartzen ari direlako. Eta batez ere deigarria egin zait lankidetzarako dagoen borondatea, sarean jarduteko prestutasuna nagusi da nonahi.
Hurrengo urteetan landu beharko ditugu zoru komunak, izaera eta ikuspegi ezberdineko pertsonak euskararen alde eroso egoteko modukoak. Eta urratu beharko dira sabaiak, lehen oso goi zeudenak eta normalizazioan egindako urratsei esker orain traba egiten dutenak.
Ziklo aldaketa bizitzea egokitu zait, zaharraren baitatik berria nola jaiotzen ari den ikustea. Eta erditze minak gora behera, asko gozatu dut.