Goiena, 2011.10.21
Ez da oso luzea baina bai mardula bere
sinpletasunean. Eta ez da asko aldentzen orain baino lehen ezagutu ditugun
proposamenetatik, baina oraingoak hurrenkera argia ezartzen die aldeek egin
beharreko urratsei. Itxura guztien arabera, Donostiako konferentzia mugarria
izan daiteke -oraingoan bai- atzera bueltarik ez duen bidean.
Bi arrazoi ikusten ditut baikortasunerako.
Lehena, ezker abertzalea etengabe aurrera egiteko erakusten ari den erabaki
argia, sasi guztien gainetik. Ze irudipena daukat orain baino lehen abiatu
diren prozesuetan ez dela egon oraingoan nabari den barne-sendotasuna esparru
horretako kolektibo ezberdinen artean.
Eta bi, bake konferentzia berak eman duen
irudia: nazioarteko ordezkari garrantzitsuak, mugaren bi aldeetako alderdi
gehienak, euskal sozialisten derrepenteko ziaboga… Indar asko ikusi dut hor
metatuta, nahikoa –espero dut- adierazpenak eskatzen dituen urratsak eragiteko.
Horregatik, mundua hankaz gora jartzen ari den
honetan, gauza ederra da gurean ilusioa pizten duten albisteak jasotzea, gero
eta sarriago. Gurdiari denok bultz egiteko ordua da, oraingoan bai, koska hau
gainditu dezagun.