Goiena, 2011.09.19
Finantza-sistema espainiarra hankaz gora jarri
dute azken bi urteotan. Espainiar bankuak eta munduko merkatuak bat etorri dira
kutxen eredua suntsitzeko interesean eta gobernuak irmo gauzatu du haien
agindua.
Ekosistema eraldatuan ia ezinezkoa da
finantza-jardueran lehiatzea kutxa egiturarekin. Agian 2008ko bategitea gauzatu
izan balitz, kutxa hark irauteko aukera izango zukeen. Oraingo egoeran ez zen
posible gainditzea aldi berean lege araudien oztopoak eta kontsentsu politikorik
eza.
Eta aukeratu da bide posible bakarra:
ekosistemak lehenesten duen tresna (bankua) baliatu finantza-jarduerarako, jabetza
eta kontrola kutxen eskutan mantenduz, gizarte ekintzari eusteko helburuarekin.
Bildurekin lotu den akordioan bermeak sendotu
egin omen dira. Dokumentuen faltan, ezin jakin zenbatekoa izan den eragin hori,
baina norabidea gizarte nahiarekin bat datorrenez, izan bedi ongi etorria.
Gainera akordioak badu beste balio erantsi handi
bat: adostasuna bera. Oso gauza gutxitan jartzen dira ados gure lau alderdi
politiko nagusiak eta, kutxen inguruko katramilak gogoratuta, ezinezkoa lortu
da oraingoan. Are gehiago hiru kutxetako gehiengo sindikala ere Kutxa Bank-en
alde jarri denean.
Seguruenik ez da inork amestutako egitasmoa,
eta baditu arriskuak. Baina hain zuzen herritarron, bezeroon eta langileen
artean kontrolatuko dugu bankua. Gure inplikazioa erakunde berriarekin, hori da
arriskuak sahiesteko bermetik sendoena, paperetatik haratago.